Polizia serieak (1)

Jartzen naiz pentsatzen zein polizia serie ikusi ditudan gustura The wire zoragarriaz aparte, eta mordoa datorkit burura arrapaladan. Nondik hasi? Zerrenda txukuntxo bat proposatu nahi badut, saiatu beharko dut ederki.

Hasteko, nagusiki bi motatako polizia eta ikerlari serieak bereiztuko ditut.

Alde batera kasu baten edo batzuen  inguruan antolatutakoak, polizia gutxi batzuren ekinbidea erakusten duten horietakoak. Normalean protagonista bat edo bi edukitzen dituzten horietakoak, Kurt Wallander esaterako.

Beste alde batera serie koralagoak jarriko ditut, protagonista nagusi batzuk ukan arren, polizia-talde edo multzo baten ibileren kontakizuna izaten dute ardatz honelakoek. Adibide bikaina izan liteke 80etan ezagutu genuen Hill street blues bikaina.

Kasu baten edo batzuen inguruan eraikitakoak.

Burura lehenik datorkidanetako bat The killing estatubatuarra da. Jatorrizko daniarra hasi nintzen ikusten, baina, azkenean, amerikarren bertsioarekin jarraitu dut, neuk ere ez dakidalarik zergatik, bikaina baitzen daniarra. Eginda dauden hiru denboraldietatik, gordeta daukat hirugarrena halako batean playari emateko.

Erakargarria da serie honen iluntasuna, emakume protagonistaren bakardadea eta lanean jartzen duen obsesioa.

(Gaztelaniaz bikoizturik, gaztelaniaz azpidatzirik)

The Killing (Season 2)

The killing

Aipatu seriearen iluntasuna berdindu edo gainditzen duenik bada, ordea. Bron-broen du izena, Zubia, alegia. Estatubatuarrek ere egin dute serie honen bertsioa The bridge, baina kasu honetan jatorrizkoa da ikusi dudana.

Seriea erdibana egin dute daniarrek eta suediarrek. Gustu txarreko txistea barkatzen bazait, dena dago serie honetan erdibanatua, baita argumentuaren hari nagusia ere: Danimarka eta Suedia lotzen duen zubiaren erdi-erdian, gorpu bat ageri da erdibiturik, hankak Suediara eta enborra Danimarkara dituela. Bi poliziak ikertu beharko dute kasua. Bata daniarra da eta bestea, nola ez, suediarra.

Lehen denboraldian hamaika atalez osatutako serie honen  bigarren aldia egiten ari ei dira orain. Desiratzen nago ikusteko.

(Gaztelaniaz azpidatzirik)

bron-broen-sofia-helin-kim-bodnia-the-bridge

Bron-broen

Sukar eskandinabiarrekin jarraitzeko, ezin ahantzi Millenium trilogia gogoangarria, Stieg Larssonen obran oinarritutakoa.  (Ez nahastu beste Millenium harekin).

Kasu honetan ia ez dago poliziarik, kazetari bat baita ikertzaile nagusia. Hala ere ez dio honek itzalik egingo benetako protagonista den, Lisbeth Salander izeneko neska punk eta soziopatari. Liburuak ez ditut irakurri eta ez nezake aldera, baina argumentuak bezainbat eduki ninduen harrapatuta hiru ataletan zeharka erakusten den gizarte suediarraren exotismoak.

(Gaztelaniaz bikoizturik)

lisbeth_salander_noomi_rapace

Millenium trilogia

Gaurko bidaia eskandinabiarra amaitzeko, Sautrelan ezagutu genuen Henning Mankell maiteak asmatutako Wallanderren  aipamena nahi nuke egin. Bai, esan didate suediarrek eginiko Kurt Wallander seriea hobea dela, baina niri BBCren Wallander egokitu zait ikustea.

Wallanderren pertsonaia oso maitea nuen, ia uda guztietan irakurtzen baitut bera protagonista duen libururenbat eta, egia, Kennet Branagh aktoreak lan ederra egiten duela iruditu zait, ederki pasarazten duela bere barneko mundu ezkor bezain beltz hori.

(Gaztelaniaz bikoizturik, gaztelaniaz azpidatzirik)

wallander2

 Wallander

Zerrendatze arrapaladako hau amaitzeko bi serie ekarriko ditut —biak ere miniserieak—, aipamena besterik ere egingo ez badut ere. Biak bikain askoak:

Lehena da Broadchurch,

The broadchurch detectives

Broadchurch

eta The lake bigarrena, Jane Campionek (Pianoa) zuzendutakoa. Hauxe gaurkoz azkena.

top-of-the-lake-jane-campion-en-eaux-troubles,M106980

The lake

Era koralagoan antolatutako polizia serieak, datorren barikuan aipatuko ditugu, hainbeste hilketaren artean bizirik irteten bagara, behintzat.

ORAIN ARTE AIPATUTAKO SERIEAK ALFABETIKOKI:

  • Borgen (8,5/10)
  • Breakind bad (8,5/10)
  • Bron-Broen (8/10)
  • Broadchurch (7,5/10)
  • Millenium (7,5/10)
  • Orange is the new black (6,5/10)
  • Sopranotarrak (9/10)
  • The lake (7,5/10)
  • The killing (8/10)
  • The Wire (Entzuketa) (8,5/10)
  • Wallander (7/10)

ORAIN ARTE AIPATUTAKO SERIEAK PUNTUAKETA GUZTIZ SUBJEKTIBOAREN ARABERA:

  • Sopranotarrak (9/10)
  • Borgen (8,5/10)
  • Breakind bad (8,5/10)
  • The Wire (Entzuketa) (8,5/10)
  • The killing (8/10)
  • Bron-Broen (8/10)
  • The lake (7,5/10)
  • Broadchurch (7,5/10)
  • Millenium (7,5/10)
  • Wallander (7/10)
  • Orange is the new black (6,5/10)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Polizia serieak (1)”-ri buruz

  • Ez naiz telebistazaleegia. Serieek ere ez ohi naute harrapatzen… Baina The Killing izugarri ona iruditu zitzaidan, bai.

  • The killing-ena gure etxean sukar edo eldarnio antzekoa izan zen. Aktore bikain bikainak, suspentsea. Haren laguna ere bai, baina pertsonaia nagusia, Linden, liluragarria. Asko gustatu zitzaizkigun, hiru denboraldiak.

    Bron-Broen hori maila berekoa bada, hortaz, fitxerora.

    BBCren Wallanderrena atsegina da, baina beste kontu bat da, beste erritmo bat, trama korapilotsurik gabekoa, askozaz ere zentratuagoa pertsonaiaren tribulazioetan.