Pierre Lhande beti aipagai

Pierre Lhande beti aipagai –

Pierre Lhande garrantzi handiko pertsonaia dugu gure kulturan eta gure literaturan. Baionan sortu bazen ere, zuberotarra zen odolez eta atxikimenduz, eta Zuberoari eskaini zizkion bere ikerlan eta idatzirik hoberenak. Artikulu honetan, 1907an argitaratu zuen lehen liburua: “Autour d’un foyer basque” izenekoa, abiapuntu gisa harturik, euskal etxeari eta bestelako kontuei buruz egindako zenbait iruzkin eta gogoeta ekarri nahiko nituzke lerro hauetara.

1.- Pierre Lhanderen nondik norakoak

Pierre Lhande Hegi Baionan sortu zen 1877ko uztailaren 9an. Haren egiazko deitura Basagaitz zen, eta haren aitak abizen hori zuen. Atharratzeko aitañi txistulariak Allende zuen izena, eta iduriz, paper frantsesetan errakuntza bat izan zen, eta Allende (Lhande bilakaturik) ezarri zioten deitura gisa. Erran behar da horrelako nahasteak eta deitura desitxuraketak oso ohikoak izan direla frantses administrazioan, euskal izenak haien fonetikara eta belarrira eraman izan baitituzte beti, inolako erreparorik gabe.

Lehen erran bezala, Baionan sortua bazen ere, Pierre Lhande zuberotarra zela erran daiteke.  Zortzi urte zituela aita zendu zitzaion, eta orduz geroztik, Zalgizeko Aphatia etxean bizi izan zen amarekin batera. Ama Uruguaiko Montevideon sortua zuen. Bigarren Ikasketak Maulen egin zituen eta 1893an,  Baionako Seminario handian sartu zen eta bertan filosofia ikasketak zituen burutu. Harrigarria bada ere, seminariotik bota zuten bere arrangura nagusia euskara zelakoan. Gerora, Rodez-eko Jesusen Konpainian sartu zen, eta josulagun edo jesuita gisa, lan egin zuen Belgikan, Herbeheretan eta  Espainiako Puerto de Santa Marian.  1910ean apaiz jesuita egin zen. 1927an Parisen zen, hango langile auzoetan apaiz gisa.

1922an, Hondarribian zen, eta Espainiako gobernuak euskaldunekiko zuen jokamolde gaiztoa kritikatzeagatik, espainolek estatutik kanpora igorri zuten zigor moduan. 1926tik 1934ra Paris Irratian eliza katolikoaren irratsaio bat zuzendu zuen, herritarren artean zabalkunde eta ospe handia izan zuena, eta tarteka debekatua izan zena.

Pierre Lhande beti aipagai

Artikulu-egile oparoa, bai frantsesez eta bai euskaraz. 1907an, lehen aipatu lehen liburua plazaratu zuen, eta handik aurrera, liburu franko eman zituen argitara: ikerlanak, eleberriak… Hori dela eta, ospetsu samar egin zen idazle gisa. Zalantzarik gabe, “L’Emigration basque”  (1909) izan da bere saiakera ezagunena, eta euskarazko liburen artean aipagarriak dira: “Kurutxet apeza” (1917), “Agirre, irakurgaikiña” (1920)  eta “Yolanda” eleberria (1921).  Bere lanik ospetsuena 1921ean plazaratu zuen:  “Dictionnaire basque français (Dialectes Labourdin, Bas-Navarrais et Souletin)” izeneko hiztegi abertas eta mardula, gaur egun, oraindik ere, euskaltzaleen artean, ezinbesteko erreferentzia dena.

Bere idazlanak zirela eta, sari ugari jaso zituen eta 1918an, euskaltzain oso izendatu zuten. 1957ko apirilaren 17an, 79 urte zituela hil zen Atharratzeko Saint-Antoine etxean. 2007an, Jean-Louis Davantek Pierre Lhanderi buruzko pastoral bat argitaratu zuen Euskaltzaindiaren Euskera aldizkariaren separata baten bidez, oraindino jokatu gabe dagoena; eta 2015ean, Zalgize-Iruriko herritarrek Annick Apathiak frantsesez idatzi, eta gerora euskaraturik izan zen Pierra Lhande izeneko pastorala jokatu zuten.

Pierre Lhande beti aipagai

2.- Aita Lhandek liburuan egin aipamen zenbait

Lehen aipatu bezala, 1907an idatzi zuen euskal etxeari buruzko liburua frantsesez, gerora, 1975ean Auñamendi argitaletxeak bere bildumaren 104. zenbakian espainolez plazaratu zuena, eta, zorigaitzez, oraindik euskaraz plazaratu ez dena. Biziki liburu ederra, euskal etnografiari ekarpen handia egiten diona. Euskal etxea da liburuaren gaia, baina Zuberoatik abiatua, eta iruzkin, gogoeta eta aipamen guztiak Zuberoako etxeari buruzkoak dira.

Pierre Lhande beti aipagai

Hiru atalez banatua da. Lehen atalak “Euskal etxearen aldeko borroka”  izena du eta bost kapituluz osatua da. Bigarren atalaren izena: “Euskal familiaren antolaketa”, hiru kapituluz osatua; eta hirugarren atalaren izena: “Laborarien tradizioa”. Hau dugu hiru ataletan luzeena eta trinkoena, bost kapituluz osatua dena.

Liburuaren sarrera gisa, Elizanbururen bertso famatua irakur daiteke: “Nahiz ez den gaztelua / maite dut nik sor-lekua, / aiten aitek hautatua. / Nola han bainaiz sortua, / han utziko dut mundua, / galtzen ez badut zentzua”.  Ongi aukeratutako bertsoa, horixe baita liburu osoan Aita Lhandek transmititu nahi diguna, hau da, euskaldunak bere etxearekin duen lotura.

Ikus dezagun Zuberoako primu edo maiorazkoei buruz erraiten diguna: Zuberoan, ondorengo zuzenari primu deitzen zaio, eta prima neska bada. Seme edo alaba zaharrena ez da, nahi ta nahi ez, primu edo prima izan behar. Etxeko Jaunak gizonezko bat hautatuko du seme-alaben artean, deitura iraunarazi dezan. Seme horrek beste etxe batetik eramanen du emaztea. Etxeko Jauna hobeto konponduko da semearekin, alabarekin  edo suhiarekin baino, bera izanen baita, hil arte, etxean aginduko duena.”

Frantses errepublika eta bere legeak ez ditu gogoko, eta eraso handiak egiten dizkio liburu osoan zehar. Euskal Herria galdu arazi nahi duela dio, behin eta berriz, haren itzal beltzetik aldentzeko esperantza handirik gabe. Honela dio paragrafo horietako batean: Frantses errepublikaren politika erasotzaile eta suntsitzaileak bere bidetik jarraituko du, Euskal Herria guztiz desagerrarazi arte. Laster Iparraldeko hiru lurraldeak etxe hutsez beteriko hiri handia izanen da, eta okerragoa dena, arrotzez eta mertzenarioz betea”

Euskal etxekoandreak goraipatzen ditu, behin eta berriro, euskal etxearen egiazko zutabea direlakoan. Honela dio: “Euskal etxekoandrea etxeko erregina da; baina erregina umila, apala, zuhurra, jakintsua… Senarra da kanpoko kontuetan nagusi, baina etxean emaztea da agintari nagusia, etxea eta seme-alabak gobernatzen dituena”.

Apaizei buruzko aipamenak ere ohikoak dira. “Apezek duela gutxi arte euskal jauziak dantzatzen zituzten, gainerako herritarrekin nahasirik, eta oso pilotari onak direla erran behar dugu, maiz apostuetan, sotana eta guzti, hartzen dute parte, eta oso normala da apaizak pilota-plazetan jokoan ikustea. Ehizean ere trebe samarrak izan dira beti.”

Garai batean zuberotar katolikoen Biarnoko protestanteekin izan zituzten liskarrak ere gogoratzen ditu. Horietako batean kontatzen digu Oloroeko apezpiku protestantea Maulera joan zenekoa. Mauletarrek asto-lasterra prestatu zuten apezpikua irringarri utziz. Handik zenbait egunetara Maulera itzuli zen, egun hartan egin zioten harrera txarra garbitu nahian. Pierre Maitia herriko aginte-burua haserre zen, eta prediku gaiztoak hedatzen ari zen elizako pulpitutik jaisteko agindu zion. Apezpikuak ez zion obeditu, eta prediku itsusiak ematen jarraitu zuen. Orduan, Pierre Maitiak, aizkora bat hartuta, sekulako zartakoa eman zion Roussel izeneko apezpikuari. Aizkorakada horren ondorioz, zenbait egun buru hil omen zen.

Pierre Lhande beti aipagai

3.- Hego Haizearen istorioa

Ipuinak eta gertaerak ere oso maiz aipatzen ditu liburu horretan. Oso ederra da “Hego haizearen istorioa”  izenekoa, nik orain, artikulu honen bukaera gisa,  euskaraz aipatuko dudana:

 

“Behin, aspaldiko urte batez, Santa Graziko eta Larraineko herritarrak ez ziren Erronkarira joan gasna saltzera. Oraindik inork ez daki ziur delibero horren arrazoia, baina iduriz, aitzineko urtean erronkariarrak haserretu omen ziren zuberotarrek gasna saltzean eskatutako gehiegizko prezioengatik  eta hori dela eta, erronkariarrak eta zuberotarrak, orduz geroztik, muturtuta zeuden.

Egoera aztertu nahian, Uztarrotze, Izaba, Urzainki eta Erronkariko alkateak batzartu ziren eta Erronkaritik Zuberoara urtero pasatzen den hego haizea gatibu sartu behar zutela zaku handi batean, Borthüaz beste aldera pasa ez dadin, erabaki zuten. Denok dakigu zein garrantzi handikoa den mendietako elurra urtzen duen hego haize hori, Zuberoako tenperatura igoz egunak goxatzen dituelako.

Aipatu lau herri horietako emakumeek, ibarreko  artile guztiak erabiliz, Hiru Erregeen Mahaia mendia sartzeko moduko zaku erraldoi bat egin zuten, eta gizonek hego haizea preso hartu eta zakura zuten sartu. Negua iritsi zelarik, eta harekin batera eguraldi hotz-hotza, Larraine eta Santa Grazi herriak elur azpian gelditu ziren, haize beltzak (mendebala) eta ipar haizeak hormaturik. Herritar aunitz, Basabürüko herriak utzirik Pettarreko herrietara jaitsi ziren, eguraldi goxo bat etorri bitarte.

Erronkariarrek Belaguatik ikusten zuten Basabürüko herrietan gertatzen ari zena, elurra eta karroina gero eta handiagoak baitziren bazter haietan.

Zorionez, Erroizuko bainuetxeetako nagusia konturatu zen bere bezero gehienak santagraztarrak eta larraintarrak zirela, eta horiek hotzez hilez gero, ez zuela sos bat ere irabaziko. Hori dela eta, hego haizea zakutik atera behar zuela erabaki zuen. Ganibeta handi bat sartu zuen arropen artean eta, zaldiz, hego haizea gatibu zuten Urzainkiko arroil handira abiatu zen. Egun hartan Mañuel eta Gregorio izabarrak ari ziren zakua zaintzen eta bainuetxeetako nagusia hurbiltzen zitzaiela ikustean galde egin zioten:

– Nora zoaz?

– GardekoAma Birjinari otoitz egitera! —erantzun zien.

– Onki da, onki da! Segi aitzina!

Eta Erroizukoak aurrera jarraitu zuen. Urzainki herria pasatu ondoren, ibaiaren beste aldera pasatu zen, eta lauhazkan hego haizea preso zegoen zaku ondoraino iritsi zen. Ilun samarra zegoen eta ez zen inguruetan  inor ikusten. Hego haizea ufaka ari zen zaku barruan. Momentu hartan, Garde aldera ufatzen ari zen, zakua lehertu nahian. Erroizuarrak ganibeta atera eta punta batean, zakua zulatu zuen. Tamalez, hego haizea zakuaren beste puntan zegoen eta ez zen berehala gertatutakoaz konturatu. Aire hotza zakura sartzen sumatu zuelarik, tximista bezain azkar ihes egin zuen zulotik.

Erroizuarrak ez zuen denborarik izan zulotik baztertzeko, eta hego haizeak zirimola batean eraman zuen urrutira, kasualitatez Erroizuraino, eta hantxe bota zuen gizon gaixoa. Horren ondorioz, erroizuarrak oin bat hautsi zuen, eta betirako maingu ibili zen bainuetxeetako lana egiten.

Erroizuko bainuetxeetara urtero joaten zen gizon arrotz bat, istorioa ezagutu zuenean, arrunt harrituta gelditu zen. Pena zuen lehenago jakin ez izana, eta idatzi zuen liburu batean, horren berri eman zuen. Horrela istorio hori izugarri famatua egin zen Euskal Herri osoan eta baita erdal herrietan ere.”

Pierre Lhande beti aipagai  Pierre Lhande beti aipagai  Pierre Lhande beti aipagai  Pierre Lhande beti aipagai  Pierre Lhande beti aipagai  Pierre Lhande beti aipagai  Pierre Lhande beti aipagai  Pierre Lhande beti aipagai  Pierre Lhande beti aipagai

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

2 pentsamendu “Pierre Lhande beti aipagai”-ri buruz

  • Zehaztapen bat. Ideia nagusiak zuzen jasota egon arren, Lhandek argitaratu pasartea ez da artikuluan azaltzen dena bezain “eguneratua”, ez baitu Iparralde eta Euskal Herria bezalako terminorik erabiltzen. Honela idatzi zuen lehen partearen amaieran:

    “L’œuvre de dévastation se poursuivra sans doute; et bientôt le pays basque, ce petit pays où s’étaient conservées si pures les traditions de stabilité et d’unité, ne sera plus qu’un grand village aux maisons vides, ou, qui pis est, une auberge de mercenaires et de passants…”

  • Eskerrik asko Joseba, artikulo oso interesgarria!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude