Zertarako balio du ahaztuko diren liburuak irakurtzeak?

Irakurtzen ditudan liburuen kontabilitate moduko bat eramatea ere bazegoen blog hau berrabiarazteko arrazoien artean. Nolabait ere, irakurtzen ditudan liburu guztien zerrendaratze bat. Eta ez inori adibide emateko, ez eta gutxiago ere.  Beti izan naiz baldarra, kapritxosoa eta desorekatua nire irakurketetan. Baina, badakit,  liburu baten marka uzten baduzu nonbait jarrita, liburu osoa ekarriko dizula gero marka horrek  gogora.

Beste modu batean esateko, liburuak abiadan irakurtzen badituzu (nik askotan bezala), harraskako zulotik behera joaten zaizkizu sarri eta esan dezagun alferrik dela horiek irakurri izana, nahiz eta diodan hau ez den egia borobil-borobila ere.

Nahiko zintzo nenbilen duela urtebete luze ALUA MUNDUA itxi nuen arte. Liburu bat irakurri bezain pronto, apuntatu egiten nuen.

Ez naiz atzera begiratu zalea, baina inoiz edo behin sartzen banaiz neure blogean eta horietako aipamen bat ikusi, braust! etortzen zait irakurritakoaren oroitzapena burura.

Zeintzuk dira, ordea, bloga itxi nuenetik irakurri ditudan liburuak?

Egunero irakurtzen dut —plazerez eta ohean—, ordu editxo bat edo gehiago eta lana dela eta, astero irakurtzen ditut pare bat liburu edo gehiago. Gaztelaniaz eta euskaraz irakurtzen dut ia dena, frantsesez kosta egiten baitzait. Ingelesa, ostera, medikuak debekatuta daukat.

Baina nola zerrendaratu irakurri ditudan liburuak baldin eta ez badut eraman inolako kontabilitaterik?

Itxi ditzadan begiak eta pentsatzen jar nadin, zerbaitengatik buruan gordeta atxikitzen ditudanak oraintxe bertan:

… eta Sautrelan kurtso honetan landu ditugun guztiak.

Zenbat ahazten zaizkit, hala ere? 60? 80? 100? 110? Zertarako irakurri ditut orain ahazturik baldin badauzkat? Ez ote nuen hobe paseatu, lagunekin blagan izan edo begiak itxita egon sofan etzanda? Zer balio du ezertarako balio ez duenak?

Hala ere, moldatu egingo ote ninduten irakurri eta ahantzi ditudan liburuek plastilina sentsiblea banintz bezala?

(Egia esanda, denetik deitu didate bizitza honetan, baina neuri ere gehitxo egiten zait plastilina sentsiblea naizela pentsatzea).

Alabaina saiatuko naiz, poliki poliki, ahazturatik berreskuratu eta haien izenak hemen gehitzen, ez dakidan arren, markarik utzi ez badut inon, egingo dudan nola.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Zertarako balio du ahaztuko diren liburuak irakurtzeak?”-ri buruz