Musika Parkean

Askotan tradizioaz urruntzen saiatzen gara, modernitatean eta gure pentsamendu progresistan antzinako ohitura batzuek tokirik ez balute bezala. Inondik inora. Musika Parkean ekimenak, La Salsera-k sortua orain dela hiru urte, piknikaren eta parkeen tradizioa berreskuratzen du. Apiriletik irailera, hilean behin, Donostiako parke desberdin baten antolatzen da piknika. Ziurrenik eszeptikoek esango dute piknika egitea jadanik ez dagoela modan edo ez dela erosoa. Baina zerbaiti buruzko iritzia plazaratzeko probatu beharra dago aurretik, ez da hala?

Musika Parkean

Bada, Musika Parkean izenarekin ondoriozta dezakegu parkeetan zehar melodiak eta notak entzuten direla, harmonia paisaia berdeetan nagusitzen dela. Edizio bakoitzean bi taldek lagundu ohi dute giro lasai eta atsegina sortzen, estilo ezberdina izanda ere, piknikera eramandako jaki gozo horiek are gozagarriagoak egiten baitira gitarra-akorde pare batekin.

Arazo bakarra euskaldunok ondo ezagutzen dugun zera da: eguraldi madarikatua. Zenbatetan utzi behar izan ditugu gure planak bertan behera euria dela eta? Musika Parkean-i ere gertatu zitzaion joan den maiatzean. Zorionez, eguraldiak mesede egiten digu noizbehinka, eta jakina, baita ekimenari ere. Horrela, batzuetan mila pertsona baino gehiago biltzera iristen da, Aieteko edizioan gertatu zen bezala.

Musika Parkean

Eta azkenean, pasa den hilean piknikik gabe egon ostean, ekaineko Musika Parkean-ez gozatzeko eguna iristen ari da. Larunbat honetan, hilaren 29an, 19:30tik aurrera izango da Cristina Enea parkean. Oraingoan folk estiloa izango da nagusi coffee&wine madrildar eta Lou Topet & the 31st Crew zarauztarrekin. Seguru, eguraldia dena delakoa, bi taldeek arratsaldea girotuko dutela.

Edozein adineko pertsonak bertara daitezke saioetara, ez al ditugu ba guztiok musika eta janaria berdin disfrutatzen? Beno, berdin-berdin ez, jakina, baina lagunartean biak ezin hobeak egiten zaizkigu. Bai, badirudi jende asko dagoela tradizioari, edo tradizio honi bederen, eutsi eta bizimodu modernoaren parte bihurtzeko prest. Musika Parkean, parkean musika, eta piknika! Donostiako parkeak kolorez, usainez, doinuz eta bizitzaz bete daitezela.

NOIZ: ekainaren 29an, 19:30tik aurrera.

NON: Donostiako Cristina Enea parkean.

NORTZUK: coffee&wine eta Lou Topet & the 31st Crew

Musika Parkean

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...