Mozkortu eta idatzi

Mozkortu eta idatzi.

Ez bazarete inspiratuta sentitzen, oroitu, in vino veritas. Alkoholak filtroak suntsitzen ditu, ahoan eta gibelean. Dirudienez, zurrutak ikaragarri potentziatzen du idatzi baten kalitatea: kaka zaharra edo harri bitxi hutsa atera daiteke esperimentu horretatik, ez dago erdibideko emaitzarik.

mozkortuHori egitea otu zitzaion Elijah Daniel izeneko gazte estatubatuar bati aurreko astean. Dirudienez, idatzi duena ez da kaka zaharra izango, Amazon atarian salmenten gailurrean kokatu baita plazaratu eta berehala. Beno, beharbada idatzi duena zakurraren putza izan daiteke eta hala eta guztiz ere asko zabaldu, zeren eta gaiak morboa dauka sobera AEBtako edozein biztanlerentzat.

“Greyren 50 itzalak” laiotzean uzten dituen liburuxka idatzi du Danielek. Donald Trump hautagai errepublikanoaren izara arteko pasadizoak kontatzen ditu. Fikzioa omen da. Gizon aberats eta mutil langile baten inguruko afera sexualen ingurukoa da istorioa. Danielek lau ordutan idatzi omen zuen, lau ardo botila edanda.  Prozesua txio hauetan dago laburbilduta, ideia izatetik lau haizetara zabaltzeraino.

Atzo hori entzun nuenean koadrilako afaritik nentorren, elkartean biltzen gara astelehenero. Mozkortuta ez, baina bizi puntua neukan. Iruditu zitzaidan etxean ardo botila bat zabaldu eta Indar Gorriri egin diotenaren inguruan idatzi behar nuela, adibidez. Artikulu bikaina edo tamalgarria izango zen, baina birala seguru.

Baina ondoren, mozkortuta egon arren, ohartu nintzen. Mozal legea. Guardia Zibila eta Polizia Nazionala. Armiarma operazioan euli izan nintekeela. Xake mate operazioaren izenak sona ezberdina duela esaldia ahoskatzen duen pertsonaren arabera, peoiak eta erregeak daudelako. Urquijok beharbada ZUZEU bisitatzen duela egunero gorazarrea usaindu nahian, eta ez dagoela harek gorazarretzat hartzen  duen guztia estaliko lukeen lurrinik.

Hau gaur goizean idatzi dut, dutxa bat hartu eta kafe bero bat edan ondoren. Pfff… Norbareran ekintzak eta ekintza ezak onartu egin behar dira: atzo bataila bat galdu nuen.

Astean zehar dezentetan idazten dut, beraz ez zait komeni zurrutean aritzea ordenagailuaren aurrean jartzen naizen bakoitzean. Nik astean behin edanda idatziko dut, eta zuek astean behin mozkortuta irakurri nazazue.

Ño, ze salomonikoa sentitu naizen.

Mozkortu eta idatzi.