Mikel Balerdi: “Minaren lagun egin naiz”
Nerabea zela ezagutu zuen tatuajeen mundua, eta duela lau urte lehen aldiz gorputz suspentsioa probatu zuenetik, minaren eta plazeraren arteko muga zorrotzaren gainean dabil, kako batetik zintzilik, adimena eta gorputza banantzen direnekoaz gozatzen. Txorien moduan hegan jarraitu nahi du, oinak lurrean jarri gabe.
Nola azalduko zenioke egiten duzuena gorputz suspentsioa zer den ez dakien bati?
Hitzez hitz azaldu beharko banu, azaletik zintzilikatzen garela esango nioke, gorputzaren pisua kako batzuetara helduta. Baina nik beste modu batean ikusten dut: adimena eta gorputza banandu egiten dira. Oinak lurretik aireratzen diren momentuan aske sentitzen zara, azaldu ezinezko sentsazioak bizitzen dituzu; zintzilik egon behar duzu zer den ulertzeko. Askotan galdegin didaten arren, ezin izan dut sekula erantzun borobilik eman; izan ere, bostehun mila sentimendu batzen zaizkizu: negar egiten duzu, oilo ipurdia jartzen zaizu…
Dena dela, aldaera ezberdinak dituzue.
Pila bat! Gorputz atal ezberdinetatik zintzilika zaitezke, pertsona bat baino gehiago ere zintzilika daitezke aldi berean, arrisku maila ezberdineko suspentsioak daude… Orain gutxi, esaterako, bularrezurretik zintzilikatu nintzen Italian; suspentsio hori oso arriskutsua da, gorputza kako bakar bati helduta baitago.
Eta nola sartzen dituzue kakoak azalean?
Orratz amerikarrak erabiltzen ditugu. Lau milimetroko zabalera dute, eta barrutik hutsik daude –hodi modukoak dira–. Oso zorrotzak dira, laserrez eginak, eta azalean garbi sartzen dira, akatsik gabeko ebaketa eginda.
Orduan, azal zati bat hartu, atximur egingo bazeniote bezala gorantza tira egin, eta orratza sartzen duzue?
Bai. Oso garrantzitsua da atximur egiten dugunean soilik azala hartzea, muskulua hartuko bagenu atrofiaturik geratuko ginatekeelako. Orratza sartu aurretik, gainera, kakoa lotzen diogu atzeko aldean. Beraz, orratza pasata kakoa azalaren barruan geratzen da, eta beste aldetik irtendakoan segurtasun itxiera jarri besterik ez diogu egin behar. Guztia aldez aurretik kalkulaturik eta prestaturik dago. Distantziak oso ongi neurtzen ditugu, eta zuloa egin duen pertsonak ez du inolako arriskurik jasaten. Ikuskizunaren alderdirik hotzena da, dena prestatzeko unean oso serio jokatzen baitugu.
Elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en
Barkatuko didazu atrebentzia, baina a zer harrikada daukazun, majo.
Kuriosoa da, moderno ustezko askok barre (edo iseka) egiten diete bizkarra odoleztatzeraino jipoitzen duten “picao” horiei, eta tipo honen jarduna, berriz, “espresio bide” edo “bizitzeko filosofia” gisa hartuko dute.
Nire ustetan biek ala biek harrikada berbera dute, goikoak dioen moduan.
Nik galdetuko nioke ea 20 urte barru nola ikusten duen bere burua zintzilikario guzti horiekin eta azala bere izaera galtzen hasia denean, dena ximurtuta eta eroria…
Espero dezagun osasun aldetik ere ondo joatea, ze skaner edo radiografi bat atera beharko balu, lana badu burni hori guztia kentzen!