Marlaxkaren hegada

9788483318430.jpg

Urteak dira INESAREN BALADA argitaratu nuela, gazteentzat idatzitako eleberri bat, BAIONAKO BARRARAINO azpizena zuena. Gazi-gozo asko ukan dut liburu horrekin. Gazien artekoak, nik eskatu gabeko sari batzuen atarian geratu izana (Apirila Saria, Espainiako Sari Nazionala…). Gozoen artean, lau hizkuntzetan argiratu izana eta, batez ere, zenbait gaztek idatzi izan dizkidaten mezuak. Ez dut uste halako erantzunik jaso dudanik nire beste lan batengatik. Kontua da, eleberri hura leku jakin batean amaitzen zela, juxtu Inesa itsasoratzen zen egunean. Irakurle askok esan dit ez dagoela eskubiderik eta jarraipena behar duela, baina hantxe zegoen bukatua, egile honek itsasoko terminologia ikasi behar zuen lekuan bertan, marineriaz dokumentatzen hasteko lekuan. Alferraldia sartu zitzaidan eta… gaurdaino. TRAPAILA izenekoa ere idazten hasita nago oraintsu, baina hortxe blog honen eskuineko aldean dago geldirik joan deneko aste eta hilabeteetan, auskalo noiz arte. Ez dut deus behartu nahi. Ez dago presarik. Zer konponduko luke nire beste liburu bat kaleratzeak? Inori, ezer ere ez. Ez eta neuri ere. Baina beti idazten ibili behar honek, zer kontaturik gabe geratzeko bertigoak edo nik ez dakit zerk, INESAREN BALADAren jarraipena idazten hastera eraman nau, MARLAXAKAREN HEGADA, deitzen dena, oraingoz. Folio bakar bat besterik ez, honela hasten du Inesak: “Atxamarta izan zen ontzian ikasi nuen lehenengo hitza. Tresna baten izena da. Horixe dauka itsasoko bizitzak, mundu berri bati dagokion hiztegi oso bat ikasi behar izaten dela lehendabizi, edozein pauso eman baino lehen. Jartzen duzu eskua ontziko zeinahi lekuren gainean, eta berehala esango dizute askatu txikota hori, edota kontuz karelean. Ekarri toleta, edo eraman arrastelua. Soka, egur eta tresna bakoitzak badu bere izena, lehorrean inork ezagutzen ez duena. Haizeak, animaliek, gizakien kuraiak eta edozerk, sekula entzun gabeko beste izen bat hartzen dute itsasoko bizitzan. Esan liteke beste hizkuntza bat ikastearen antzekoa dela ontzietako bizimoduan hartu behar den lehengo lana”.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)