Mark Legasse nire oroitzapenetan

Mark Legasse –.

 

Mark Legasse
Joseba Aurkenerena

Gaztetxo nintzenean, galtzear ikusten  nuen euskal nortasunarekin loturiko testuak irakurtzeari ekin nion. Ez zen erraza Hegoaldean gehien-gehiena debekatuta baitzen. Halako batean, 70.eko hamarkadan, 22 edota 23 urte inguru nituela Las Carabinas de Gastibeltza izeneko liburu miresgarria iritsi zen nire eskuetara. Etenik gabe irakurri nuen. Liburu hura zoragarria iruditu zitzaidan, euskaldunen borroka luzea defendatzen baitzuen eta halaber, munduko hainbat bazterretan dauden gurea bezalako hamaika herri zapalduren borroka eta nortasuna.

Mark LegasseLiburuaren egilea Mark Legasse zen, Lapurdiko euskal militante anarko-abertzalea. Liburuak sortu zidan lilurak bultzatu ninduen Legasseren liburu gehiago bilatzera eta irakurtzera. Eta horrela, pittaka-pittaka, “Santxo Azkarraren parabola”, “Euskararen ebanjelio eta apokalipsia”, “Los contrabandistas  de Ilargizarra”, “Pasacalle por un país que ni existe” “Infante zendu batendako pabana”, “Anark-Herria”… eta horrelakoak grina handiaz irakurri nituen.

1987tik 1991ra Lezoko kultura zinegotzia izan nintzen. Garai hartan, nire familiarekin batera, Kale Nagusiko Zabarre edo Koartela izenetako etxean bizi nintzen. 1988ko maiatzeko goiz batean, etxetik atera eta bertan Mark Legasse topatu nuen. Hizketan hasi eta berehala adiskidetasuna egin genuen. Geroztik, eta nik eskaturik, Lezoko presoen aldeko ekitaldi batean parte hartu zuen eta 1990eko apirilaren 27an “El zortziko de Iraeta para arpa y txalaparta” liburuaren aurkezpena herriko Andreone kultur etxean egin zuen. Jende ainitz hurbildu zen. Aretoa jendez gainezka zegoen. Gaur egun bada bideo bat horren berri ematen diguna. (Ikusi www.lezokoportua) Geroxeago, 1990eko udaberrian artikulu bat ekarri zidan herriko Lezo aldizkarian plazara genezan.

1996ko urtarrilaren 6an, bizitzaren haizeek Lapurdiko Urruñara bizitzera ekarri gintuzten. Ordurako Mark gaixorik zen eta denboraldi luzeak egiten zituen Parisen emaztearekin batera. Ez nuen gehiago ikusi. 1997ko martxoaren 21ean zendu zen.

Esku artean duzun artikulu honetan, irakurle, Mark Legasseren bizitza eta ibilbidea gogoratzeaz gain, nire esker ona adierazi nahi diot.

Dagoen tokian dagoela, euskal piraten artean, bandera beltzaz jantziriko Joxemiel Barandiaranekin solasean edota gudari gazteekin euskal matxinada berria prestatzen, jakin badakit irribarre eginen duela nire hitz hauek irakurtzean, eta konplizitateko begi keinu bat eginen didala.

Beraz, Mark, milesker nire gazte urteetan bihotza magiaz, ilusioz eta aitzina egiteko gogoaz gainezkatzeagatik.

1.- Euskal kontzientziaren piztea

Mark Legasse
Mark Legasse

Mark Legasse Zelaia Parisen sortu zen 1918ko apirilaren 19an. Aita Louis Legasse zen, bakailaoaren negozioetan aberastua, eta garai hartan, Armadoreen Ganbarako presidentea izanki, Frantziako hiriburuan bizi zena. Legasse familia itsasgintzarekin lotua zen XVIII. mendetik eta sortetxea Basusarrin zeukaten. Saint Pierre eta Miquelon-en negozio handiak zituzten eta Louis Entreprises Maritimes Basquesenpresako buru zen. Legassetarrak euskaltzaleak ziren. Zelaia familia, berriz, gipuzkoarra zen, Errenterian eta Lezon sustraiak zituena. Lezoko Kale Nagusian, Jamot-enea (edo Pikandia-enea ere deitua)  etxea zeukaten. Zelaia familiakoak abertzaleak ziren. Legasse-Zelaia sendiak sei seme-alaba ekarri zituen mundura. Ttikienak Mark eta Jakes (Xanti ere deitua) ziren.

Gaztetatik ideia abertzaleak jaso zituzten amaren familiaren aldetik. Osaba Gaudioso Zelaiak Sabino Arana Goirirekin ikasi zuen Urduñako Jesusen Konpainiaren ikastetxean. Abertzale sutsua zen eta ainitzetan abertzaletasunaz mintzatzen zen Mark eta Xanti gaztetxoekin. 1937an, Donibane Lohizunen, bi anaiek elkarrizketa luzeak izan zituzten Luis Arana Goirirekin. Hor izugarri indartu ziren bi anaien ideia abertzaleak.

Bigarren Mundu Gerla piztu zelarik, bi anaiak nazien aurkako erresistentzian sartu ziren. Xanti Italiako borrokaldi batean hil zuten 1944ko ekainaren 15ean. Mark, berriz, bizirik eta dominez beterik itzuli zen etxera. Aita hil zitzaiolarik, Markek zegokion herentziaren zatia hartu eta Euskal Herrira itzuli zen, Itsasura hasieran eta Ziburuko Periko-enea etxera gero.

2.- Militante sutsu baten borroka luzea

1936an, Hegoaldetik Iparraldera zetozen errefuxiatuak laguntzeko Sorospen Batzordea sortu zuten eta sortzaileen artean bi anaiak ibili ziren.

1942an Aintzina aldizkariaren bigarren aroan kolaboratu zuen eta 1944ko agorriletik Hordago aldizkari politiko-satirikoa argitaratzeari ekin zion. Hogeita hamalau urtetan plazaratu zuen. 1945ean hauteskundeetara aurkeztu zen, baina garaiko Iparralde kontserbadore hartan ez zuen arrakastarik izan. Ipar Euskal Herrirako behin-behineko autonomia estatutua plazaratu zuen eta Jean Etxeberri-Aintzart baigorriar diputatuak Pariseko Batzorde Konstituziogilean aurkeztu. Frantsesek ez zuten kontuan hartu. 1946an kartzelara eraman zuten Hordago aldizkarian euskaldunen independentzia defendatzeagatik. Ondoren beste bitan espetxeratu zuten ideia abertzaleak eta anarkistak aipatu aldizkarian zabaltzeagatik. 50.eko hamarkadan bost aldiz aurkeztu zen hauteskundeetara, beti zerrenda abertzaleetan (Enbata, EHAS, EMA…)

ETAren sorrerarekin, Hegoaldeko errefuxiatu belaunaldi berriak pasatu ziren Iparraldera, eta Mark berehala hurbildu zitzaien laguntza eskainiz. Errefuxiatuen aldeko lau gose grebatan parte hartu zuen. ETAren intelektualekin harreman handiak ukan zituen eta Carrero Blanco hil zutenean, Ziburuko bere etxean idatzi zuen Eva Forest-ek “Operación Ogro” izeneko liburua.

Mark Legasse1977an, Franco hil eta gero, Bermeora joan zen bizitzera. 1979an Donostiako Zinemaldiaren epaimahairako kide izendatu zuten. Bizkaian zegoela artikulu bizi-biziak idatzi zituen garaiko euskal prentsarako, gehien bat  Egin egunkarirako. 80.eko hamarkadaren amaiera aldean, eta osasun arazoak zirela eta, Ziburuko Periko-enera itzuli zen eta hor bizi izan zen, azken urteetan emaztearekin batera Parisen egin zituen aldiak kenduta, 1997. urtean hil zen arte.

3.- Mark Legasseren liburu eta idazlanak

Oso idazle emankorra izan zen eta bere bizitzan zehar hogeita hamar bat liburu inguru plazaratu zituen, frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz. Zerrenda oso bat egitea luzeegia litzateke artikulu honetan plazaratzeko, horregatik, jarraian, hautatu ditudan liburuen zerrendatxoa azalduko dizuet. Lehentasuna euskarazko itzulpenei ematen diet.

La question Basque. (Paris, 1938) Xanti anaiarekin batera.
Ainsi parlait Nekatua. (Baiona, 1943)
Euskadi ma patrie et autres contes. (La Presse argitaletxea. Baiona, 1944) Xanti anaiarekin batera.
Les rêveries d´un gréviste de la fain. (Baiona, 1947)
Hiru herrien alegia. (Gernika argt., Donibane Lohizune, 1952)
Euskeldun askatasunaren idazti gorri txikia. (Baiona, 1967)
Las carabinas de Gastibeltza. (Txertoa argt., Donostia 1978)
Euskararen ebanjelio eta apokalipsia. (Txertoa argt. Donostia, 1979)
Los contrabandistas de Ilargizarra. (Txertoa argt. Donostia, 1980)
Pasacalles por un país que ni existe. (Txertoa argt. Donostia, 1984)
Santxo Azkarraren parabola. (Txertoa argit. Donostia, 1985)
Gastibeltzaren karabinak. (Susa argit. Zarautz, 1985)
Anark-herria. (Txertoa argt. Donostia, 1986) Jakue Pascualekin batera.
Infante zendu batendako pabana. (Txertoa argt. Donostia, 1986)
Maddalen Ithurri. (Maiatz – 18. zenb., Baiona, 1989)
El zortziko de Iraeta para arpa y txalaparta. (Txertoa.argt. Donostia, 1994)
La sombra de Axular y  otros relatos. (Txertoa argt. Donostia, 2011)

4.- Haurtzaroko oroitzapenak Lezon

Artikuluaren sarreran aipatu dut 1990eko maiatzean Mark Legassek gaztelaniaz idatzitako artikulu bat eman zidala, Lezoko aldizkarian plazaratzeko. Eta horrela egin genuen, urte bereko irailean Lezo aldizkariaren bosgarren zenbakian plazaratu baitzen. Geroxeago Egin egunkarian ere plazaratu zuten. Nik segidan euskaraz egin dudan itzulpena eskainiko dizuet. Izan dadila nire itzulpen hau Mark Legasse handi eta ahaztezinari egiten diodan omenaldi ttiki baina bihotzekoa. Haurtzaroko oroitzapenak Lezon izena du.

“Nire osaba txipia (aitatxiren anaia), Rafael Zabala, Lezoko Gurutze Santuaren baselizako kaperaua zen XIX. mendeko bukaera aldean. Sakristian haitzurdinezko konketaren gainean, bada inskripzio bat eliza horretan eman zituen urteak oroitarazten dituena. Kale Nagusiko Jamot-enea izeneko etxean bizi zen eta hiltzean Gaudioso Zelaia Zabala ilobari utzi zion. Hau nire amatxi Extanisladaren anaia zen. Extanislada ezkondua zen Hendaiako auzapeza (edo alkate) eta medikua zen Kamino Goihenetxe doktorearekin.

Mark Legasse
Lezo

Bere ezkonanaiaren baimenaz nire aitatxik Jamot-eneko goiko solairuan kontsulta jarri zuen eta astero, astearte eta ostiraletan,  lezoarrak hartzen zituen. Batzuetan, Xanti anaia eta ni, Hendaiatik Lezora eramaten gintuen, eta bertan pasatzen genuen eguna, herriko plazan edota etxeko lorategi ttikian jolasten. Bitartean osaba lanean aritzen zen. Garai hartan ez zen Pasai Donibanera gaur eramaten duen errepiderik eta Jaizkibel mendiko zelaiak Jamot-eneko gibeleko ateraino iristen ziren. Oraindik gogoan ditut balkoi azpian zeuden kanaberak. Gaur, badira oraino, zenbait kanabera Jamot-eneko gibeleko lur sailean.

Arratsaldeetan, nire anaia eta biok gure aitatxiren kontsulta azpian bizi zen osaba Gaudioso bisitatzera joaten ginen. Gaudioso aski musikazale ezaguna zen eta haren idatziak eta errezitaldiak biziki entzutetsuak. Pianoz eta harpaz, Jaizkibel mendian barna egiten zituen ibilaldietan jasotako euskal soinuak jotzen zituen.

Behin, osabaren adiskide handia zen Aita Donosti Jamot-enera etorri zitzaigun eta Baztango baserri batean topatutako txalaparta oparitu zion osaba Gaudiosori. Aita Donosti kaputxinoek Lekarozen zeukaten ikastetxean bizi zen eta hurbileko baserri batean topatu zuen aipatutako txalaparta. Garai hartan musika-tresna hori arras ahantzia zegoen eta oso txalapartari gutxi zeuden. Gaudiosok txalaparta jotzen ikasi zuen eta ainitzetan aritzen zen zurezko enbor bitxi hartan jotzen. Anaiak eta biok nahiago izaten genuen txalapartaren soinua pianoarena eta harparena baino.

Osaba Gaudiosoren sukaldariak Axenxi izena zuen eta biziki ona zen txipiroiak saltsa beltzean prestatzen. Hilean behin, bazkari eder bat antolatzen zuten Jamot-enean, eta mahaiaren inguruan osaba Gaudioso, anaia eta biok, etxeko mutilak eta On Jerbaxio Albizu, Errenteriako bikarioa biltzen ginen. On Jerbaxio familiakoa omen zen. Txipiroiak jan ondoren, aitatxi kontsultara itzultzen zen, osaba txalaparta jotzen hasten zen eta On Jerbaxiok Xanti anaiaiari eta niri honela erraten zigun:

“Jainkoak egin du lurrean dagoen guztia. Euskaldunak ere berak egin ditu baina ez espainol edo frantses bilaka daitezen; ezta txoriak apo bihur daitezen ere, edota larrosak sasi bilaka daitezen. Euskaldun izaten jarraitzen duenak Jainkoaren borondatea betetzen du. Gabatxoz edo belarrimotzaz, apoz edo sasiz, mozorrotzen denak Espiritu Santuaren nahia hausten du.”  Eta plater hutsak zikintzen zituen txipiroien tinta beltza erakutsiz, honela bukatzen zuen:  “Hori egiten duena iluntasunetan geldituko da betiko.”

Urteak igaro dira. Aitatxi-amatxiak hil ziren, baita osaba ere. On Jerbaxio frankistek fusilatu zuten 1936ko gerlan eta Xanti anaia naziek hil zuten 1939an. Jamot-enea etxea saldu zuten. Hala eta guztiz ere, belarrietan entzuten dut oraindik osaba Gaudiosok txalapartatik ateratzen zuen soinu ozena; eta askotan gogora etortzen zaizkit Lezoko unibertsitate musikal eta medikal hartara egindako ibilaldiak.

Egun batean Gurutze Santuak Euskal Herriak bilatzen dituen nortasuna eta independentzia berreskuratzen lagunduko diolakoan nago. Itxaropen hori atxikitzen dut bihotzean. On Jerbaxioren araberako ebanjelioa bete dadila. Halabiz.”

Ni ere, mirari beraren zain nauzue.

Mark Legasse

Euskaltzalea eta irakasle-ohia