Mario Benedetti, poeta errari baten azken bidaia

Mario Benedetti poeta uruguaiarra
Mario Benedetti poeta uruguaiarra

Duela aste batzuk ospitaleratu zuten, hesteetak0 arazoak zirela eta. Hala ere heriotzak keinu bat egina zion jada, bere emaztea Luz duela hiru urte hil baitzen. Nolabait orduan hasi zen bere gainbehera, egun oro argitzen zion eguzkia itzaldu zenean. Une onak eta txarrak igaro zituen emaztearekin. Erbestean eta aberrian bertan, baina beti  alboan zuela.

Hasiera batean emaztearen despiste hutsak zirela uste zuena, Alzheimer zital bilakatu zen. Konpromezuaren poetak ikusi zuen nola zeraman gaixotasunak Luz, eta nola Luzek alaitasuna, eta alaitasunak bizia. Bere bizia.

Bizitza politikak baldintzatu zion hasieretatik. Gaztetan alemaniar eskola batean ikasi zuen, bigarren mundu gerra pil-pilean zela, gurasoek atera zuten arte. 1945. urtean Marcha astekari ezkertiarraren erredakzioan hasi zen lanean, Joan Maria Bordaberry-ren gobernuak itxi zuen arte. Luz-ekin ezkondu ostean zenbait aldizkari literariotan aritu zen zuzendari eta erredaktore gisa; hala nola, Marginalian eta Numeron. Beti erakutsi zuen Amerikako Estatu Batuen aurkako jarrera eta Kubako zein Hego Amerikako herrialdeekiko solidaritatea. Casa de las Americas delakoaren zuzendaritzan sartu zen Kuban zenean. Bertako klima osasunarentzat kaltegarria bazuen ere -asmatikoa bera- denbora asko igaro zuen irla karibearrean.

1983an Madrilera joan zen bizitzera eta El Pais egunkarian iritzi atalean bere sekzioa eduki zuen. Urte hartan bertantxe hasi zen berak,  “desexilio” deituko duena, hau da, aberrira itzultzeko prozesua. Uruguaiko politika apurka-apurka aldatzen hasia zen, diktadura abolitu eta demokrazia ezarrita, erbestean zirenei berriro ateak zabalduz. Gogorra izan zen Mariorentzat berriz ere aberrira itzultzea, asko aldatu baitzen urte luze haietan. Hala ere itzuli eta segituan Brecha, Marcha-ren jarraipena izango zenaren zuzendari izendatu zuten.

Ordutik aurrera hilabete batzuk Montevideon eta beste batzuk Madrilen igarotzen zituen; txandaka, han eta hemen konferentziak emanez eta lanak publikatuz. Sari eta errekonozimendu ugari jaso zituen publikatutako lanengatik eta unibertsitate askotan eman zituen hitzaldiak ikasleen gozamenerako. Orain, ordea, bere lana soilik zaigu geratzen, eta bere esentzia, berak utzitakoa irakurtzean bizitza oso bat irakur baitaiteke. Poeta errari baten bizitza.

Ekaitza bainuontzi batean

Zer duzu buruan “Mario Benedetti, poeta errari baten azken bidaia”-ri buruz