Sautrela 445: Luis Baraiazarra, eLiburutegia eta Sagarraren hausterrea

Sautrela 445: Luis Baraiazarra, eLiburutegia eta Sagarren hausterrea

Luis BaraiazarraAste honetako Sautrelan Luis Baraiazarra karmeldar eta ohorezko euskaltzainaren bisita izango dugu. Santa Teresa Jesusenaren jaiotzaren bosgarren mendeurrena gogora ekarri asmoz, Baraiazarrak haren idazlan guztiak ekarri ditu euskarara. Ia 2.000 orrialdeko lan mardulean, Santa Teresa Jesusenaren Bizitza liburua, Barne gaztelua, Fundazioa edota gutunak bildu ditu. Santiago Onandia eta Lino Akesolo karmeldarrek hasitako bideari segitu dio Baraiazarrak.

Erreportajearen tartean, eLiburutegiari erreparatuko diogu. Eusko Jaurlaritzak duela urte pare bat jarri zuen martxan eLiburutegia zerbitzua, liburutegi publikoen gisara, liburu digitalak epe batez mailegatzeko plataforma. Zerbitzuaren erabileraz, xehetasunez eta helburuez arituko gara. Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura, gazteria eta kirol sailburuordeak, eta Arantza Urkiak,  Donostia Kulturako liburutegien sareko zuzendariak emango dizkigute xehetasun guztiak.

Juan Luis Zabalarekin Gerardo Markuletaren Sagarraren hausterrea izango dugu mintzagai. Bost ataletan banatutako liburuan, denboraren iragaitea, egunerokotasuna, maitasuna edota abaildura bezalako sentimenak jorratzen ditu Markuletak. Liburua idazle oñatiarraren bigarren poesia lana da eta Jon Iriberri izenordearekin argitaratu zuen 1994an.

Hau guztia, ohiko ordutegia berreskuratuta, larunbatean, 15:00etatik aurrera izango da ikusgai ETB1en.


Saioa osorik ikusteko klikatu hemen

Sautrela 445: Luis Baraiazarra, eLiburutegia eta Sagarren hausterrea