Xabier Lete saritu dute, baina…

cc-by-sa: hec
cc-by-sa: hec

Postura egina zuten zenbaitek (Gorka Bereziartuak Argiako boligrafo gorria blogean, adibidez) Euskadi Sarietan irabaziko zuen lanaz. Bereziartuaren silogismoak silogismo, posturetan faboritoenen artean ez zegoenak irabazi du ordea. Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak poema liburuari eman baitiote saria.

Gauzak nola diren ordea. Klig blogean, Urriaren 18ko datarekin, aurreratuta zetorren jada (gaur baino 9 egun lehenago!) Xabier Letek irabaziko zuela. Epaimahaiko eztarri sakona zen ala beste postura bat besterik ez?

Silogismoak eta galderak

Kontuak kontu, Xabier Letek irabazi du saria, eta Gorka Bereziartuak ez du bere posturarekin ez eta logikarekin asmatu.

Gorkak, bere silogismoan, Bilbao-New York-Bilbao Espainiar Estatuko liburu (nobela) onena izanda, eta Leterena ere Espainar Estatukoa dela kontuan harturik, logikaz Espainiako liburu onena ezin dela edozein liburu baino txarragoa izan esaten baitzuen.

Baina egoera itzulipurdikatuz, irabaziko al zuen Letek sari hauxe, Uriberen nobela ez balitz Espainiar Estatuko libururik onena?

3 pentsamendu “Xabier Lete saritu dute, baina…”-ri buruz

  • Tira, silogismoarena post- hartan egindako eguneraketa bat zen, eta ez zen nire arrazoiketa, lagun batena baizik (baimenik eskatu gabe ezin dut haren izenik eman): Uribek irabaziko zuela esateko nire argudio nagusia Euskadi Sarietako epaimahaiaren osaera zen. Jon Kortazar egonik, Espainiako Narratiba saria erabaki zuen mahaian bezala, logikoa iruditu zitzaidan saria hemen ere Uribek eramatea (noski, epaimahaikide gehiago ere bazeuden, baina hor zegoen apustua; eta, bistan denez, apustu horretan egin dut huts).

    Bestalde, zure itzulipurdikaketak (barkatu Euskaltzaindia!) joko asko ematen duelakoan nago. Egin ditzagun antzeko galdera gehiago. Adibidez: Euskadi Saria Espainiako Narratibakoa baino lehenago eman izan balitz, eta Uribek irabazi izan balu, irabaziko ote luke Letek Espainiako Poesia saria? Eta, Letek Espainiako Poesia saria irabazi izan balu, irabaziko ote luke Uribek Narratibakoa? Klig blogean beste norbaiten aldeko postura egin izan balute, harentzat izango zen Euskadi Saria? Hautagaiak jakinarazi zirenean apusturik egin izan ez bagenu, emaitza berbera izango ote zen?

    Eta horraino gaurkoz, azken galderarekin burua gehiegi berotu eta zilbormetroa lehertu baitzait. Hobe genuke liburuez gehiago hitz egin, eta sariez gutxiago.

    (“Baina hain da tentagarriaaaa” egin dit marru barruko deabrutxoak).

  • Ertzak ertz, iritziak iritzi eta sariak sari, liburuko poemak hor daude, inarrosle. Zapatu honetan, 20:00etan, Durangoko Plateruenean izango dugu Xabier Lete, ‘Egunsentiaren esku izoztuak’ liburuko poemak errezitatzen, Joxan Goikoetxea lagun duela soinu handiarekin. Sari banaketa baino hunkigarriagoa izango da emanaldia, seguru.

  • […] naukate. Sariek. Ez ni bakarrik, noski (ikus hau eta beste hau). Eta ez da gauza berria, badakit, baina azkenaldian sarien gainean ikusi, entzun eta […]