Leiakortasuna (bai, horrela, h gabe)

Leiakortasuna

LeiakortasunaCarrie Fisher hil da. Gora Carrie Fisher!

Izar berri bat piztera doa mundu osoko frikien iruditegian, fikzioaren zeruan, heriotzak sortutako izar bat, edo Heriotzaren Izarra, nahiago duzuen bezala. Beharbada asko esatea litzateke, Fisher beste mundura pasa baita, eta ez beste bandora, alde ilunera, dakigunagatik bederen.

Star Wars fama handikoa izan arren ez pentsa gerra handirik dagoenik izarren artean. Leia printzesaren pertsonaiak Fisherri eman zion leiakortasunaz (bai, horrela, h gabe) gozatzen dute artista ugarik, eta bizitzan zehar bidaia-lagun dutena beren heriotzan lehertu eta fenomeno sozial bihurtzen da. “O, ez, 2016, aski da, joan zaitez, ez sufrimendu gehiago eragin, zeinen urte gogorra…” dio Madonak, eta noski, 2016 badoa, zeren eta Madona marimandona, Madona marimandona, guztiek egiten dute beti berak nahi dona“.

Prince hil zen; Prince, bere izena ezin zela ahoskatu zioen musiko hura, bere deitura sinbolo ahoskaezin bat zena. Leonard Cohen ere hil zen, handietan handiena, “aleluyah”, “take this walls” eta beste askoren aita. David Bowei zendu zen, abangoardia, modernoa, bere garaiari aurre hartutakoa. George Michael gehitu behar zaio zerrendari, pop musikaren ikono erraldoia; eta orain Carrie Fisher.

Hedabide askotan azpimarratu dute oso urte beltza izaten ari dela hau, balio handiko jendea hil baita, atera kontuak, eta jarraian bota dizueten zerrendatxo hori botatzen dute; non hildako guztiak anglosaxoiak eta ondorioz ingelesdunak diren.

Hori da leiakortasuna, batzuk daukatena eta besteok ez. Munduan dagoen lehiakortasunaren lagin txiki bat besterik ez da.

Baina, tamalez, beste musikari ugariĀ hil dira aurten, tartean asko eta asko, kolpe bakar batean, duela egun gutxi; eta nola ez dudan erreportaje negar-eragile askorik ikusten inguruan, doakie omenaldi txiki-txiki bat. Haiei, eta aurten joan eta hemen aipatzen ez ditugun musikari guztiei, noski; baina gaur, bereziki, leiakortasunez lepo dagoen zeruan piztu diren dozenaka izar horiei: musikari, artista oro zein langile.

Mikel Laboa hil zenean urteko errepasoa egiterakoan ez zutelako hedabide askotan sartu; Viyan Peyman iaz borrokan zendu zenean inork gutxi kontatu zigulako; duela gutxi Itsaso Beltzean desagertu den Valeri Jaliloven kalitate musikalarengatik ezer gutxi entzungo dugulako.

Guztiei. Galaxia orotan, betiko argia.

Leiakortasuna