Lau begirada biluzketari

Lau begirada biluzketari
Loraldia Festibalak Jokin Oregik, Mireia Gabilondok, Garbi Losadak eta Fernando Bernuesek sortutako lau pieza labur, independente eta berri aurkeztuko ditu. Strip-tease’ izenburuko ekoizpen propio honek sormen prozesuarekin esperimentatzea du helburu. Emaitza, Arriaga Antzokian ikusiko dugu, martxoaren 24an eta 25ean, ostirala eta larunbata, 20:00etan.
Eskarmentu eta prestigio handiko sortzaile hauei strip-tease gaia sormen iturria duen antzezlan bat sortzea eskatu die Loraldiak. Hari probokatzaile honetatik tiraka, biluzteari ekiteko lau era ezberdinen lekuko izango gara. Loraldia Festibalak arrisku artistikoak hartzeko konpromiso irmoa adierazi du lau hazietara eta hona hemen horietako bat.

Hauek dira ‘Strip-tease’ antzezlanaren piezak, 10 eta 20 minutu arteko luzaera dutelarik:

.

Orduan, ez naiz biluztuko?

Strip-tease hitza entzun orduko irudiak, galderak, kitzika, kezkak, adostasunak, itzal eta argiak pilatzen zaizkigu buruan; haiek eranzten hasi eta ez da erraza jakiten bero edo hotz bukatuko dugun. Lau aktore strip-tease casting batera aurkezten dira. Gorputzak baino, gizarte honen miseriak azalaraziko dira.

Egile eta zuzendaria: Jokin Oregi.

Aktoreak: Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Lander Otaola eta Getari Etxegarai.

Musika: Adrian Garcia de los Ojos.

.

Lady Godiva: ikusten ez dena, ez da

Antzezlan honetan lehenengo biluzte erreibindikatiboa gogoratzen da. XI. mendean, Lady Godiva izeneko emakume bat Coventry konderri ingeleseko kalez kale paseatu zen, zaldi baten gainean eta biluzik, zergak bajatzeko eskatzeko.

Zuzendaria: Garbi Losada.

Gidoia: Garbi Losada eta Jose Antonio Vitoria.

Aktoreak: Klara Mendizabal, Aitor Beltran eta Asier Hernandez.

Irudiak: David Bernués.

.

Zutaz blai

Garun paralisia sufritzen du eta gurpildun aulkian mugitzen da Telmo Irureta aktorea. Bere harremanak eta bizipenak abiapuntu hartuta, desio biluztuen eta biluztearen desioak jorratuko dira pieza honetan.

Zuzendaria: Mireia Gabilondo. Gidoia: Telmo Irureta, Mireia Gabilondo.

Aktoreak: Telmo Irureta, Eneko Balerdi, Haritz Morras, Oskitz Gorrotxategi.

Irudiak: David Bernués.

Jantziak: Ana Turrillas.

.


Begirunea

Bere aitonaren gauzen artean aurkitzen duen emakume biluzi baten argazki aurpegi gabearen misterio sentsualak gure narratzailearen jakinmina piztuko du… eta geurea ere bai.

Zuzendaritza eta dramaturgia: Fernando Bernués, Alfredo Sanzolen lan batean inspiratuta.

Aktoreak: Sara Cozar, Iñaki Rikarte.

Argazkiak: Juantxo Egaña.

Jantziak: Ana Turrillas.

Eszenografia: Fernando Bernués.

Lau begirada biluzketari

Lau begirada biluzketari Lau begirada biluzketari Lau begirada biluzketari