Kantuaren kantoia, Berbaldi musikatuak lau musikarigaz

Argazkia: Asier Arroita
Argazkia: Asier Arroita

Eskuartean euren gitarra dutela etorriko dira lau musikariak (Anari, Mikel Urdangarin, Txuma Murugarren eta Petti) Platerueneko gau-emanaldi berezietara. Juanan Hernandezen berbatan, “lehenengoz frogatuko dugun esperimentua da Kantuaren Kantoia”. Antzeko proposamena, irratian egiten diren elkarrizketa akustikoak lirateke, baina Hernandezek nabarmentzen duenez, Kantuaren Kantoiak ez du horiekin antzekotasun handirik.

Irratietakoetan sarritan azken helburua disko baten promozioa egitea izaten den bitartean, Kantuaren Kantoiaren helburu nagusia “gehiago da musikaria biluztea”, dio Hernandezek; musikaria gehiago ezagutzeko aukera eskaintzea Plateruenera biltzen diren entzuleei. Asmoa “saioaren ardatza kantua izatea da”, dio.

Egile bakoitzak Durangora zer kanta ekarriko duen hautatzen, erabat “libre” utzi dietela dio Hernandezek: eurak gura dituzten kantak aukeratu dituzte lau musikariek. Eta aukerak asko eta askotarikoak izan litezke: euren disko eta maketetan jasotako kantez gainera, gustuko duten musikari edo talde baten bertsioa, edo txikitan amari entzundako kanta bat hautatu ahalko dituzte Kantuaren Kantoian eskaintzeko musikariek.

Euren bizitzan eta  ibilbide musikalean eragina izan duten kantak aukeratu eta eskainiko dituzte. Horregatik,  saioen nondik norakoa aurrez azaltzea ezinezkoa dela diosku Hernandezek: emanaldi oso bereziak izango dira.

Kantuen inguruan eratzen joango da berbaldia. “Musikariek aukeratutako kantak izan daitezela

Argazkia: Asier Arroita
Argazkia: Asier Arroita

solasaldiaren abiapuntua eta ardatza”: horixe da aurkezle eta gidari izango denak esan diguna.
Txuma Murugarrenek, esate baterako, dagoeneko aurreratu ei dio Hernandezi Kantuaren Kantoian egin gura duena: “Kanta baten sorrera prozesua zelakoa den erakustea”. Horretarako, hasierako maketetako kantak eta bitarteko bertsioak ekarriko ditu, besteak beste Durangon.

“Protagonistak, musikariak eta euren kantak” izango dira ekimen honetako lau saioetan. Normalean ezagutzen ez dugun musikarien alderdia entzun eta ikusteko aukera izango da entzuleek izango dutena. “Biluzte ariketa” moduko batean, sorkuntzara gerturatuko gaituzte musikariek.

Publikoak, sekula baino gertuago izango dituen lau sortzaile horiei galderak egiteko aukera izango du. Gertutasun eta giro intimo hori lortzeko, eszenografia berezia atonduko dute Plateruenean. Berrogeita hamar lagun ingururentzako jesarleku eta mahaiak ipiniko dituzte Plateruenean, eta musikariak jendartera jaitsi beharrean, entzuleak igoko dituzte oholtzara: bereziki prestatutako eszenografia  izango du Kantuaren Kantoiak.

Musikari legez duten ibilbide eta garrantziagatik ez ezik, “kontatzeko gauzak” izan ditzaketelako hautatu ei dituzte lau musikariok: “Sortzaile moduan esateko gauzak dituzten musikariak dira Anari, Mikel Urdangarin, Txuma Murugarren eta Petti”.  Gazteak izan arren, ibilbide luzea duten lau musikari baitira.

Musikarientzako aparteko lana da Kantuaren Kantoikoa: behin bakarrik erabiliko den materiala sortzeko prest agertu dira musikariak, “esfortzu berezia eginez”, antolatzaileek nabarmendu eta zinez eskertu dutenez.

Datozen udazkenetan ere jarraipena izango duen sortzaile eta entzuleen arteko hitzordua bilakatzea Kantuaren Kantoia: horixe da Platerueneko antolatzaileen helburua.

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria