Jordi Évole: “Nahi duguna elkarrizketatzeko eskubidea dugu; are gehiago Arnaldo Otegi bada”

Testua: Saioa Baleztena @SaioB eta Jordi Molina @molina_jordi
jordi evole
Argazkia: ENRIC CATALÀ @EnricCatala

Euskal Herrian audientzia datu bikainak ditu Espainiako La Sexta telebista kateko ‘Salvados’ saioak. Boterearen azote gisa ikusia den Jordi Évolerekin (1974, Cornellà del Llobregat) izan gara.
Pozez hartu du gure bisita, eta parez pare zabaldu dizkigu Ramón Lara zuzendari eta ekoizlearekin batera duen bulegoaren ateak. Elkar aurkeztu eta elkarrizketa hastear dugula oparitu diogu GAZTEZULOren martxoko zenbakia, eta konturatu gabe, bera hasi da gu elkarrizketatzen; berezkoa du jakinmina. Kontatu digu lagunekin egin zuen lehendabiziko bidaietako batean etorri zela Euskal Herrira estreinakoz, eta ordutik, estimu berezia diola gure lurrari.

 

Ez nekien hainbertzeko estimua zenionik Euskal Herriari…
Duela gutxi, udako oporretan, zure herritik (Bera) gertu egon nintzen, Zugarramurdiko borda zoragarri batean. Tira, berez katalan orok du Euskal Herriarekiko miresmena, eta nire kasuan, bertan ezagutu dudan jendeagatik miresten dut, arrazoi politikoengatik baino gehiago. Katalanoi falta zaigun berezko izaera duzue, ausartak zarete eta ideiak argi dituzue… Niri ere halakoa izatea gustatuko litzaidake! Badakizu, ez garen hori mirestea da gizaki ororen joera.

Joera hori aldatzen ari dela aipatzen da Katalunian; orain, Euskal Herriak begiratzen omen du liluratuta Kataluniara.
Gutxiegi ezagutzen zaituztet edo baieztapen hori ez du sekula euskaldun batek onartuko. Kataluniaren eta Euskal Herriaren testuinguruak oso desberdina dira, eta maizegi alderatu ohi ditugu alderagarriak ez diren gauzak. Badakizu, Espainia ez da Grezia, Katalunia ez da Euskadi… Kar, kar, kar.

‘Salvados’ (LaSexta) telebista saioak bost urte bete zituenean aitortu zenuen Arnaldo Otegiri egin zenion elkarrizketa izan zela ordura arte egindako zailena. Geroztik hainbat egin dituzu; zailagorik?
Zalantzarik gabe, nire ibilbideko elkarrizketa zailenen zerrendan kokatzen dut Otegirena, batez ere, elkarrizketa hitzordurik ez genuelako! Bertara iritsi ginenean ez gintuen inork espero, eta jende guztia harrituta gelditu zen. Are gehiago, Otegirengatik izan ez balitz, ziurrenik ez genuke elkarrizketa egingo, bere inguruak jarri baitzituen berak baino traba gehiago.

Zalaparta galanta eragin zuen elkarrizketak.
Madrilgo hedabideetatik zaplastekoak bata bestearen atzetik jaso genituen, eta banda armatuarekin kolaboratzen genuela ere salatu zuten. Elkarrizketa haren ondorengo egunetako berriak gordetzen ditugu oraindik. Ikaragarria izan zen! Hala ere, argi dut kazetariok nahi dugun protagonista elkarrizketatzeko eskubidea dugula; are gehiago Arnaldo Otegi bada.

jordi evole
Argazkia: ENRIC CATALÀ @EnricCatala

Oker ez banago, berriro elkarrizketatu nahi duzu, baina otsailean Fernández Díaz Espainiako Barne ministroari egin zenion elkarrizketan aipatu zenuenaren arabera, Espetxe Erankundeak debekatu egin dizu.
Otegirekin hitz egin dugu, eta bera prest dago Logroñon elkarrizketa egiteko, baina Espetxe Erakundeak, momentuz, ez digu baimenik ematen. Beraz, Barne ministroari egin nion elkarrizketa erabili nuen, era berean, formalki baimena eskatzeko. Egia esan, herrialde honetan atzeraka goaz: 90eko hamarkadan Jesús Quinterok Cuerda de presos izeneko saioa egiten zuen Televisión Española katean, eta astero-astero preso bat elkarrizketatzen zuen. Gaur egun, aldiz, ezinezkoa da; are gutxiago Otegik duen izaera politikoko preso bat elkarrizketatu nahi dugunean.

Fernández Díaz aipatu duzula, Euskal Herriak dagoeneko badu Mozal Legearen biktima bat: Topatu.info atariko Iraitz Salegi. Zein iritzi duzu zuk lege horren inguruan?
Jendearen askatasuna mugatzen duen lege ororen kontra nago. Gaur egun bizi dugun gatazka unean ez da ideiarik onena kalera aldarrikapenak egitera atera nahi duen jendea kikiltzen saiatzea. Tamalgarria iruditzen zait.

Zein da, zure ustez, euskaldunok oraindik zintzilik dugun ikasgaia?
Azkenaldian asko gainditu dituzue, neska! Egia esan, aldaketa nabarmena ikusi dut bertan egin ditugun azken saioetan. Aspaldi, Estatuko alderdi politikoetako jendeak kamera aurrean hitz egiteari beldurra zion, eta azken saioetan aldiz, beldurrik gabe hitz egin dute. Alderantziz, lehenago harrotasunez hitz egiten zuen bat baino gehiago zuhurragoa izan da azkenaldian. Ez dakit beldur kontua den, baina argi dago jende anintzentzat orain Euskal Herrian bizitzea ez dela urte askotan izan den bezain mingarria.

 

Irakurri elkarrizketa osoa Gaztezulo.eus-en

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.