Jackson Three: aitaren bide beretik

Michael Jacksonen izarra, by MC, Flickr
Michael Jacksonen izarra, by MC, Flickr

Lau urte zituela eszenatoki batera igoarazi zuen Joe Jacksonek, Michael eta 1967an, beste lau anaiekin batera Jackson Five taldea sortu zuten. Poparen erregearen karreraren hasiera zen, musikaren historiako disko salduenaren egilearena. Baina gailurrera iristeko gogor ordaindu behar izan zuen, duela aste gutxi batzuk hil zen arte ordaintzen jarraitu zuen prezioa, hain zuzen ere. Izakera eszentrikoa, gutxik ulertzen zutena, transformazio fisiko kasik beldurgarria eta justiziarekin zituen arazoak dira Michael Jacksonek munduko herritar askoren memorian utzi duen oroitzapena.

Haurtzaro eta gaztaro gogorra izan dira Michael Jacksonen ezagutu dutenen aburuz, bere arazoen erantzule eta orain, abeslariaren aitak bide berean jarri nahi ditu Prince Michael I, Paris eta Prince Michael II. 12, 11 eta 7 urte dituzte, hurrenez hurren, Michael Jacksonen seme-alabek. Argi dago Jackson familiako buruak denborarik ez duela galdu, semea hil eta gutxira, heriotzaren tiraldia aprobetxatuz Chi Coast Entertainment diskoetxea aurkeztu baitzuen.

Haur prodijio gisa definitu izan dute Michael. Gazte gaztetatik musikarako talentu berezia erakutsi baitzuen. Joe Jacksonek negozio aukera ikusi zuen tokian, aldiz, ezbeharra ikusi zuten askok. Ohikoa baita txikitan gaitasun bereziak dituzten haurrek, izar bilakatzen direnak, eroriko gogorrak izatea. Michael ez zen salbuespena izan.

Musikaz gain, zinema da agian talentudun haurren gainbehera gehien bildu dituen artea. Hollywood-eko ametsa, ametsgaizto bilakatu baitzaie aktore askori. Adibide garbiena, Macaulay Culkinena da, mundu osoko pantailak etxean bakarrik geratzen zen haur baten azalean bete ondoren, drogarekin arazoak izan baitzituen oso gaztetatik. Michael Jacksonen bideoklip bat ere grabatu zuen, hain zuzen ere, Culkin gazteak. Zoritxarrez, ez da adibide bakarra.

Kiroletan oso gazterik abilezia ikaragarriak erakutsi dituzten haurrak ere badira. Gehienak ez ditugu ezagutzen, bidean geratzen baitira, urrezko etorkizuna eskuratu ez izanaren desengainua sufritzen. Haurren esplotazioa futbolean gertatzen da, batik bat. Eto’o eta Messi, oso gazterik futbolera dedikatu ziren kirolarien bi adibide dira, baina horiei ongi atera zitzaien jokaldia.

Haur batek asimilatu ezin dituen esperientziak badira eta horiek gero ongi bideratzea ez da erraza izaten. Hala ere, bereziki argiak edo talentudunak diren haurrek, gehienetan, eurengan jarritako itxaropena ez betetzearen desengainua sufritu behar dute.

Gainbehera izan da, Michael Jacksonen heriotza artikuluetan gehien errepikatu den hitza. Ez dira ordea haur prodijio guztiak arazoz beteriko helduetan bilakatzen. Prince Michael I-ak, Paris-ek eta Prince Michael II-ak zorte apur bat beharko dute aitaren bide bera ez egiteko.

Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude