Itziarren Semeak: “Egun jendeak ez du pazientziarik disko bat osorik entzuteko”

Itziarren Semeak: “Egun jendeak ez du pazientziarik disko bat osorik entzuteko”

Diskoa labean sartu berri du Itziarren Semeak talde mungiarrak. Bi urte ibili dira eszenatoki batetik bestera saltoka, eta munduko txokoetan bildutako esperientziekin abesti berriak sortzeko grina piztu zaie. Ibon Altuna abeslariak kontatu dizkigu otsaila amaieran erdituko duten proiektu berriaren nondik norakoak.

Itziarren Semeak: “Egun jendeak ez du pazientziarik disko bat osorik entzuteko”

Disko berria sukaldatzen hasi zarete; nola doaz prestaketa lanak?

Estudioan sartu berri gara, eta oraindik frogetan gabiltza, abesti definitiboekin hasi aurretik. Oraindik lan dezente falta zaigu egiteko, eta berriro lokalera bueltatuko gara hainbat egunetan, lana fintzeko. Behin eta berriz errepikatzen den lan prozesu batean murgildurik gaude; lokalean entseatu, abestiei forma eman, eta buelta estudiora, soinu frogak egin eta pixkanaka disko berria osatuko duten soinuak definituz.

Nola antolatu duzue sormen lana?

Egia esan, gure lan egiteko modua nahiko automatikoa da; astearte eta ostiral bitartean egunero biltzen gara lokalean, zuzenekoak prestatu, eta tartea dagoenean, diskoaren abesti berriei buelta bat ematen diegu. Manex gitarrajoleak ideia berriak botatzen ohi ditu, eta hari horri tiraka, oinarria eraikitzen goaz.

Izenik ba al du jaiotzear dagoen proiektu berri horrek?

Ideiak baditugu, baina oraindik ezin dizkizut esan! [Barreak]. Erabaki gabe dugu, baina laster izendatuko dugu.

Zenbateko garrantzia du disko baten izenarekin asmatzeak?

Diskoaren izena ona bada hobe, balio erantsi bat ematen diolako eta horrek jendea gehiago erakartzeko aukerak handitzen ditu; baina nire ustez, garrantzitsuena kalitatezko musika egitea da. Izenak barrukoaz hitz egin behar du, interesa piztu behar du; baina ez da ezinbesteko elementu bat. Abestiak, horiek dira garrantzia dutenak.

Eta noiz erdituko duzue?

Otsailaren amaiera aldera, edo martxoan beranduenez; indartsu hasiko dugu urtea!

Ze itxura hartuko du?

Apur bat lasaitu gara disko berrian, eta aurreko lanarekin alderatuta, argiagoa dela esango nuke. Gure lanetan ska ilun bat entzuten da, distortsio askorekin; oraingoan ordea, soinuak ez dira horren bortitzak izango. Taldea ezagutzen dutenek segituan atzemango dute ildo beretik gabiltzala, eta gure estiloari leial izaten jarraitzen dugula.

[…]

ELKARRIZKETA OSORIK: GAZTEZULO.EUS

Itziarren Semeak Itziarren Semeak

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.