Iruñeko Udala eta auto-erregulazioa

Iruñeko Udala

Iruñeko UdalaIruñeko Udala eredugarria izaten ari da makina bat gauzatan: jaien antolakuntza metodoa, hizkuntza politika, etxekaleratzeak oztopatzen, neurri sozioekonomiko ezberdinak, oroimen historikoa… Euskal Herri osoko jendea emozionatu zen Asiron udaletik jaitsi eta leporaino betetako plaza hari aginte  makila eskaintzen zionean; zer esanik ez Iruñerriako jendea, azken urteetan hainbeste kalamitate, umilazio eta zapalkuntza pairatu behar izan dituena.

Poztu nintzen, pozten naiz, eta poztuko naiz aurrerantzean jarraitu badezakete; eta horretarako, ziurrenik, pozten garen guzti horien kritika zintzoak jasotzea ere komenigarria da. Zeren eta, ziur naiz, H28 aldizkariko kide gehienak, guztiak esango nuke nik, asko poztu zirela UPN, Nafarroako Herri Batasuna delakoa, Foru Gobernutik eta hiriburuko udaletik kanporatua izan zenean.

Nafarroako Komiki Azokak aldizkari honen bi lan zentsuratu zituen erakusketa batean: Guardia Zibila eta tortura lotzen zituena batetik, eta Opus Dei eta pederastia bestetik. Jarraian udalak agiri bat plazaratu zuen, beste inor baino lehen, honakoa esanez: adierazpen-askatasunaren eta artisten autoerregulazio-gaitasunaren arteko oreka aurkitu behar da. Horregatik hartu behar da aintzat iraileko alean (udan arazo teknikoak izan dituzte), besteak beste, Iruñeko korporazioari egindako kritika:

Iruñeako Udala

“1.- Nafarroako Komiki Azoka gero eta gutxiago da komiki, eta gero eta gehiago azoka.

2.- Opus Deiren eta Guardia Zibilen abusuen zigorgabetasun hori elikatzen du Tiza elkarteak.

3.- EH Bilduk gidatutako Iruñeko Udala oso azkarra da. Oso azkarra, zeren eta beste inori ezer esateko denborarik utzi gabe, ohar horrekin haiek izan ziren lehen-lehenak ergel hutsak direla argi uzten.

4.- Katakrakekoak oso majoak erakusketa osorik bertan jartzeagatik.

5.- Tizari kakatanplost.”

Femin Balentzia berak abesten du oraindik ere salesianoetara aita Migel ikustera joanez gero hobe dela ipurdia hormara hurbiltzea, eta torturari buruz zer esan. Nekane Txapartegi datorkit burura, Suitzako ziega zuloren batean, bere harreman kultural, afektibo, sexual, politiko guztiak etenda, burua janez ea bortxatu zuen estatura estraditatuko duten edo ez. Bortxatuak bakarrik daki zer pasatzen den bere burutik. Beharbada, enpatiagatik, Txapartegi ondo ulertuko dute eliz-gizonen gehiegikeriak sufritu behar izan dituztenak.

Artista batek hori dena salatzen duenean, erregimenaren alternatiba gisa aurkezten den, eta den, udal korporazio batek (EH Bildu tartean) “artistaren auto-erregulazioa” aipatzea hanka sartze larria da; eta hori Iruñeko Udala egungo kolorez luzaz ikusi nahi duen norbaitek esaten dizue.

Iruñeko Udala

Zer duzu buruan “Iruñeko Udala eta auto-erregulazioa”-ri buruz