Iraila datorrela, eskolako atsekabea

Chagrin d´école liburua, Daniel Pennac-ena
Chagrin d´école liburua, Daniel Pennac-ena

Hasieratik harrapatu nau liburuak. Idatzita dagoen eragatik eta liburu beraren sarrerako epilogoagatik: Daniel Pennac ikasle txarra izan zen, kalamidade bat, eta oraindik gaur egun ezin du bere ama zaharrak semearen kezka gainetik kendu: “Noizbait lortuko duela uste duzu?”.

Kapitulu laburretan antolatuta, bere esperientziatik kontatuta, umorez serio idatzita, samurtasunez gordin jaulkita, sakontasunez arin azalduta… irribarrea sortzen du bihotzean.

Eskolaren inguruan azterketa garrantzitsuak egiten ditu Pennac-ek: “Masa-kontsumoa eskolara oldarka sartu zenean, umeak eta gurasoak bezero eta kontsumitzaile bilakatu ziren. Eta eskolak ez du ezer saltzeko. Jakintza ematen du, beharrezkoa den zerbait, baina gutxitan desiratzen dena”. Edota “Eskola biolentzia guztien lekua da. Irakastea biolentoa da, bestea behartzea da. Ekintza iniziatiko oro biolentoa da!”

Interesgarria irakasleontzat, batez ere orain, eskolara bueltatzeko gertu gaudenean eta irakasteko eta hezitzeko indarberrituta itzuli behar dugunean. Interesgarria gurasoentzat, beti ere barrura begira irakurtzeko gai badira/bagara. Eta interesgarria hezkuntzaren diseinua egiten dutenentzat, berrikuntza guztietan ikasi arazten dizkiguten hitz potolo berri horiek irakasle ona izateko zein inportantzi txikia duten kontura daitezen.

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz