Iennei – Inoren Ero Ni

Iennei

Inoren Ero Ni 2002. urtean Andoainen sortutako euskal rock musika taldea da. Eneko, Mikel eta Drake BAP!! (Babarruna eta Aza Popularra) musika taldekoak, Borja Purr taldeko gitarra-jotzaile ohiarekin elkartu ziren abesti berriak entseatzeko. Entsegu horietatik Inoren Ero Ni jaio zen, palindromo eder bat erdituta. 2003an Kaki Arkarazoren eskutik Inoren Ero Ni diskoa grabatu zuten. Lau lagunek osatzen dute taldea: Eneko (ahotsa), Mariano (baxua), Borja (gitarra) eta Guantxe (bateria). Lehen diskaren ondoren beste hiru grabatu zituzten: Gronhölm (2008), Fosbury (2009) eta Fregoli (2011).

Taldea lan berri bat ateratzekotan dago eltzetik, irailaren 9an, ikasturte hasiera gozatzeko edo. Palindromoekiko beren zaletasuna beste behin ere agerian utzi dute: IENNEI izena izango du hurrengo diskoak. Aurrerapen gisa “Besteen joan etorriei so” abestia kaleratu zuten dutela aste batzuk, eta aste honetan bertan entzun dut lehen aldiz.

Batzuetan badakizue zer edo zer pikatzen hasiz gero gose handiagoa pizten dela, eta niri behintzat hori bera gertatu zait abesti honekin. Ez dakit zer iritzi duten musika kontuez ni baino gehiago dakitenek, baina niri euskaraz egiten ari diren sorkuntzen azkenaldiko panorama asko gustatzen ari zait, unekoa eta azken urteetakoa: Belako, Willis Drummond, Joseba Lenoir bera, Liher, Napoka Iria, Anarik eman diguna, Petti, Ferminen esperimentuak, Oliba Gorriak, Mursego, Lisabö, Kasernarat, McOnak …

Ez dut esango iraila iristeko irrikaz nagoenik ezta gutxiagorik ere, baina iristen denean xamurragoa egingo zait.

Iennei

Iennei