Idazlearen diruak

dirua-1.jpg

Mundu alu honetako AGUR LIBURUA, AGUR sarrera idatzi bezain pronto ohartu nintzen irakurketa okerrentzako ateak zabalduta jartzen nituela, nahastu egingo zirela irakurle kopurua eta erosle kopurua. Egia esan behar bada, gaiarekin eztabaida eta iritzi trukaketa baizik ez nuen nahi, eta izan da zuen iritzirik ere. Eskerrik asko eskuartu duzue denoi. Asmoa dut aurrerantzean ere gaiari eusteko eta horregatik nator gaur IDAZLEAREN DIRUAK izeneko honekin.

Atzoko iruzkinen artean usu aipatzen da literaturaz  bainoago, diru eta merkatu kontuez dihardugula. Ez da egia. Inondik inora. Irakurlea/eroslea binomioa erabiltzen banuen, besterik ezagutzen ez dudalako da. Hots, ez dakit zenbat jendek irakurtzen duen ale bakarretik eta ez dakit, ez eta ere, erositako ale guztiak irakurtzen ote diren ere. Baina, behintzat, liburu batek zenbat ale saldu duen jakitea, datu zehatza ezagutzea da eta, zergatik ez, erabilgarria oso. Horregatik nioen onenean ere bi mila erosle/irakurleko esperantza daukan idazlan batek, ba ote dezakeen literaturarik bultza. Hori, erantzunik ezagutzen ez dudalako galdetzen nuen. Aitzitik, diruarenak badakizkit, errazak baitira oso, baita matematiketan desastrea den honentzat ere.

Jo dezagun eleberri batek 15 euro balio duela. Diru horretatik 1’5 euro baino gutxiago joango zaizkio normalean egileari (zergak eta), baina gauzak borobiltzeko, jo dezagun baietz, 1’5€ jasotzen dituela saltzen den bere liburu bakoitzeko. Erantzuna erraza da, idazteko urtebete edo gehiago (normalean) hartu dion eleberri horrek, 1500€ ekarriko dizkio 1000 ale saltzen duen bakoitzeko. Atera hortik kontuak.

Bere kaskarrean, mentaja bihur liteke gertaera negargarri hori, eta egiazki hala dela uste dut: (helduentzat idazten duen) euskal idazleak ez du diruan pentsatuta idazten. Ez da hain zozoa. Beste kontu bat da, behin idatzi eta gero ahalik eta salmenta handienak egiten saiatzea, baina hala ere, zaudete lasai ez du eta txaletik erosiko zuek liburudendan ordaindutako dirutxoarekin. Eta hori on izan daiteke sorkuntza lanarentzat, ez baita merkatuaren aginduen menera egongo. Ez du zertan.

(Hurrengo atalak: EDITOREAREN DIRUAK, LIBURUDENDAKOAREN DIRUAK, BANATZAILEAREN DIRUAK, JAURLARITZAREN DIRUAK).

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

8 pentsamendu “Idazlearen diruak”-ri buruz

  • Idazlearen diruak…

    Oraingoan idazleek liburuen bitartez irabazten duten diruaz ari da alua.mundua.com…

  • Oraintxe bukatu dut “Agur liburua agur” bidalketaren iruzkina
    (http://alua.mundua.com/2007/01/29/agur-liburu-agur/#comments), eta oraintxe irakurri dut beste hau. Badaezpada, bertan jarri dudan iruzkinaren sarrera argitu nahi dut, beste bidalketa honekin lotua baitago. Esaldi honekin hasi naiz: “Nik uste dut, aurreko iruzkinetan norbaitek esan duen bezala, ezin dugula denbora osoan salmentak begiratzen egon.”
    Ez dut esan nahi idazleok izorratu eta pikutara joan behar zaretenik, KONTRAKOA NAHI DUT! Esan nahi dudana da, teknologia berriekin -Internet eta abar- zerbait idatzi, paperean argitaratu, saldu eta irabaziak jaso prozedura zaharkitua geratu dela nire ustez. Zerbait berria asmatzeko gai izan behar gara, Internet berak ematen duen askatasuna lege berriekin murriztu ordez, nola erabili asmatu.
    Zaila? bai… Esfortzuak merezi du? espero baietz…

  • Wow, susmoa neukan halabeharrez euskeraz argitaratu eleberriek diru gutxi eman behar zutela, baina ez nuen uste gauza hain txarto zegoenik. Egia da, konatxek dioen bezala, horrek askatasun gehiago ematen diola idazleari, ez baitauka merkatuaren aginduen menera egon beharrik. Baina egia ere bada idazleak bere lanari arreta osoa eskeini nahi liokeela, eta dirurik faltak hori zaildu egiten duela. Azken finean, diruak, txaletak ez ezik, denbora ere erosteko balio du.
    Zer eragin izan du “askatasun asko baina denbora gutxi” egoera horrek azken urteetako euskal literaturan? Ez dut uste lanen kalitatean eragin berezirik izan duenik (oker egon naiteke halere, euskal literaturan ez bainaiz adituegia). Baina eragina izan izan du, horretaz ez dago zalantzarik. Nire ustez bi dira eragin garbienak: Oro har argitaratzen diren eleberriak eleberri laburrak direla, eta ipuin-liburuak idazteko (eta irakurtzeko) sekulako joera dagoela. Fast-food-aren eredua jarraituz, “fast-literatura” bihurtzen ari ote da gure literatura?

  • Beraz, idazleek %10 inguru soilik jasotzen duzue? Zein kostu du liburu bakoitza inprimatzeak?

    Kooperatiba bat sortu eta liburuak interneten bidez zuek zuzenean saltzea pentsatu duzue? Gutxienez liburudendek daramaten zatitxoa zuen boltsikoan geratuko litzateke…

  • Lasai Aitor, aipatutako serie guztia amaitzean, ikuspegi “osoago” bat edukiko dugu, seguruenez. Baina astia eman hurrengo entregak egin ahal izateko, honetatik ere ez baikara bizi. Dena den, esan bezala da: %10 jasotzen du idazleak bere liburutik, eta aipatzen duzun kooperatiba hori, nolabait, egina dago. Susa deitzen da eta %12 ordaintzen du. Baina, esan bezala, zaude lasai ikuspegi osoago baten zain, eta agian ulertuko duzu liburudendakoarena ez dela koskarik handiena, soilik parteetako batek ateratzen diola dirua liburuari gurean. Eta segi proposamenak egiten, horretarako gaude eta. Mertzi.

  • XL-ri erantzunez:
    ipuin-liburuak edo eleberri motzak, motzak izateagatik bakarrik, txarragoak izan daitezkeela iradokitzea soilik, tontakeria itzela iruditzen zait.

  • Hasier, oso interesgarria da hau, hurrengo atalen zain geratzen naiz…

  • Barkatu Potrozorri. Ez nuen nik hori iradokitu nahi, baina nire iruzkina berriz irakurri ondoren hori ematen du, egia da. Gustokoen ditudan idazleen artean Borges aipatzen dut beti, eta harek ez zuen inoiz eleberririk idatzi. Esan nahi nuena da eleberri potolo gutxi argitartzen direla euskeraz, eta agian horren arrazoia diru falta izan daitekeela, besterik gabe.

    Gainera fast-food-a ez da definizioz txarra. Niri behintzat asko gustatzen zait (ez burgerrak, baina bai Pret a manger eta halakoak).

    Aitorrekin bat nator: oso gai interesgarria da egungo euskal literaturaren alde ekonomikoa.