Hizkuntza, ideien eroalea

Hizkuntza, ideien eroalea

XIII. mendean, Federiko II.ak, Germaniako Erromatar Inperio Santukoak, gizakiaren berezko hizkuntza antzemateko asmoz, esperimentu antropologiko berezi bat egin zuen hainbat umezurtz jaioberrirekin. Gizartetik urrun eta isolaturik eduki zituen eta “zaintzaile eta erizainek isiltasun osoz elikatu eta garbitu behar zituzten; hala, hebreera, grekoa, latina, arabiera edo haien gurasoen hizkuntza hitz egingo zuten jakingo zuen erregeak. Baina alferrik egin zuen lan, haurrak ezin baitziren bizi aurpegiaren edota eskuen keinurik edo txalorik gabe.” idatzi zuen Salimbene di Adam kleroak bere Kronikak liburuan.

Hizkuntza, ideien eroaleaGaur egun honako esperimentuak krudelak iruditu arren, momentu batez gure baztertze-sistema automatikoa geldiarazi, gauzak beste ikuspuntu batetik ikusi, egoera desegin eta beste datu baliagarriagoak bilatu behar dira.

Federiko II.aren esperimentu honek informazio interesgarria ematen digu; ez bakarrik haurren heriotzarena, baizik eta hizkuntzaren eta komunikazioarena ere bai. Hizkuntza da gure munduaren esentzia, gure errealitatea eraikitzen eta ulertzen laguntzen diguna; hauxe da zehazki XX. mendeko Ludwig Wittgenstein, filosofo austriarrak proposatu zuena. Baina pentsatzean hitzetan pentsatzen dugu, eta hitzetan pentsatzen ez dugun guztia, erreflexuak edo bestelako mugimendu naturalak dira. Hala eraikitzen da gure mundua: hitzetan.

Halere, hitz horiek ez dira agian guztiz objektiboak, eta honegatik, gure munduaren errealitatea geroz eta subjektiboagoa bihurtzen da hazten garen bitartean. Honegatik du gizaki jaioberriak munduaren ikuspegi puruena. Baina desabantaila bat du gizaki jaioberriak: mundu hori ezagutzeko eta eraikitzeko esperientzia eta hizkuntza falta zaio, eta beraz, ezin du pentsatu. Honen arabera, ziega haietan hil ziren umeek ez zuten pentsatzen ikasi.

Honek ongi azaltzen du hizkuntzaren boterea, gure mundua, pentsamenduak eta sentimenduen gaineko kontrola. Honegatik, hizkuntza geroz eta hobeto menderatzen duenak, hainbat eta hobeto eta zehatzago pentsatu eta mintzatu daiteke. Ideia hau George Orwellek ikertzen du bere liburu famatuan: 1984. Liburuan, estatuak hiztegia izugarri murrizten du, hala, biztanleriak gobernuaren aurkako pentsamenduak ezin izateko. Honela, gobernuko partidu bakarrak erresistentziaren sorrera saihesten du, jendeak ez baitu erregimenaren aurkako ideiak pentsatzeko ahalmenik.

Hitzak ikasi eta hizkuntza menderatu ahala,  ideiak  indartsuagoak bihurtzen dira. Baina botere hori ez da beti egia adierazteko erabiliko, egia dena izan daitekeelako hizkuntzaren erabileraren araberakoa; erretorika kalapita sortzeko edo ordena ezartzeko.

Hizkuntza, ideien eroalea