Gose izatea da garrantzizkoa

cc-by:sprungli
cc-by:sprungli

Joan ebanjelariak oso hizkuntza gihartsua darabil, Jesu Kristorekiko batasuna janaritu beharra dugula azpimarratzeko. Horrela bakarrik sumatuko dugu hura gure baitan bizi dela. Joanen arabera, ezinbestekoa da Jesus jatea: «Ni jango nauena nire bidez biziko da».
Hizkuntza, ordea, are gordinagoa bihurtu da Jesusen haragia jan eta haren odola edan behar dela dioenean. Argi eta garbia da testua: «Nire haragia benetako janaria da, eta nire odola benetako edaria. Nire haragia jaten eta nire odola edaten duena nire baitan bizi da eta ni haren baitan».
Baina hizkuntza honek ez du jada inolako zirrararik eragiten kristauen artean. Haurtzarotik entzuten ohituta, lehen jaunartzetik egiten duguna pentsatzen ohituta gaude. Denok ezagutzen dugu kristau-ikasbidean ikasitakoa: jaunartzeko unean, Kristo presente gertatzen da gugan eukaristia-sakramentuko grazia dela medio.
Zoritxarrez, honetara muga daiteke guztia behin baino gehiagotan: otoitz-giroan pentsatu eta onartutako dotrinara. Baina, sarritan, hauxe falta zaigu: Kristo geure bizitza konkretuan haragitzearen esperientzia. Ez dakigu nola ireki geure barrua hari, bere Espirituaz gure bizitza janaritu dezan eta gizatarrago eta ebanjelioaren araberakoago eginez joan dadin.
Ogi sagaratua hartzeko, sakramentu-erritua betetzera erdi-oharkabean joatea baino zerbait gehiago da Kristo jate hori. Kristorekin bat egite horrek fede-egintza eskatzen du eta indar bereziko irekitasuna, batez ere sakramentuz jaunartzean bizi beharrekoa, baina baita Jesusekiko bizi-harremanetako beste esperientzia batzuetan ere.
Jesusen gose izatea da garrantzizkoa. Sakon-sakonetik harekin topo egin nahi izatea. Haren egiari geure barrua irekitzea, bere Espirituaz markatu gaitzan eta gugan den alderik hobena indartu dezan. Oraino ebanjelizatu gabe diren gure bizitzako aldeak argitu eta eraldatu ditzan uztea.
Orduan, Jesus gure janari egitea Ebanjelioaren alderik egiazkoenera, xumeenera eta benetakoenera itzultzea izango da; haren jarrerarik oinarrizkoenak eta funtsezkoenak baitaratzea; gugan hura bezala bizitzeko sena piztea; ikasle eta jarraitzaile garenaren kontzientzia esnatzea, hura geure bizitzaren muin bihurtzeko. Jesusez janaritzen den kristaurik ez bada, gogogabeturik gertatuko da Eliza, erremediorik gabe.

Jose Antonio Pagola

BERRI ONAREN Sare Ebanjelizatzailea
Eragin ezazu Jesusekiko gosea. Bidali hau

2009ko abuztuaren 16a
Urteko 20. Igandea (B)
Joan 6,51´58

ebanjelioa, Gehitu etiketa berria, Nazareteko Jesus

Aita nuen Pagola; ama, berriz, Elorza. Nere izena, Jose Antonio. Añorgatarra naiz sortzez. Nazareteko Jesusen Berri Onaren muina eskeini nahi dut astean behin. Hau katalanez, gazteleraz, frantsesez, ingelesez, italieraz eta portugesez zabaltzen da munduko plazara. Zuk zeuk har dezakezu orain euskaraz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude