Gorka Urbizu: “Beharbada bekaizkerian inor baino espainolagoak gara”

Gorka Urbizu: “Beharbada bekaizkerian inor baino espainolagoak gara”

Burgosen, Mexiko DFn zein Santiagon. Azken hilean hamar bider igo da oholtzara Berri Txarrak. Ahotsari urratua igartzen zaio, hitza argi asko darion Gorka Urbizuri (Lekunberri, 1977). Elkarrizketan sartuta arreta eskuetara ere zuzendu da. Sarri mugitzen ditu: hatzak elkar igurtzitzeko -pelotarien antzera-, azkurak askatzeko, esaldiei indarra emateko, edo, auskalo, soilik kitarra faltan duelako.

Orain dela 20 urte, 1994an ekin zionetik, Berri Txarrak-en hariari eutsi dion taldekide bakarra da Gorka Urbizu. Galder Izagirre baterian eta David Gonzalez baxuan dauzka lagun, eta haiekin dabil “Denbora Da Poligrafo Bakarra” disko hirukoitza taula gainera igotzen. Zaleek modu masiboan erantzun dute etxean -diskorik salduena; hiriburuetan bina kontzertu segidan eta sarrerak agortuta- eta atzerrian aitortu dute DDPBren atzeko lan baliotsua. “Hamar lagunen aurrean ere jo berri dugu Mexikon. Ez da lehenbiziko aldia izan, eta ez da azkenekoa izango”.

Euskal musikan gaur egungo erreferente gutxiegi dagoela diote batzuek: hona bat. Oihu egin nahi duten aldiro zalego sentitua daukate; entzuteko, abesteko eta mugitzeko prest. Agerikoa da txiki gelditu zaizkiela plazak. Euskal rock-aren ikur modernoa gehienentzat, gutxiestu beharreko mainstream beste gutxi batzuentzat. Arrakasta existitzen bada gure herrian, Berri Txarrak-en ikuskizunen esentzia dauka seguru.

Oihaneder Euskararen Etxean bildu gara, Gasteizen. Bertan izan da Alea-k eta Hirinet-ek gonbidatuta, elkarrizketa ireki batean parte hartzeko. 1980-90eko rocka eta komikigintza gai duen erakusketa dago ur biltegian. Sofa beltz batean eseri dugu Urbizu.

Gorka Urbizu

Ez da ohikoa disko berriko abesti den-denak jotzea kontzertuetan.

Jarrera kontu bat zen. Behin disko hirukoitzaren abenturan sartuta gure mezua zen pozik gaudela egindakoaz eta hauxe dela orain Berri Txarrak-en harrikada. Jendea beharbada gusturago legoke kantu zaharrekin edo nahasketekin, baina egongo da aukera aurrerantzean ere. Egileak egindako azkena aurkeztu nahi du eta halaxe hasi ginen. Gerora aldatzen joan gara eta azken kontzertuetan ez dugu diskoa osoarik jo. Ikusiko dugu.

Areto asko goraino bete dituzue, baina izan zarete biran leku hutsetan?

Mexikon egon gara eta jo dugu hamar lagunen aurrean. Ez da lehenengo aldia izan ezta azkena izango ere. Estatutik kanpo nahiko maila undergroundean mugitzen gara. Urteak daramatzagu areto txikietan jotzen, lagunen etxeetan lotan, horrelako baldintza kaxkarretan. Kontziente gara. Munduko talde gehienak horrela dabiltza. Rockean sartzen denak badaki zer edukiko duen. Guk Euskal Herrian kontzertu jendetsu eta zale fidelak izateko pribilejioa daukagu. Adibidez Gasteizen bi gau segidan jotzea handia da. Kantak buruz kasik gu baino ondo dakiten jendearen aurrean. Mexikon… nik nahiago nuke bostehunen aurrean hamarren parean baino. Tira, Mexiko DFn jendetsuak izan ziren. Denetik dago.

Abesti berriez gain, sentsazio berriak izan dituzue bira honetan?

Oniritzi popular bat igarri dugu. Urteen poderioz iristen da momentu bat non zerbaitek klik egiten duen. Gogoan dut ‘Jaio. Musika. Hil’ atera genuenean sumatu genuela horrelako zerbait. Hasiera batean Berri Txarrak-en zalea ez zen jendeak aitortza hori egin zuen. Ez dakit inflexio puntu bat, baina bai taldea hazten ari zen zantzu batzuk. Orain antzeko sentsazioak dauzkagu. Oharkabean hamar lagunen artean jotzen duzun horrek ere balio du, eta horrelakoak egitearen poderioz iristen da oniritzia, gure kasuan behintzat. Jendeak baloratu du konstantzia bat eta jarrera bat. Ez dakit talde asko dauden munduan hogeigarren urteurrenean 20 kantu eta hiru disko ezberdin egiteko marroian sartzen direnak. Apustu hori egin genuen, eta zalantzak genituen arren, uxatu ditugu erabat. Disko duina egin dugu.

Promozio lanetan erabaki duzue burubelarri sartzea. Zergatik?

Ez dakit aurrekotan baino gehiago egin dugun. Batu da disko berezia eta hogeigarren urteurrena, horrelako efemerideen zalea ez naizen arren. Gogorarazi dugu jendeari 20 egin ditugula. Promozioa gure lanaren beste fase bat bezala hartzen dugu. Jakinmin handia sortu du diskoak eta sare sozialekin badirudi beti pelmada ematen gabiltzala. Norbaiti pelmada eman badiogu barka diezagula, baina gure lana da.

Talde bezala arrakasta izateagatik errudun sentiarazi zaituztete?

Berdin bekaizkeria Espainian, Estatu Batuetan ala Euskal Herrian?

Alde handia dago Euskal Herriko oihartzunaren eta kanpokoaren artean, jendeak estrapolatu arren. Salbuespenak salbuespen talde txikia gara eta maila underground batean mugitzen gara. Hor ez dago bekaitzerako tarterik, ezta ezer egozterik ere. Beste talde bat gehiago gara borrokan dabilena, ahalik eta kontzertu onenak eman nahian. Euskal Herrian ere halaxe da. Kontua da historia bat eta publikoa dugula.Kontziente gara Euskal Herrian talde aktiboa garela, gauzak egiten ditugula, beraz batzuetan hanka sartzen dugu, eta bestetan asmatu. Azken finean, plazan gaude ikusgarri eta beraz kritikagarri. Onartzen dugu lanaren alde hori ere.

Egoera politikoarekin zenbateraino zaude etsituta?

Erritmoen inguruko kezka dugu. Batek esperoko luke borroka armatuaren amaieraren ondotik zerbait gertatuko ote zen. Ikusten dugu ez dela ezer handirik gertatu. Gauza jakina da prozesu hauek denbora behar dutela, gauza asko dagoela mamitzeko. Bestalde foko mediatiko eta errepresiboa Kataluniara mugitu izana hein batean positiboa izan da arnasa hartzeko, horretarako balio badu behintzat. Ea by-pass honek nora garamatzan.

‘Orain norbait zara’, malaletxearekin idatzita. Gustura gelditu zara.

Hirugarren diskoko kantuak bigarren pertsonan idatzitakoak dira eta ahoberoaren aurkako kantua da. Oso ausarta edo lotsagabea izan behar da pontifikatu eta lezioak emateko, eta badago horretarako joera duenik. Ez dut jende hori maite. [Joseba] Sarrik esandakoa da, orojakileak oro daki eta besterik ez. Muturreko txiki bat da eta gustura jotzen dugu zuzenean.

1980ko musikaren errentetatik bizi gara? [Rockomikiak erakusketan gaude]

Dependentzia bat badugu eta aro hori idealizatuta. Denboraren poligrafoa oso ondo pasa dute talde horiek, eta zor diegu gaur dugun asko. Aitortza ez dugu ukatzen, besterik da etengabe fokoa hor jarri eta nostalgia hutsak nora garamatzan. Hamarkada bi 90-00 alboratu eta gutxiestu dira, eta horrek jartzen nau urduri, arduratzen nau gehiago. Ez da hitz egin ondorengo hamarkadez. Nola hain nostalgikoak garen igual beste hamarkada batzuk pasa beharko dira horretarako. Noizbait ikasiko dugu.

Soilik perspektiba kontua da?

Testuingurua ahazten dugu. Gaur egun igual ezinezkoa da horrelako zerbait gertatzea. Hobera egin du kontuak beste gauzetan.

Zertan egin du hobera?

Baliabideetan, kontzertu kopuruan, aniztasunean, komunikazio bideetan. Garai hori [1980koa] bizitakoekin hitz eginda diot hau. Oso gauza interesgarria eta sutsua izan zen, baina bere akatsak ere bazituen. Hotzean pentsatuta beharbada ez zen hainbesterako izan. Hor ere badago rockaren sex appeal hori, gaur egun beharbada ez daukana. Ez dakit gaur egun rockak badaukan horrelako erakarmen indarrik.

Gorka Urbizu

Gorka Urbizu: “Beharbada bekaizkerian inor baino espainolagoak gara”
Berri Txarrak, denbora da poligrafo bakarra, gorka urbizu, Kultura, musika, Rock
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Gorka Urbizu: “Beharbada bekaizkerian inor baino espainolagoak gara””-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude