Garoa, zutabeak, oroitzapenak eta oroigarriak

Garoa, zutabeak, oroitzapenak eta oroigarriak

Garoan bada zutabe zuri bat, azalean polaroid erretratu andana itsatsita dituena. Argazkietako irakurleek, liburu bana gomendatzen dute irrifarrez, literatur zaleen mosaiko antzerako bat osatuz. Pasa den larunbatean, Donostiako liburu-dendaren azken minutuetan, zutabeari eta berau osatzen zuten pertsonei arretaz begira egon nintzen. Zeinen metafora aproposa, pentsatu nuen, Garoa ulertzeko. Garoa azaltzeko. Literaturak, kulturak eta sorkuntzak batutako lagunak, proiektu bat altxatzen. Zutik mantentzen.  Halaxe igaro baititugu azken bi urte t’erdiak.

Garoa, zutabeak, oroitzapenak eta oroigarriakPertsona horiei esker egin dira liburu aurkezpenak, hitzaldiak eta Paperezko Kontzertuak. Euren laguntzaz osatu dugu musikari, zein, artisten ordainsari duina. Eurak izan dira erosleak eta sortzaileak, elkarrizketatuak eta elkarrizketatzaileak, solaskideak, musikariak eta entzuleak. Ekimenak proposatu eta aulkiak jarri eta jaso dituztenak. Eurak izan zira giharra. Ruth Pérez De Anucitak eraman du irakurle kluba, Natxo, Iker, Xabi, Mattin, Yerobi eta Debolexi esker ditugu kontzertuetako bideo ederrak, eta zerrenda oso luzea da. Berauekin eta berauei esker izan da horren tristea pertsiana ixtea. Aitzitik, era berean, berauei esker izan da errazagoa, eramangarria, azken txanpa hau.

Larunbatean, lagun artean azken unblenblea egin eta atea krixketaz ixten genuen bitartean, Mikel Iturria eta Juan G. Andresek azken argazki bat atera zioten Garoari. Espaloian zizelkatua “Hemen ospatu zen Donostia 2016” leloa irakurri zitekeen eta parean zetzan Garoa itxi berriak. Horra beste metafora bat. Hemen datza Kultura, hemen legatua. Nabarmen uzten du erakundeen eta kulturgintzaren artean dagoen arrakala sakona eta elkar ulertu ezina. Akitu da 2016a eta Iturriak arrazoi du, aurrera begiratu behar dugu. Baina honetatik leziorik ikastekotan, ikas dezagun balioesten elkarlanaren kultura, antolakuntzarena. Balioetsi ditzagun Bukowski, Daba Daba, Altxerri, Hizki, Kaxilda eta sortuko diren proiektuak. Bizi-bizirik daudenak. Parte hartu dezagun proiektuotan, letra larriz idazten den Kultura horri eusteko.

Garoa itxi da, eta nork daki zer zabalduko duten Zabaleta kaleko 34. zenbakian. Banku bat? Kafetegia edo erropa denda? Ehorztetxea?  Dena dela, zutabeko nire polaroid erretratua kendu dut, Zarauzko Garoan itsasteko. Han ez da ezer geratuko, gure oroitzapenak baino. Izan daitezela Grosen bizitako momentu ederrak hango oroigarri bat eta bakarra! Tira, eta pareko espaloian DSS2016 ekimenak jarritako hilarria.

Garoa, zutabeak, oroitzapenak eta oroigarriak

Ekaitza bainuontzi batean