Ezkutuko zauriak

Jose Antonio Pagola
Jose Antonio Pagola

Inork ez daki isilpeko gaixotasun batek urratutako emakumea dela. Lege-maisuek irakatsi diote ezen har dezala bere burua emakume «kutsatutzat», odol-jarioak dituen bitartean. Urte asko egin du sendagile baten bila, baina ezin sendatu izan du inork. Non aurki lezake duintasunez bizi ahal izateko beharrezkoa duen osasuna?
Jende askok bizi du gure artean antzeko esperientziarik. Inork ezagutzen ez dituen ezkutuko zauriek makurturik, beren «gaixotasuna» inori agertzeko kemenik gabe, laguntza, bake eta kontsolamendu bila dabiltza, non aurkitu ez dakitela. Errudun sentitzen dute bere burua, askotan biktima huts direlarik.
Pertsona onak, Kristo hartzera hurbiltzeko gai sentitzen ez direnak; kristau jainkozaleak, modu gaixotian sufrituz bizi izan direnak, sexuari dagokion guztia lohia, umiliagarria, bekatuzkoa dela irakatsi izan zaielako; fededunak, bizitzaren azkenean, ustez sakrilego izan diren aitortzen eta jaunartzeen kate luzea nola hautsi ezin asmatu dutenak… Ez ote dute bakea inoiz ezagutzerik izango?
Kontakizunaren arabera, gaixo den emakumeak «Jesusez hitz egiten entzun dio» jendeari eta senak esaten dio bere gorputzetik eta bizitza osotik «kutsadura» atera dezakeen norbaiten aurrean dela. Jesus ez da mintzo ez duintasunaz, ez duintasun-ezaz. Maitasunaz mintzo da haren mezua. Jesusi indar sendatzailea dario.
Bere bidea bilatuko du emakumeak Jesusekin topo egiteko. Ez du kemenik Jesusi begietara begira jartzeko: atzetik hurbilduko zaio. Lotsa da bere gaixotasunaz hari hitz egiteko: isilka jokatuko du. Ezin ukitu du fisikoki: gainjantzia ukituko dio soilik. Ez du axola. Ez du batere axola. Bere burua garbi sentitzeko, aski du Jesusekiko konfiantza handi hori.
Jesusek berak esan dio hori. Emakume honek ez du zertan lotsatu inoren aurrean. Egin duena ez da gauza txarra. Fede-ekintza da. Bere bideak ditu Jesusek ezkutuko zauriak sendatzeko, eta bere bila dabiltzanei hau esateko: «Alaba, seme, zeure fedeak sendatu zaitu. Zoaz bakean eta osasunez».

ebanjelioa, erlijioa

Aita nuen Pagola; ama, berriz, Elorza. Nere izena, Jose Antonio. Añorgatarra naiz sortzez. Nazareteko Jesusen Berri Onaren muina eskeini nahi dut astean behin. Hau katalanez, gazteleraz, frantsesez, ingelesez, italieraz eta portugesez zabaltzen da munduko plazara. Zuk zeuk har dezakezu orain euskaraz.

Zer duzu buruan “Ezkutuko zauriak”-ri buruz

  • Oso komentario mamitsua eta egokia.
    Eskertzekoa, benetan, zuzeuk holako barri eta gogoetari emondako tokia, zabaltasun osoaz, zensura barik.
    Ez gago zohituta euskaldun medioetan, normala europako hainbta tokitan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude