Euskara ikastearen zailtasunak (?)

OTE5

CICERO-ONE

Ahots asko dabiltza munduan, eta sarean adi egonda ez da zaila interesatzen zaizkizunak entzutea. Euskara ikasleen ahotsa -zuzenean edo zeharka- ere entzuten da sarri. Asteon adibidez, Atoanen hiru aipamen ekarri ditugu euskara ikasle banari dagozkionak.

Mixel Usereau Quebec-etik euskara eta Euskal Herrira arrimatu zen, han elebidunak dira asko txikitatik, eta berak segitu eta bospasei hizkuntza dakizki une honetan, euskara haietako bat. Hala esan zien lehenegoan Euskadi Irratian Amarauna saioko lagunei:

“Ikasi dudan hizkuntzarik errazena euskara izan da”.

Juan Martínez de Irujo pelotaria, lau eta erdikoaren finalaren atarian Diario Vascon:

“Por mucho que vaya de nuevo al euskaltegi, me seguirá dando vergüenza hablar con la gente. Eso no tiene solución.”

“Euskaltegira joaten segitu arren, lotsa sentituko nuke mingaina askatzerakoan. Horrek ez du erremediorik (Anjel Lertxundiren itzulpena. Mersi ;-))”

Aspaldian jakin genuen Irujo eta Eulate laguna euskaltegian zebiltzala. Gerora, Eulatek euskaltegiko lanaren fruitua erakutsi zigun. Irujok berriz ez du bide bera egin dirudienez.

Hirugarrena zeharkakoa izan da. Argian Onintza Iruretak Gipuzkoako herri euskaldun bateko erdaldun baten kasua kontatu zigun, han jaio, han ibili, integratu, giro abertzale-euskaltzelean murgildu, eta ikasteko ahalegina egin eta:

“Herritar bakarra entzun dut gizon horri euskaraz egiten, duela urte batzuk euskaltegian izena eman baitzuen. Herritar bakar hori irakaslea zen, noski.”

Indioek bezala ez duela hitz egin nahi, eta ez doa aurrera, eta ingurukoek erdaraz egiten diote normal-normal. Kasu tipikoak edo atipikoak izango dira hiru hauek. Lehenengoa, bistan da, ez da ohikoa izaten. Kanpotik etorri eta euskara ikasi dutenak gutxi izaten dira, nabarmanak izan (eta merezi izan) arren. Beste bien musika ezagunagoa egiten zait baina.

Nekane Arratibelen aspaldiko lan batera jo dut: Helduen euskalduntzean eragiten duten prozesu psikosozialak: motibazioaren errola. Han euskara ikasteari ekiteko orduan faktore batzuk aipatzen dira, soziolinguistikaren munduan beste hainbat konturekin ere lotutakoak sarri: sare soziala eta bertako euskaldunen dentsitatea, bizitasun etnolinguistikoa, identitate etnolinguistikoa, jarrerak, ikuspegiak eta motibazioa.

Eta pentsatzen jarrita, Onintzak aipatu digun kasu horretan zerk egin du huts? Bizitasun etnolinguistiko handiko inguruan (Gipuzkoako herri euskalduna,%80ren bueltan ezagutza), pertsona euskaltzale eta abertzalea, lagun-sarean hiztun euskaldunak nagusi… Eta hala ere, ikas prozesuak huts egin du nonbait.

Irujoren ingurua ez dugu hain zehatz ezagutzen. Berez bizindar etnolinguistiko txikiagoko leku inguru batetik dator, Nafarroako erdi aldetik. Akaso pilotaren munduan ibilita euskararen eta euskaldunen dentsitatea handiagoa da, eta motibagarriagoa agian. Ikasten hasteko jarrera eta motibazioa behintzat eduki zuen, baita hasi ere.

Eta zerk egin du huts orduan? Bistan da prozesuaren erdian gertatu dela hutsa, ez hasieran. Akaso baldintza eta aldagai pertsonalak sartu dira jokoan. Baina hala balitz, ez dut uste lasaitzeko arrazoia direnik. Bi horien moduko kasuak ez dira gutxi, aldeko baldintza ugarirekin ere erdibidean geratzen dira asko alegia, eta hor zerbait pasatzen da.

Onintza Iruretak ingurukoen presio faltari egozten zion nonbait (“Mendian, euskaldun petoen koadrilan, gaztelaniara aldatzen dute (nik gaurtik aurrera ez) bera aurrean dagoenean”). Irujok ingurukoekin jarduteko lotsa aipatu du. Ahaleginak bota ditu atzera beharbada, eurek eman beharreko pausoa. Eta logikoa da era berean, ikasteko ez ezik, egiteko ere ahalegin gehiagarria eskatzen zaio sarri ikasleari, eta guztiak ez daude ahalegin horretarako, motibazioa, ilusioa edo ikasteko abilidadea gorabehera.

Herria irakasle aldarrikatu zen aspaldian. Eta seguraski horrek ez du esan nahi euskaldun guztiak klaseak ematen hasi behar dutenik, ez. Beste gauza bat akaso: euskara ikastea ez da soilik jakintza edo gaitasun baten jabe izateko bidea, hizkuntza batean gertatzen denaren partaide izateko prozesua ere badela esango nuke, eta etxe batekoa izateko bertako ateak (eta leihoak) zabaltzeaz gainera, sartzeko eta geratzeko gonbitea eta motiboak eman behar dira.

Hemen inguruan, Otxarkoaga auzoan kale bat dago Zizeruene izena daukana, lehenagoko baserri baten izena. Bati entzun nion behin etxearen izena Zizeron(e) batetik zetorrela, han ostatua edo halako zerbait egon zen, eta bertokoek egin ohi zuten harreragatik ipini ei zioten izena.

Zizeruene faltan gaude?

(Benito. KARRAJUA:euskaltegien mundutik)

Irudia | Cicerone | Wikimedia | Creative Commons By SA

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.