Euskalgintza eta isileko ehiztarien beruna

Euskalgintza eta isileko ehiztarien beruna >

Euskalgintza eta isileko ehiztarien beruna

Euskal ekosistema Singapurgo karramarroz, katamotzez eta adar zuriko errinozerontez betea dago. Hemen dena da hil ala bizikoa. Dena da lehena edo azkena. Edo badugu, edo ez dugu. Erdibidekorik gabe.

Argia desagertuko balitz, esaterako, gure astekarien faunaren %99 galduko genuke. Berria desagertuko balitz, berriz, gure egunkarien %99 akabo! Berdin ZuZeurekin edo Sustaturekin ere, berauek desagertuko balira, adio gure hedabide digital natiboen ehuneko erraldoia. Eta horrelaxe da gainerako ia arlo guztietan ere.

Zinemari dagokionez, urtero kaleratzen den film hori da gure elurretako leopardoa.

Eta musikan; 2000. urtean hasi industriaren krisi globalaren ostean, musika sorkuntzaren zikloko hainbat katebegi galdu zirenetik, nabaria da ekosistemaren desoreka. Inoiz orekarik izan baldin bazuen behintzat. Disketxe guztiek -Elkarrek salbu- ateak itxita, erreferente garrantzitsu bat galdu du euskal musikagintzak. Hedabideentzat eta publikoarentzat galbahe lana egiten zuen eragilearena. Eta Bidehuts bezalako salbuespen ederrarekin, urriak dira artisten elkarlanetik sortutako alternatibak.

Bidehuts gure bengalako tigrea da.

Ad infinitum segi genezake sumatrako orangutanekin, atun gorriarekin edo Baula dordokarekin. Kike Amonarrizek dianan jo zuen duela gutxi Berrian argitaratu elkarrizketa batean. Gure Esku Dagoren dinamika euskalgintzaren zelai berean ari da jokatzen. Eta esparru politikoan gertatzen ari den ziklo aldaketa berbera gertatzen ari da arlo kulturalean ere. Frankismoak gure guraso eta aitonamonei sortu erreakzio ahalmen eta borondatetik sortutako erakunde, eragile eta kolektibo askok eman dute eman behar zuten dena. Eta orain zer? Orain izango ote gara alternatibak artikulatzeko gai? Antolatzeko gai?

Ala arabar otsoa nola, isileko ehiztarien berunak hoztuko gaitu?

Euskalgintza eta isileko ehiztarien beruna

Ekaitza bainuontzi batean

Zer duzu buruan “Euskalgintza eta isileko ehiztarien beruna”-ri buruz

  • Oso artikulu polita. Aipatu espezie horiek bezala desagertzeko zorian eta irauteko ahaleginean bizi gara euskaldunok arlo guztietan. Ehizatariak oso arrisktsuak dira bsina baita otsoa txakur bihurtu nahi dutenak ere.