Euskal kultura berrienaren erakusgarri, Loraldia

Euskal kultura berrienaren erakusgarri, Loraldia

Loraldia jaialdia loretan da berriro Bilbon 30 ekitaldirekin, euskal kultura berrienaren erakusgarri

Euskal kultura berrienaren erakusgarri, Loraldia

Loraldia jaialdiaren 3.edizioa martxoaren 7an hasiko da Arriaga antzokian, Tartean Teatroa taldearen lan berriaren munduko estreinaldiarekin, eta apirilaren 8an amaituko da Mikel Urdangarinen disko berriaren zuzeneko aurkezpenarekin. Bien bitartean, kultur emozioz betetako 29 egun izango dira, unibertso euskalduneko diziplina artistiko guztietako hogeita hamarren bat ikuskizun, bi ekoizpen propio eta 150 artisten parte-hartzea ekarriko digutenak.

Jaialdiak Bilboko hainbat gune izango ditu agertoki: Arriaga antzokia, Campos antzokia, Azkuna Zentroa, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Pabellón 6, Elkar Dendak, Kafe Antzokia, Café Bilbao eta Biba aretoa.

Loraldia Kultur Elkarteak antolatzen du eta askotariko erakunde eta kultur eragileren lankidetzari esker loratzen da, bereziki Bilbao 700 – III Millenium Fundazioari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Laboral Kutxari esker. Eusko Jaurlaritza, Guggenheim Bilbao Museoa, Arriaga antzokia, Azkuna Zentroa, Pabellón 6, Elkar Fundazioa, Mikel Laboa Katedra, SGAE, UPV/EHU, EITB, Azkue Fundazioa, Badok-Berria eta Deia ere festibalaren kolaboratzaileak dira.

Zubia da hirugarren edizio honetako ikurra. Izan ere, datei erreparatuta, neguaren eta udaberriaren artean egingo baita, eta gainera, kulturen arteko lotura izateko asmoarekin sortu da. Iparramerikako folk aitzindaria, Penintsulako surrealismoa, musika zelta edota Londreseko hip hopa Loraldian izango ditugu, beste hainbat sormenezko adierazpenekin batera. Imanol Agirreren esanetan, “kultur zubiak gara, sormena eta lan kooperatiboa batera doazela uste dugu”. Ekimenaren izaera berritzailea eta garaikidea azpimarratu ditu zuzendari artistikoak. “Hari-harian ibiliko gara, arriskuak onartu ditugu. Baina geure egiten dugu Benito Lertxundik esandakoa, Beste Ez Dok Amairu bat behar da, eta norabide horretan ari gara arraunean, modernitaterantz”.