Asteko zinema estreinaldiak

Estreinaldiak

Estreinaldiak: Otsailak 17

EGILEA: MALEN IRURETAGOIENA

Jackie

EstreinaldiakPablo Larrain zinegile txiletarraren berrienak gidoi onenaren saria jaso zuen Venezian, eta Urrezko Globoetan zein BAFTA sarietan pertsonaia nagusia antzeztu duen Natalie Portman aktorearen lana eta filmeko jantziteria goraipatu dituzte. Lanak Jacqueline Kennedy AEBetako lehen dama izandakoa du ardatz, bereziki, 1963ko azaroaren 22an senar John F. Kennedy AEBtako presidentea erail osteko egunak. Figura ezagunaren detaile guztiak jaso ditu Larrain-Portman bikoak, eta emaitza borobila izan da, nazioarteko adituen arabera.

Estreinaldiak

The Birth of a Nation  (El nacimiento de una nación)

1831ko Virginian (AEB) jazotako gertaera errealetan oinarrituta dago, aldiz, Nate Parker aktore eta zinegileak zuzendutako lehen lana. AEBtako Sezesio Gerra baino 30 urte lehenago, Nat Turner izeneko esklabu eta predikaria esklabu errebeldeak jazartzera bidali zuen bere jabe zen Samuel Turnerrek, zailtasun ekonomikoei aurre egiteko. Sendiaren eta inguruko esklabuen aurkako ankerkeriaz nazkatuta, bere herria askatzeko matxinada gidatu zuen orduan Nat Turnerrek, esklabutza deusezteko helburuarekin. Zuzendariak berak gorpuztu du Turner, Armie Hammer, Jackie Earle Haley, Gabrielle Union eta Aja Noami King aktoreekin batera, besteak beste. Sundanceko jaialdian film onenaren saria eta ikusleen saria, biak, eskuratu zituen.

Estreinaldiak

Inhebek Hedi  (Hedi)

Tuneztik, ostera, Udaberri Arabiarraren osteko hiletan girotutako filma helduko zaigu: Hedi. Izen bereko 25 urteko gaztea da laneko protagonista. Autoen kontzesionario batean egiten du lan, eta familiak aukeratutako emakumearekin ezkontzear da. Baina gida lanak egiten dituen emakume batekin maiteminduko da, eta bere bizitza diseinatu dutenen aurka altxatu ala ez erabaki beharko du. Berlinen gizonezko aktore onenaren saria jaso zuen Majd Mastour gazteak, filmean egindako lanagatik. Mohamed Ben Attiaren lehen film luzea da.

Estreinaldiak

The Great Wall  (La gran muralla)

Zhang Yimou zinegile txinatar laudatuaren proiektu berriak akzio eta fantasia gaindosiak bermatuko dizkigu, Matt Damon buru duen film epikoan. XV. mendeko Txinara egingo dugu bidaia, Txinako Harresi Handia eraikitzen ari ziren garaira. Mertzenario ingeles bat eta espainiar bat, harresiaren eraikuntzari lotutako misterioak erakarrita, borrokan murgilduko dira, eta orduan jakingo dute murruaren benetako helburua: giza-haragia jaten duten munstruen etorrera gelditzea. Pedro Pascal, Willem Dafoe, Andy Lau, Jing Tian, Zhang Hanyu eta Eddie Peng aktoreak batu dira proiektu erraldoi bezain ikusgarri honetara, Txinaren eta AEBen arteko koprodukzioa.

Estreinaldiak

Lo que de verdad importa

Ezaguna egingo zaizuen Paco Arango zine zuzendari espainiarraren eskutik helduko zaigu hurrengo filma. 2011n Goya sarietan hiru hautagaitza lortu zituen Maktub filmarekin. Argazki zuzendaria, aldiz, Jabier Agirresarobe eibartarra dugu. Oraingoan helburu solidarioekin ekoitzitako komedia aurkeztuko digu, giza balore unibertsalak defendatzen dituen fundazioarekin elkarlanean. Filmak Alec ingeniari neurrigabearen nondik norakoak kontatuko dizkigu. Izan ere, bere bizitza hankaz gora egongo da, eta bere negozioaren porrota dela eta, osabarenera joango da Kanadara, bizitza antolatzeko asmotan.

Estreinaldiak

Radin!  (Manual de un tacaño)

Fred Cavayé zine zuzendari frantsesak ere genero bera landu du Radin! lan berrian.François Gautier oso gizon xuhurra da, eta edozer egiten du dirua aurrezteko: dutxan denbora kronometratzen du, kaleko faloren bidez argitzen du etxea, bizilagunaren etxeko telebista ikusten du prismatikoekin, eta komuneko papera zentimetroka neurtzen du.Halako batean, Laura azalduko da, bere alaba dela dioen gaztea. Eta Laurak François idealizaturik duenez, aitak jokoa jarraituko dio.

Estreinaldiak: Otsailak 17

Euskal pantailaren gunea