Erlazioak dira Obamaren kanpainaren arrakastaren oinarri

Rafah Harfoush hitzaldia ematen Kursaalean. Mikel Lasa.
Rafah Harfoush hitzaldia ematen Kursaalean. Mikel Lasa.

Komunikalari kanadiarra Obamaren kanpainaren barruan sare sozialez arduratzen zen taldean aritu zen komunitatea eraikitzeko estrategiak eta tresnen erabilerraztasuna garatzen. Estatu Batuetara joan aurretik gazteek politikariekin duten harremanean teknologia berrien erabilera ikertzen ari zen Toronton. Hiru hilabetez boluntario bezala bizitako esperientzia argitaratu berri den “Yes We Did” liburuan jaso du Harfoushek.

Facebooken 5.000 mila lagun izateak ezertarako balio ez duela adierazi zuen, baldin eta jarraitzaile horiek edukirik sortu eta feedbackik ematen ez badute. Baina inplikazio hori lortzen bada eta pertsona horiek bideo bat komentatu, posta elektroniko bat berbidali edo esteka bat jartzen duten unean, informazioa beraien lagun, senide, lankide eta kontaktuengana iritsiko da. Eta horrela denbora guztian. Pertsona hauek dira, Harfoushen esanetan, konbentziturik ez daudenak erakartzeko bidea. Azken finean, pertsonen arteko erlazioan dago arrakastaren gakoa.

Inplikazioa da gakoa

Eroso sentitzeko, norbaitek Obamaren kausarekin berriki bat egiten zuenean konpromezu maila baxua eskatzen ziotela azaldu zuen Harfoushek. “Ez diogu hamar dei egiteko eskatuko. Dei bakarra egiten badu eta pozik badago, bere konpromezu maila igotzen joango da”.

Hori bai, jarraitzaile aktiboei webaren bidez antolatzeko eta bere ingurunean eragile bihurtzeko tresna eta baliabide guztiak era errazean eskaintzea funtsezkoa izan zen. Besteak beste, iPhonean inguruko ekitaldien berri ematen zuen tresna prestatu zuten eta dei bati probetxu gehien nola atera jakiteko kontaktu agenda berrantolatzen zuen tresna ere asmatu zuten. Jarraitzaileen inplikazio maila mantentzeko, bakoitzaren konpromezua neurtzeko jostailua sortu zuten, puntuazio eskala batekin. Geroz eta ekintza gehiago egin, orduan eta jarraitzaile hobea. Eta puntuazio altua mantentzeko ekintzak egiten jarraitzea beharrezkoa zenez jendea prest zegoen dei bat egin, email bat berbidali edo ekitaldi bat antolatzen laguntzeko.

Mota guztietako sare sozialak erabiltzeaz gain  Obamaren taldeak My Barack Obama izeneko tresna sortu zuen komunitate antolaketarako. Bi milioi boluntariotik gora erregistratu ziren, 35.000 talde sortu ziren eta 200.000 ekitaldi inguru antolatu zituen komunitateak tresna honekin.

Bestalde, sare sozialetako profilen bidez eta beste era batzuetara lortutako informazioari esker, publikoaren segmentazio maila altua lortu zuten. Honela jarraitzaile bakoitzari bere bizilekua eta interes zehatzen araberako informazioaren eta ekitaldien berri ematen zioten oso modu pertsonalizatuan.

Hedabide sozialak vs. hedabide tradizionalak

Mezu berdinak bide guztietatik banatu izanak – Youtube, Facebook, Twitter, posta elektronikoa…- hedabideetan oihartzuna izan zuten zurrumurru kaltegarriak neutralizatzeko balio izan zuela azaldu zuen Harfoushek. Izan ere, Obamaren inguruko informazioa prentsaren bidez, telebistaz edo irratiz jarraitu beharrean sare sozialetatik jasotzen zuten askok.

Baina estrategia hau segitzeak arrisku bat dauka. Telebistan, irratian edo prentsan agertzen dena kontrolatu daiteke eta bere eragina neurtu. Baina nola kontrolatu sare sozialen bidez zabaltzen diren mezuak? “Ezinezkoa da”, dio Harfoushek. Gutxienez, diseinua -irudia, kolorea, letrak…- bateratu eta esperantza, aldaketa eta akzioan oinarritutako mezu argi eta indartsuak -Hope, Change, Yes we can- sortu zituzten. Mezu horiek eraldatzea sahiestezina izan zen baina beste hitz eta irudi batzuekin bazen ere idea berdinak zabaltzeko balio izan zuten.

Obamaren kanpainak pertsonen artean benetako erlazioak sortzea lortu zuen. Baina ez da ahaztu behar, sare sozialekin edo gabe, Estatu Batuetako grassroot mugimendua ez dela atzo goizekoa. Hango egitura politikoaren ezaugarri bat da. Bestetik, Web 2.0 inguruneak ez ditu erabiltzaile aktiboak edo 2.0 jarrerak sortzen. Alderantziz Web 2.0 inguruneak erabiltzaile aktiboei irtenbide bat ematen die.  Hau esanda, Obamaren ereduak balio al du gurean?

http://amenoscuarto.wordpress.com/


hitzaldia, Internet, kanpaina, obama, Rahaf Harfoush, Web 2.0

[@mrlasa] Komunikazioa da nire mundua eta horretan egiten dut lan, Donostian, azken boladan. Estrategia, marka, komunikazio politikoa, kultura. Interneten ere hainbat saltsatan ibili naiz (nabil), besteak beste, Zuzeu honen sorreran.

Zer duzu buruan “Erlazioak dira Obamaren kanpainaren arrakastaren oinarri”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude