Entzun Euskal Herria

Soinu Mapa

Mapen gaineko aplikazioak modan daude. Informazio guztia nonbaiten kokatzeko neura sartu zaigu guztioi.  Sartu bestela Google Earthen, eta esan ezer faltan botatzen duzuen. Bideoak, argazkiak, dendak… guztia geolokalizatuta.  Herri edo leku apartatuenetan ere aurkitzen ditugu ditxosozko ‘pintxoak’.

Artelekun ere ezagutzen dituzte ongi honelako aplikazioak, baina ikuspegi ezberdin batekin datorzkigu.  Xabier Erkizia eta Oier Iruretagoienak zuzendurik, Audiolab taldekoak Euskal Herriko Soinu Mapa ari dira osatzen, Panoramioren antzeko zerbait, baina soinuekin.

Soinu Mapa, elkarlanera eskainitako egitasmo irekia da. Fonografia edo gure inguruko hotsak grabatzeko, artea oinarritzat hartuz, landa grabaketak erakutsi, kontsultatu eta elkarbanatu nahi dituzte. Webgune honetan Euskal Herrian zehar egindako dozenaka grabaketa entzun ditzakezu, toki bakoitzaren soinu errealitateari buuz informazio gehiago ematen dizutenak.

Gure ingurunearen ahotsa entzuteko, zure soinuzko edo bideozko lanean erabiltzeko, hezkuntzarako, jakinmina asetzeko… artxibo honetan topatuko dituzun grabaketak zure gustura erabili ditzakezu. Eta zuk zure grabaketak egiteko ohitura edo gogoa baldin baduzu, zure ekarpena egin dezakezu mapa osatzen laguntzeko. Ez da soinuak entzuteko dugun aukera bakarra, baina. Probatu Pasai Soinu Irratia.

Irudiak ikusten ditugu askotan soinurik gabe, baina soinuak irudirik gabe? Entzun adi, ea asmatzen duzun soinu hauek zer eta nongoak diren.

[audioa]https://zuzeu.eus/wp-content/uploads/2009/06/igeldoko_funikularra_donostia.mp3[/audioa]

[audioa]https://zuzeu.eus/wp-content/uploads/2009/06/eskusoinua-abastos-enparantzan_gasteiz.mp3[/audioa]

[audioa]https://zuzeu.eus/wp-content/uploads/2009/06/euliak_zalla.mp3[/audioa]

[audioa]https://zuzeu.eus/wp-content/uploads/2009/06/manifestazioa_irunea.mp3[/audioa]

[audioa]https://zuzeu.eus/wp-content/uploads/2009/06/infernuko_erreka_etxalar.mp3[/audioa]

Erantzunak:

Igeldoko funikularra, Donostia.

Eskusoinujolea Abastos enparantzan, Gasteiz.

Euliak Zallan.

Manifestazioa Iruñean.

Infernuko Erreka, Etxalar.

[@mrlasa] Komunikazioa da nire mundua eta horretan egiten dut lan, Donostian, azken boladan. Estrategia, marka, komunikazio politikoa, kultura. Interneten ere hainbat saltsatan ibili naiz (nabil), besteak beste, Zuzeu honen sorreran.