Emozioen korapiloa

“Berez izotzezkoa” dela esan zuen bertso batean Amets Arzallusek, “baina urtzen noa pixkanaka”. Barrenean zerabiltzan emozioak igartzea ia ezinezkoa zen atzo Arzallusi begiratuta. Ikus-entzuleak hunkitu, eta pentsarazi eta  barre egin araz zien, baina berari ezin igarri zer sentitzen eta pentsatzen zuen. Bere baitarako zegoen atzo txapelduna. Kontzentratua oso. Eta horrek txapela ekarri zion, Ipar Euskal Herriko bigarren txapela. Bere saiotik bertso bat aukeratu behar banu, korapiloa hitza gaitzat emanda botatakoa aukeratuko nuke: «Gure korapiloak / diren bi estatu / guhaur ez al gira / korapilatu? / korapilo borobil / edota karratu / korapilo anarko / edota sakratu. / Puntak nola hartu / ta zilotik sartu / nola estekatu / dugu estudiatu; / noiz ikasiko dugu / nola askatu?».

Ugari izan ziren barre algara atera ziguten bertsoak. Internet bidez maitemindu diren baina berez koadrila berekoak diren lagunen ahotan, Sustrai Colinak eta Miren Artetxek wifia, spamduna, control v, msn-a erabiliz errimatu zutenekoarekin gelditzen naiz ni.  Odei Barroso eta Amets Arzallus aita-semeekin ere egin genuen barre gogotik, karrikak kameraz zaintzen dituen Odei semeak aita Amets gauez parrandan ikusten zuenekoan.

Eta haiei entzunda, barre egiten zuten beste bertsolariek ere. Bitartean, zigarretari tira egiten zion Joanes Etxebarriak, bat, bi, hiru, lau, bost eta gehiago zigarretari. Eneritz Zabaleta zutitzen zen guztian, eskua patrikan sartu, eskua patrikatik atera, orain sudurra igurtzi, orain buruan hazka, dantzan ibili zuen saio osoan eskuin eskua.  Ekhi Erremundegi altxatzen zen guztian, “Aupa Ekhi!” batek irribarrea ateratzen zion publikotik. Miren Artetxek bati baino gehiagori moztu zion arnasa, pare bat aldiz bertso lerroa ebaki, isildu eta aurrera egin ezingo zuela zirudienean. Orduan, Xumai Muruari begiratu eta lasaitzen zen bat. Edo begiak itxi  eta Odeiren ahots sakon eta iradokitzailea entzunaz. Sustrai Colinaren izena buruz burukorako ez entzutean, berriz, harridura eta tristura errimatu genituen ikus-entzule askok.

Behin eta berriro hunkitu baikinen lau orduko (!!!) saioan zehar. Joanes Etxebarria zubereraz entzute hutsa  hunkigarri izan zen. Eneritzekin batera finaleko berria zen Joanes, eta biak ala biak sorpresa ederra izan ziren niretzat. Formaz eta mamiz bertso ederrak utzi zituzten. Eneritzek berak Odeirekin kartzela baten patioan abestu zituztenekoak sailkatuko nituzke saioko bertso hunkigarrienetan. Edo Eneritzek berak kartzelakoan aitari eta amari kantatu zienekoa.

Txapela gurasoei eta andereñoei eskainiz bukatu zuen Ametsek saioa. Ipar Euskal Herriko bigarrena duen txapel hau handiagoen atariko izango delako inpresioa utziz, beste behin ere:

Hizkuntzak badoaz hiltzen

eta hemen bada baño

nik ez daukat eskaintzeko

sehaska kantu bat baino.

Guraso ta andereño

ekialdeko sormen laino

ikastolak asmatzera

joan zineten plazaraino.

Sustrai ta ni joaten ginen

Hendaiatik Kanboraino

andereño haien maitasuna

gogoan dugu oraino.

Zueri esker, euskarak

ta ikasle bakoitzak ño

bihotza zabalagoa du

hizkuntza handiek baino.

Hemen Berrian Beñat Zamalloak idatzi duen kronika, Ane Arrutik Garan, Bianditz Iraolak El Diario Vascon,  Ander Egiluzek Deian. Bertsoa.com-ek zuzeneko jarraipena egin zuen atzo.

Amets Arzallus, azken agurreko bertsoan

Irudia | Amets Arzallus, azken agurreko bertsoan | Ainara Gorostitzu | Creative Commons By SA

2 pentsamendu “Emozioen korapiloa”-ri buruz

  • Harridura agian bai, baina tristura sentitu zenu(t)en Sustrai Colina buruz burukoan ez egoteagatik? Nik atsegin handiz hartu nuen ba, horrelako sorpresek eragiten baitute txapelketa orok behar duen zirrara. Zorionak Ametsi, baina zorionak ere Odeiri, hagitz ongi egin baitzuen. Segi hor!

  • sustrairi buruz 2010-11-14 22:02

    Ados ikerrekin, Sustraik etzuen merezi izan bigarren postua, nahiz eta ziurrenik berak hala uste izan, halere, 3.a izatea merezi zuen, Odeik ederto egin baitzuen.
    Nire uste apalean, Sustrai maila batera heldu da eta zoritxarrez hor geratu dela dirudi, Ametsek aldiz egunez egun eboluzionatzeko dohaia duela uste dut. Dena den, zorionak guztioi eta animo sustrai, segi aurrera!