Creedence Clearwater Revival, rocka sua dariola

Sua dariola
Sua dariola

John Fogerty ren ahotsari sua dario.

Ekaitz elektriko batek bezala botatzen ditu tximistak ahotik zure belarrira eta paralizatuta geratzen zara. Rock and Rollaren morroi.

Talde estatubatuarrak fama 1967an lortu zuen Saul Zaentzekin disko bat grabatu zuenean. Fogerty eta Doug Clifford soldaduskatik itzuli berri ziren eta taldeari izena aldatu behar izan zioten Zaentzi ez baitzitzaion batere gustatzen “The Golliwogs”, ordura arte zutena. Orduan CCR izena aukeratu zuten. Izen kuriosoa; izan ere, abeslariaren lagun baten deituratik (Creedence Nuball) hartu zuten lehen hitza, eta bigarrena aldiz, garagardo iragarki batetik: “Clear water” (ur garbia).

Behin izena aldatuta, haien lanak utzi eta gogor entsaiatzeari ekin zioten. Lan honen emaitza izan zen Creedence Clearwater Revival diskoa. Sekulako sona izan zuen Atlantikoaz bestaldeko irratietan eta telebistetan. Kontuan izan behar da garai hartan hasi zela kultura pop-a garatzen AEBtan, kritikoek beraz, begi onez ikusi zuten proiektua.

Hau izan zen haien lehen single-a, Suzie Q

Oraindik lehen diska aurkezten ari zirela, 1969an Bayou Country albuma grabatu zuten Los Angeleseko RCA estudioetan. Diskoak Billboard-en listetan 7.postua lortu zuen eta hurrengo urteetan lortuko zuten famaren aurrekari izan zen. Disko honetan zazpi kanta zeuden eta zazpirak sekulakoak. Baina denetan ezagunena zalantzarik gabe “Proud Mary” kantua izan zen. Bob Dylan berak esan zuen 1969.urteko single hoberena bezala ikusten zuela, ez da gutxi gero…

Hurrengo diskoa denborarik galdu barik 1969ko abuztuan grabatu zuten. Green River izenpean izan zen kaleratua, honek ere emisorak apurtu zituen “Green river” eta “Lodi” single-ekin, urrezko diska izendatu zutelarik.

Disko honen ostean beste lau ere argitaratu zituzten (Willy and the Poor Boys, Cosmo’s Factory, Pendulum eta Mardi Gras), baina ez dut nahi astuna izan. Jakin zazue 1972.urteko urriaren 16an taldea disolbatu zela. Zergatik? Bada azken diskak ez zuelako piperrik saldu, bakoitza bere aldetik hasi zen ibiltzen, elkar gaizkiesaka. Eta azkenean zulora. Pena da.

Nik uste amua bota dizuedala, pastel gozo bat daraman amua. Ez dakit ezagutuko zenuten taldea, ziurrenik bai. Hala bada gozatu berriz entzuten, berpiztu sentsazio zaharrak, melankolia… eta ez bazenuten ezagutzen saltseatu interneten, badira eta makina bat bideo kurioso. Gogor sartuko zaizkizue doinuok tinpanora; izan ere… John Fogerty-ren ahotsari sua dario.

Ekaitza bainuontzi batean

3 pentsamendu “Creedence Clearwater Revival, rocka sua dariola”-ri buruz

  • Credence! Nola ez ba… Jeffrey Lebowskiren talderik gogokoena!

  • Bai, talde gutxi egongo dira lehen akordetik entzulea bereganatzeko hain ahalmen handia zutenak. Kotxean, norbaitekin noanean, nire gustuko musika jartzeko ohitura txarra dut, nahiz sobera dakidan piperrik ez diela ardura nire musikak eta askotan molestatu ere egiten diela. Talde bakarrarekin izan dut arrakasta: Creedencekin. Denei gustatzen zaie, salbuespen barik. Hain erraz sartzen da belarritik, hain da armonikoa, hain goxoa… Talde handia.

  • Nik ere nire kuttunetakoak ditut Creedencetarrak. Suzie Q lehenbiziko aldiz herriko frontoian aditu nuen (Beran), Elgoibarko “Expresion Sonora” taldeak zoragarri jota. 1972. urtea izanen zen, nik uste, gutti goiti beheiti. Haiek biztu zidaten taldea ezagutzeko gogoa. “Proud Mary” kanta ederra…
    Bitxikeria pare bat: oker ez banaiz, Atxagaren “Soinujolearen semea” eleberrian, protagonistak (ez naiz izenaz oroitzen) Creedence-ak ditu gogoko, eta bere autoan doala haien musika jartzen du (aurreko mezua idatzi duen Josebak bezala); bigarren bitxikeria, “gure” Juan Carlos Perez “haundi”ak iaz emandako elkarrizketa batean aipatzen du bere eta Itoizko kideen Creedence-zaletasuna (bidenabar, “Expresion Sonora” ere aipatzen du), hemen: http://www.elcorreodigital.com/vizcaya/20071015/cultura/componer-musica-buscar-sabes-20071015.html