Cloud Computing sistemaren itzalak

Kindle Amazonen gailua - AGeekMom cc
Kindle Amazonen gailua - AGeekMom cc

Zuk teknologia maite duzu. Erabaki duzu jada eBook bat edo antzerako bat erostea, bestela atzean geratuko baitzara, ez baituzu hartuko teknologiaren tren azkarra. Zer bada? Zer arazo dago?

Milaka liburu eraman ditzakezu altzoan inolako arazorik gabe, pisu handirik gabe, bidaiatzeko edo. Praktikoa da eta gainera modernoa. Imajinatu zer sentsazio izango duzun trenean zoazela, katxarroa atera eta Obabakoak irakurtzen hasten zarenean, jende guztiak begiratuko dizu. “Morroi hori olatu gainean zihoak, txo!”

Aparailu hauen oinarrian Cloud Computing sistema dago. Cloud (hodeia) interneten metafora bat da, eta azken batean sistema honek ahalbidetzen duena zera da: Internet bidez zure aparailuan zerbitzuak eskaini ahal izatea. Hori da funtsa.

Demagun Kindle bat erosten duzula. Ondoren liburuak nahi izanez gero, interneten erosi behar dituzu. Demagun George Orwell-en 1984 erosten duzula, pozik zaude, jada aparailuan duzulako 4 euroren truke. “Nirea da! Beste bat!”

Nire galdera: Zurea da benetan?

Amazon enpresak George Orwellen 1984 eta Rebelión en la granja liburuak kendu ditu bere katalogotik, hauen lizentziarik ez zuela ikusita. Berri interesgarria dirudi, baina kontuan izan katalogotik kentzean, erabiltzaileen liburu elektronikoetatik ere kendu dutela. Jarrai dezagun istorioarekin…

Atzo gauean erosi zenuen 1984 liburua zure Kindle-rako, gaur goizean esnatu zara bigarren kapituluari heltzeko eta hara! Ez daukazu libururik! Baina, baina… “Nolatan? Zer osti gertatu da?”, galdetzen diozu zeure buruari. Bada bai, konturatzen zara erosi duzun “zera” horren (zera deitzea baldin badago), jabetzarik ez duzula. Nahi dutenean kendu ahal dizutela —kontrolatzen dutela—, egiten duzuna. Orwellen “Big Brother”-aren antza hartzen du kontuak, dena baitakite zure artxiboez eta mugimenduez.

Horiek dira Cloud Computing-aren (CC) arazoak, eta orain tendentzia hortik doa. Googlek atera behar duen sistema eragilea da beste adibideetako bat, honek ere CC sistema baitarabil.

LINK HONETAN zure Kindle-etik nolabaiteko “espia” hori nola ezabatu erakusten da kodigo batzuen bitartez.

LINK HONETAN gehiago Cloud Computing-ari buruz.

Amazon, Anaia Handia, Big Brother, Cloud Computing, eBook, Gran Hermano, Internet, iruzurra, Kindle, liburuak, literatura
Oier Aranzabal

ZuZeulari 2009. urtetik. Garoa liburu-dendan lanean. Ekaitza bainuontzi batean.

Zer duzu buruan “Cloud Computing sistemaren itzalak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude