CineGourland festibala Getxon, gaur hasi eta zapatura arte

III. CineGourland Festibalaren afixa. CC-by CineGourland
III. CineGourland Festibalaren afixa. CC-by CineGourland

Getxoko Kirol Portuan eta Portu Zaharrean antolatuko dute aurtengo CineGourland festibala, aurrekoetan bezala, Pepe Barrenaren zuzendaritzapean. Lau egunetako jaialdi honetan –ekainaren 24tik 27ra bitartean– pintxo eta ardo dastatzeak, hitzaldiak, pelikula emanaldiak, sari banaketak, bazkari bereziak, bidaiak… egingo dituzte, gura dutenentzat zuzenduak.

Pepe Barrenak, gastronomian aditu eta ikus entzunezko proiektuen produktoreak, 20 urte eman ditu bi arte hauen inguruan lanean eta, bere esanetan, “CineGourland antolatzearen zergatia sinplea da: hamaika kongresu prestatzen dituzte gastronomiaren inguruan eta gehientsuenak berdinak dira, ez dute ezer berririk eskaintzen”. Ideia hori buruan izanda antolatu zuen berak festibal hau, ikus entzunezko munduarentzat bultzada ikaragarria dena, pelikulak ez ezik, iragarkiak, laburmetraiak, dokumentalak eta abar luze bat ikusteko aukera ematen baitu.

Gainera, 3 egunetako festibala ez da udalerriko mugen barnean bakarrik gauzatuko; Bizkaiko txokorik politenak ikusteko parada izango dute ere gerturatzen direnak. Hala nola: Urdaibaiko biosfera-erreserbara joango dira, eta itzuleran Mundaka, Bermeo eta Gaztelugatxeko Doniene bisitatuko dituzte bihar. Honen ostean Larrabetzuko Horma Ondo erretegian jango dute. Eta etzi, Kirol Portutik Bilboko Udaletxera egingo dute bidaia, Txinbito itsasontzi ezagunean, Ibaizabal ibaian barrena. Itsas Museoan porturatu, Euskalduna jauregian hamaiketakoa hartu eta Getxora buelta.

Goi mailako sukaldari, aktore eta zuzendariak

Urtero hurreratu izan dira izen handiko aktore, zuzendari eta sukaldariak festibal honetara: Geraldine Chaplin, Pilar López de Ayala, Caco Senante… dira horietako batzuk. Eta aurtengo izenak ere goi mailakoak izango dira, bereziki, jatetxe jabeenak: Andoni Aduriz, gipuzkoarra eta Michelin izarra duten bost bizkaitarrak: Fernando Canales (Etxanobe jatetxea, Bilbo), Xabier García (Boroa jatetxea, Zornotza), Andoni Arrieta (Andra Mari jatetxea, Galdakao), Daniel García (Zortziko jatetxea, Bilbo) eta Eneko Atxa (Azurmendi jatetxea, Larrabetzu). Gainera, bost bizkaitarrek bazkari berezia prestatuko dute beraien jaki gustukoenekin, ekainaren 26an.

Hementxe duzue jaialdiaren programa osoa.

OHARRA: Sarrera doakoa da leku guztiak beteta egon arte, gonbidapena behar duten ekintzetarako salbu.

Kazetaria.