Cervantesen Hezurdura, Trinitarioetan Zarena

mahler_goldgruber_2A.indd

Argia aldizkarian gauza aunitz maite ditut, baina, gauza guzien gainetik Nagore Irazustabarrenaren “Denboraren makina” saila dut gogoko, bertan inoiz aurkitu dudan historia artikulurik kitzikagarriena irakurri bainuen. 2006koa da, eta Kristoren prepuzioa du mintzagai. Nonbait, zalantza teologikoa sortu zen antzinako kristauen artean: judua izanik, prepuzioa moztu zioten Jesusi, artean nini bat zelarik; azal puska hori, bistan da, ustelgabea zen, Kristoren gorputzaren zatia baitzen; beraz, non ote zen? Kristo hil ondotik, igoa zen zerura eta Jainkoaren eskuinean jarria zen, edo lurrean gelditua zen? Hasmentan, lurrean gelditua zelako hipotesia lehenetsi zuten, eta, horri esker, erlikia gisa hainbat prepuzio barreiatu ziren Europako Erdi Aroko monasterioetan: aditu batek hamahiru zenbatu zituen, baina gehiago ere ba omen ziren. 18. mendean, ordea, errebelazio baten bidez, moja bati jakinarazi zitzaion prepuzio saindu ustelgabe hura zerura joana zela bere jabearen gibeletik –horren ondorioz, noizbait Jesukristo biluzik irudikatuz gero, artistak erabaki beharko luke ea haren zakila txanodun edo txanogabe erakutsi nahi duen, baina uste dut zalantza ikonografiko hori ez dela inoiz piztu–. Monasterioetan altxatzen zituzten hamahiru erlikia horiek faltsuak ziren, beraz; ezin da erran Kristoren prepuzioa hamahiru azal puxka horien artean egon litekeela.

Ez da, halere, biderkatua azaltzen zaigun erlikia bakarra. Munduan, antza, badira hiruzpalau ezpata, Cid-enak izan litezkeenak. Burgosen erakusten da bat: bere garaian, Menéndez Pidalek faltsutzat jo zuen –dirudienez, 16. mendean sortu zuten, baina, Cidena zela sinetsarazteko edo, aitzineko mendeko modeloetan inspiratu zen egilea, heroiari egoztekoa zen ezpata hari itxura zaharragoa emateko–. 2002an –Espainiako ez-nazionalismoa bereziki hauspotua zebilen garaian–, Complutense Unibertsitateko kimika ikertzaile talde batek, Defentsa Ministerioak eskatutako txosten batean, erran zuen ezpataren xafla segur aski XI. mendean egina zela. Ez zuten ondorioztatu Cidek benetan ezpata hura erabili izana, baina bai biak –gizona eta arma– garaikide zirela, eta, hortaz –hitz hauek erabili ez bazuten ere–, ezpata hura Gaztelako poema epikoko protagonistarena izan zitekeela. Hori guzia Miguel-Anxo Muradok kontatzen du La invención del pasadoIragan asmatua– liburuan, eta komentario hau gaineratzen du: “Batzuetan, txosten zientifikoek mirarien funtzioa betetzen dute: erlikiari benetakotasuna ematen diote, inork zalantzan jartzen ahal ez duen autoritate zientifikoa erabiliz”. Ez du historiak erraten, kimikak baizik (argudioa ezaguna eginen zaie bati baino gehiagori; azken buruan, Iruña Veleiako aferan, batzuek espero dute karbono 14k –alegia, kimikak– frogatzea, historiak gezurtatu egin duena).

Nagore Irazustabarrenari eta Miguel-Anxo Muradori narrazio bana ebatsi diet gaurkoan; ebasleen bide horretarik segituz, hirugarrena, Nicolas Mahler marrazkilari austriarrari –nahiz eta istorio hau nire beharretara moldatuko dudan–. Demagun haur bat tenisean aritzen ikasten ari dela, ikastaro garesti batean. Egun batean, tenislari famatu batek bisita egin die etorkizuneko jokalariei, eta hauek aukera izan dute harekin kolpe batzuk praktikatzeko eta, gero, solasean aritzeko. Gure protagonistak autografo bat eskatu dio. Eskatu eta lortu ere bai. Sarriago, etxean, zer edo zer egite aldera –aspertua baitago gure protagonista–, autografoa imitatzen hasi da: hasmentan, gaizki; minutuek aitzinat egin ahala, gero eta hobeki; hondarrean, gure haurrak trebetasun izugarria erakusten du tenislari famatu haren sinadura egiten, eta, originalaren tamaina eta itxura bereko paper pusketan, hamaika aldiz kopiatu du lehenago jaso duen autografoa. Merienda hartzera deitu diote orduan; gero, gelara itzulitakoan, ohartu da sinadura guziak desordenatuak dituela mahai gainean, eta guziak berdin-berdinak direla, hain berdinak, ezen ez baitaki zein den jatorrizkoa eta zein berak egindako kopiak. Halako batean, ama sartu da gelara, eta, gauzak txukundu egin behar direla erran ondotik, hasi da balio gabeko paper horiek txikitzen eta zakarrontzira botatzen. Bi bota ditu, haurrak gainerako guziak salbatu baino lehen: hamabi ziren; hamar dira orain.

Handik urte batzuetara, tenislari famatu haren inguruko erakusketa bat antolatu dute –kirolariak baitira gaur egungo heroi mitikoak–, eta haren autografo bat nahiko lukete –ez zuen autografoak sinatzea gustuko, pieza arraroa litzateke– . Gure haurra heldua da orain, baina etxean ditu hamar autografo horiek: autografoak erakusketaren antolatzaileei saltzeko asmoz, grafologo talde bati enkargatu dio hamar paper puskak azter ditzan, eta historia guzia kontatu die, gezurrik erran gabe. Txosten batean, grafologoek ondorioztatu dute tenislariaren autografoa hamar autografo horien artean egon daitekeela. Hori, jakina, bagenekien –I could have told you that myself–, baina txosten teknikoak zientifikotasuna gehitu dio bagenekien horri; zientzialarien taldearen funtzioa hori zen naski, bere autoritatea mahai gainean jartzea alegia.

Trinitarioen komentuko hamabortz lagunen hezurren artean Miguel de Cervantesen hezurrak egon daitezkeela erran zuen Francisco Etxeberria Aranzadi elkarteko ikertzaileak, eta batzuk txaloka hasi ziren. Ez zuen erran “ezin da ziurtatu Cervantesen hezurrak hemen daudenik”: bi mezuak antzekoak badira ere, lehendabizikoa positiboa da, eta bigarrena negatiboa, eta Madrilgo udalak mezu positiboa nahi zuen. Neurri batean, Cervantesen hezurrak Schrödingerren katua bezalakoak dira: Schrödingerren esperimentuaren arabera, kutxa batean pozoi flasko batekin giltzapetua dagoen katua aldi berean bizirik eta hilik dago, ikertzaile baten soak egoera argitzen duen artio. Cervantesen hezurrak Trinitarioen komentuan daude, eta, aldi berean, ez daude: horregatik, Madrilgo udalak ikertzaile baten autoritatea behar zuen, heldu den urtean etorriko omen diren turistei hezurrak han daudela saldu ahal izateko. Aranzadi elkarteak fin jokatu du, ez baitu inolaz ere ziurtatu idazlearen hezurrak han daudenik; baina jokoan parte hartzea onartu zuen unetik, zilegitasuna eman zien udalaren asmoei, udalak “baliteke” bat aski baitzuen, betiere “baliteke” hori zientzialari baten ahotik ateratzen bazen.

Prentsaurrekoan, Francisco Etxeberriak gaineratu zuen Cervantesen bila ibiltzea zientzia eta kultura dela. Adierazpen ausarta iduritu zitzaidan, eta, hein batean, amorragarria: ongi da, erabaki ezazue Cervantesen prepuzioa lurrean edo zeruan den, baina mintza gaitezen argi: 2015ean –ni ez naiz zientzialaria; historia ikasi nuen, eta, horregatik, testuinguru historikora joko nuke– Cervantesen hezurren bila ibiltzea, batez ere, turismoa da.

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.