Caganerra Ez Da Biblian Inon Ageri

Caganerra Ez Da Biblian Inon Ageri

Zahartu ahala, gero eta gauza gutiago ulertzen dut, edo gero eta gehiago kostatzen zait edozer ulertzea –ez dakit gauza bera den–. Aspaldi honetan, konparazio batera, ez dut sobera ongi ulertzen zer dela-eta gonbidatzen duten Xavier Sardà –zer landibe paratuko dut izen horren ondotik? Kazetaria? Telebistako aurkezle ohia? Aberats profesionala? Telezaborrarekin irabazitako dirua zenbatzeaz aspertua dagoen filosofoa? Showmana?– tertulia politikoetara. Orain artio izenik erran gabe maiz aipatu dudan lagun batek, Jaumek, azalpena eman zidan halere: dena folklorismoaren errua da, tradizioak manatzen omen baitu jaiotza guziek – eta, hedaduraz, tertulia guziek– caganer bat behar dutela.

Halere, aitortu dizuet –baina aitormen hori ez duzue nire ahotik adituko– behin ados egon nintzela Sardarekin. La Sexta Noche-n izan zen. Eztabaidagai zuten galdera hauxe zen: Podemos ETAren parte ote da? Bai, aspaldian izan zen; gero Kataluniako hauteskundeak etorri ziren, eta ordua gibelatu behar izan genuen –ordu batez gehienok; hamarkada batzuez, nonbait, bertze zenbaitek–, eta beharbada gaur egun galdemodua bertze bat litzateke –Podemos 78ko erregimenaren parte ote da? Podemos PSOE berria ote da?–, baina afera da duela hilabete batzuk huraxe izan zela tertulia politiko serio batek aintzat hartu zuen galdera. Hantxe zen Sardà ere, gure caganerra –La Sexta Nocheko jaiotzan zein den mandoa eta zein idia erabakitzea, entzulearen edota irakurlearen esku–, eta halako batean zera bota zuen: “baina alferrik ari gara hori eztabaidatzen. Gezurrezko eztabaida da hau, hemen gutariko inork ez baitu sinesten Podemos ETA denik” –nik bai, erran zuen Eduardo Indak, helduen solasaldian parte hartu nahian; kameraren batek goxoki bat emanen zion–. Eta horrela, bai, Sardaren ahotik ikasi nuelarik tertulia politiko hura itxurakeria hutsa zela, dena hobeki ulertu nuen.

LOMCE dela eta, erlijioaren emaitza, hau aukerako ikasgaia izanda ere, kontuan hartuko da ikaslearen banaz bertzeko nota kalkulatzeko. Horren harira, berriz ere piztu da eztabaida: erlijioa ikasi behar da eskoletan? Eta aldeko eta kontrako argudioak entzuten dira nonahi. Nire ezagun batek, adibidez, argudio klasiko bat eman zuen behin mahai baten inguruan hainbat guraso bilduak zituen bazkari batean: mutur batetik bertze muturrera pasatu gara, erlijioari izugarrizko inportantzia ematetik erlijioari uko egitera; beharbada, erlijioaz mintzatu ordez, el hecho religioso-az –erdaraz ari zen; nola ematen da hecho religioso euskaraz? Egitate erlijiosoa? Gertaera erlijiosoa? Fenomeno erlijiosoa?–, fenomeno erlijiosoaz mintzatu beharko genuke, gizakion ezaugarria baita jainko batengan edo batzuengan sinestea, kultura guzietan azaltzen den fenomenoa baita. Ez dakit, bada. Nire ustez, fenomeno erlijiosoa irakastea erlijioa irakastea da, baina alde txarrik erakutsi gabe, erlijioaren historia cool-a, edo horrelako zer edo zer: ez gaitezen armagintzaz mintzatu, mintza gaitezen armen fenomenoaz, armak kultura guzietan erabili eta erabiltzen baitituzte. Zaurituak eta hildakoak armen fenomenoen parte dira, edo esplikatzea merezi ez duen albo-ondorio? Emaztekien bazterkeria edo sexuaren errepresioa fenomeno erlijiosoaren ezinbertzeko parte dira, edo fenomeno erlijiosotik bereiztekoak diren bigarren mailako gertaerak, egiazko mezutik desbideratze penagarriak?

Faktorian berean, Karlos Cidek eta Xabier Amurizak mintzagai izan zuten erlijioaren inguruko eztabaida hau. Erlijioa eskolatik kanpo nahi zuten, baina onartu egiten zuten erlijioaren pisua gure kultura: beharrezkoa da, ematen zuen Cidek adibide gisa, artea ulertzeko.

Cidekin eta Amurizarekin ados egonda ere –nik ere erlijioa eskolatik kanpo nahiko nuke–, erlijioa irakastekotan, ez nuke soilik datu biltegi gisa erabiliko. Adibidez, ikasleen kritikarako gaitasuna –erran nahi baita, kritika estetiko eta literariorako gaitasuna– zorrozteko baliatzen ahalko genuke erlijio klasea, bai eta haien trebetasun narratiboa lantzeko ere.

Testamentu Berria, konparazio baterako, liburu interesgarria iduritu zait beti: badira zonbiak –Lazaro–, bada gorea –eta ausartzen dira, gainera, haurren triskantza bat deskribatzera, hori tabua baita film anitzetan–, efektu bereziak eskatzen dituzten pasarteak –Jesus ur gainean ibilki–, balizko amodioak –Maria Magdalenarekin– eta bekaitzak hauspoturiko ezinikusiak –Judas gaixoa–. Baina, Eraztunen jaunaren hirugarren filmak bezala, bi akabera ditu: lehena, ona, dramatikoa, pisu handikoa –Jesus gurutzean, negarrez, erromatarrak jostetan lantzarekin–, eta bigarrena, handik hiru egunera Kristo berpiztearena. Niri, zer nahi duzue erratea, arras akabera bortxatua iduritu zait betidanik, kosta ahala kosta istorioari happy end bat emateko eginahal sinestezina.

Egia da, nolanahi ere, ikusle anitzek horrelako bukaera zoriontsuak eskertzen dituztela. Hori onartuta, ikasleei Testamentu Berriari bertzelako akaberak ematea proposatuko nieke, ariketa gisa, betiere balizko publikoa zein izanen litzatekeen kontuan hartuta. Artearen austeritatean sinesten dutenendako aski litzateke bigarren akabera ezabatzea. Xabier Montoiak asmatu zuen, aspaldian, publiko helduarendako egokia den akabera bat –orain hona ekarriko ez dudana, baina interesatuak Susaren web-orrian aurkituko du, Aspaldiko lagunen bisita izeneko liburuan–. Arrisku estetikorik maite ez dutenendako, eta berpiztea bezalako aterabideak fantastikoegitzat jotzen dituztenendako, bertze hau proposatuko nuke: dena San Joseren ametsa izan da, Maria neska-lagunarengandik banandu izanaren traumak eragin dion ametsa. Asteburuetan, bazkalondoko telefilmak gogoko dituztenendako, bertze hau: Jesusi hondar momentuan Pilatosen barkamena ailegatuko zaio –bihozbera baitzen Pilatos–, eta, Maria Magdalenarekin ezkondu ondotik, pisu bat erosiko dute Erroman, zirkutik hurbil –larunbatero joanen dira seme-alabekin ikustera kristauak nola botatzen dituzten lehoietara–. Edo, nerabeak eta mota guzietako frikiak helburu, bertze hau: Jesusek “aita, aita, zergatik abandonatu nauzu?” errandakoan, Magneto azalduko da zeruan, “ez zaitut abandonatu, ezta pentsatu ere” oihuka, eta, metalen gainean duen botereari esker, gurutzeko iltzeak askatuko ditu; Jesusek, esker onez, bat eginen du mutante gaiztoen taldearekin, eta ur gainean ibiltzeko boterea zein zeregin gaiztotan erabili oraindik ez badakite ere, ura mirariz ardo bihurtzen denetik mutanteen bilerak aise alaiagoak dira.

Nahi izatera, zernahi egin daiteke erlijioarekin. Baina, beharbada, lehendabiziko gauza eztabaida argitzea litzateke. Erlijioa irakasteaz ari garelarik, zertaz ari gara? Ikasleak sinestun bihurtu nahian ari bagara, orduan eskolatik kanpo nahiko nuke nik ere; helburua erlijioak izan duen pisua ezagutaraztea bada, orduan tokia izaten ahalko luke ikasgeletan. Erlijioak, halere, ez du dena azaltzen. Caganerra, adibidez, ez du Biblian inon ageri, baina bere funtzioa badu. Galdegin, bertzenaz, Xavier Sardari.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Caganerra Ez Da Biblian Inon Ageri

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

2 pentsamendu “Caganerra Ez Da Biblian Inon Ageri”-ri buruz

  • Gustura aditu haut gaur, ahotsa diferente xamar izan arren. Herriko norbait ekarri didak gogora…

    • Santi Leoné 2015-10-29 03:59

      Egun batzuetan, Iruñeraino ailegatzen da kostaldeko haizea, eta ahotsari eragiten dio.