Burlatak 9 dantza berri izanen ditu gaurtik aurrera

Gaur hasiko dira Burlatako (Nafarroa Garaia) bestak eta aurtengoan Larratz Dantzari Taldeak sorpresa prestatu du bizilagunendako. Izan ere, 9 dantza asmatu baitituzte eta, gaur bertan, Salbearen Igoeran estrainekoz plazaratuko dituzte. Sortzaileek argi utzi dute ez dela berreskurapen lana izan, Burlatak bere dantzak izan ditzan asmatutako koreografiak baizik. “Ez dugu dantzarik berreskuratu, bederatzi pieza sortu ditugu, Burlatak duen mami soziokulturala dela eta, denboran iraunen duten berezko dantzak merezi baititu”. Bi urtez ibili dira dantza hauekin lanean eta harro erakutsiko dituzte auzokideen aitzinean. Bederatzi dantzetarik zazpi mistoak izanen dira eta 16 bikotek plazaratuko dituzte.

MzA5OQ==

Dantza ez ezik, musika eta jantziak ere sortu behar izan dituzte. Javier Pérez de Obanos arduratu da gaitarekin jotzen diren zazpi dantzez eta Jokin Campiónek asmatu ditu txistu doinuak. Jantziak Ana Martínez diseinatzaileak sortu ditu eta Udalak 12.000 euro ordaindu du lan horretarako. Dena-den, gaurko emanaldira arte sekretupean diraute jantzien nondik norakoak.

Larratz Dantzari Taldea Burlatan sortu zen 1976. urtean. Urtero dantza berri bat plazaratu ohi zuen herriko bestetan, tradizioarekin amaitu zuen arte. Oraingoan, baina, bertako dantzak izateko aukera emanen diote herriari. Haien aburuz “Intxaurdiko Jotak” izan beharko luke bizilagunengan gehien sustraituko den dantza, dantzatzeko “erraza” baita. Burlatako “sinbolo” bihurtu nahi dute eta horretarako bizilagunen laguntza beharko dute.

Irudia | Dantzari baten espartinak | Oberena | Creative Commons By SA

BARDO GORRI NAFARRA