Bob Dylan, zazpi kanta euskaraz

Bob Dylan, zazpi kanta euskaraz

Eizieren orrialdetik geurera,  Juan Garziak euskaratutako Bob Dylanen zazpi kantu (1999ko Senez itzulpen-aldizkariaren 21. zenbakian agertuak); Minnesotako trobadoreari Literatura Nobel saria eman diotela-eta.

.

Bob Dylan, zazpi kanta euskaraz“Hona Dylanen kantuetariko batzuk euskaraz. Euskaraz eta kantu, helburu hori baitute bertsiook: jatorrizkoari ahalik eta hurbilenetik jarraiki, kantatzeko modukoak izatea.

Dylani buruzko iritziak iritzi, ezin ukatuzkoa da hirurogeitaka urteotan letrok eta musikok utzi duten arrastoa, eta bazatekeen garaia euskaraz ere kantuan ipintzeko

Irakurlearena da orain txanda: kantari, agian, Dylanzalearena“.

.

* Poemen ostean Anarik “Iparraldeko neska” (Girl from the North Country) eta Audiencek “Hurricane” joko dute, Bob Dylanen kantu bana.

.

“Aldaketa aro da hau, lagun” (The Times They Are A Changin´)

Zatozte, jendeok, bildu hona
Zaudeten lekuan zaudetela
Onar ezazue ur oldea
Handi ere handi hazi dela
Laster baitzaudete blai eginik
Hezurretaraino mela-mela
Oraindik ezertan preziatzen
Baduzue zeuen aldi hori
Hobe bai igeri hasi arin
Harri lez hondora ez da kontu
Aldaketa aro da hau, lagun.

Zatozte, jendeok, bildu hona
Zaudeten lekuan zaudetela
Onar ezazue ur oldea
Handi ere handi hazi dela
Laster baitzaudete blai eginik
Hezurretaraino mela-mela
Oraindik ezertan preziatzen
Baduzue zeuen aldi hori
Hobe bai igeri hasi arin
Harri lez hondora ez da kontu
Aldaketa aro da hau, lagun.

Zatozte, idazle, kritikari
Mundu-asmatzaile luma-trebe
Ireki begiak, azti, zeren
Aukera bakarra baita hauxe
Ez mintza, haatik, bizkorregi
Gurpilak biraka dirauen ber
Ez da iragarpen hain onik non
Iragartze hutsez den gauzatzen
Ezen gaur galtzaile dugun hori
Irabazle baietz irten bihar
Aldaketa aro da hau, lagun.

Bildu, senatore, diputatu,
Deiari jaramon egin, otoi
Ez zaitezte gera hor atean
Sarrera trabatuz jauregioi
Ezen kolpatzeko arriskua
Gelditzeak dizu, jaun adinon
Gudu bat piztu da bazterretan
Su berriz sutu da amorrua
Laster ditu danba eraitsiko
Leihoekin hormak erroz gora
Aldaketa aro da hau, lagun.

Zatozte, guraso, aita-amak
Bazter orotatik bildu hona
Zer zabiltzate hor kritikatzen
Apenas ulertzen duzuena?
Semeok, alabok, zuen haurrok,
Ez daude, ez, zuen mende jada
Antzinako zuen bide hori
Zaharregi dago, zabarturik
Otoi, berritik ken behingoan
Alfer bazarete bidegintzan
Aldaketa aro da hau, lagun.

Horra araoa zabaldua
Horra marraztua arrastoa
Herren zebilena horrenbestez
Antxintxika aurki arin doa
Orain bete zena iragan huts
Nola bilakatzen zaigun, bada
Ordena halaxe doa galduz
Amilean ziztu bizi larriz
Laster dira-eta gaina azpi
Eta lehenbizi zena azken
Aldaketa aro da hau, lagun.

.

“Sekulakoa botako du” (A Hard Rain´A Gonna Fall)

Non izan haugu, begi-urdin?
Non izan haugu, seme kriskitin?
Behaztopa egiten bost mendi lanbrotsutan
Narraska dozena bat errepide beltzetan
Sasi artean deslai zortzi oihan tristetan
Urruneko kaietan so sei itsaso hili
Milaka oin lur-sakon hilobiaren ahoz.
Latz ere latz, latz ere latz, latz ere latz, jasa latza
Sekulakoa botako du.

Zer ikusi duk, begi-urdin?
Zer ikusi duk, seme kriskitin?
Ume jaio berri bat otsoz inguraturik
Diamante puruzko bide bat jendez hutsik
Enbor belztu bat odol jario etengabe
Etxola jendetsuan mailuak odoletan
Eskailera zuri bat urez gainestalia
Hamar mila berritsu bertan mihi-hautsirik
Su-armak zein ezpatak haurtxoen eskuetan.
Latz ere latz, latz ere latz, latz ere latz, jasa latza
Sekulakoa botako du.

Zer aditu duk, begi-urdin?
Zer aditu duk, seme kriskitin?
Trumoiaren ostotsa, alarma-deiadarrez
Uhin baten orroa, lurra ito beharrez
Ehunka danborjole, esku arinak gori
Milaka zurrumurru, eta nork entzunik ez
Norbait barau larrian, jende mordoa barrez
Kale gorrian hil den poeta baten kanta
Negar ulu larri bat, pailazoaren irri.
Latz ere latz, latz ere latz, latz ere latz, jasa latza
Sekulakoa botako du.

Nor topatu duk, begi-urdin?
Nor topatu duk, seme kriskitin?
Haur bat eta alboan haren zalditxo hila
Gizon zuri-zuri bat txakur beltz-beltz batekin
Emakume gazte bat gorputza su harturik
Neska bat, hark eman dit ostadarra eskura
Gizon bat maitasunez nabarmen kolpatua
Beste bat gorrotoak berdin larriki joa.
Latz ere latz, latz ere latz, latz ere latz, jasa latza
Sekulakoa botako du.

Zertan haiz orain, begi-urdin?
Zertan haiz orain, seme kriskitin?
Banoa zaparrada leher dadin orduko
Oihan beltz sakonaren sakonik beltzenera
Non jendea den anitz eta eskuak hutsik
Non urak dauden oro gainez eginik pozoiz
Non basetxe ederren ondoan den leotza
Non borreroa nor den isilpean daukaten
Non gosea itsu den, arimen hondagarri
Non Beltza den margoa eta Huts zenbakia
Hau dut esanen, gogo, hitz, arnas eginen
Menditik errepika, ororen zentzagarri.
Itsas gainean aurki nabilkezu kolokan
Baina ez dut zoroki jardungo kantuan.
Latz ere latz, latz ere latz, latz ere latz, jasa latza
Sekulakoa botako du.

.

“Haizean erantzun oro” (Blowing In The Wind)

Zenbat gizaldi behar du gizonak,
Gizalegez dadin gizon?
Zenbat gau-mendi behar du ibili,
Esango badu egun on?
Zenbat danba jo behar du ezkilak,
Degiogun jaramon?
Haizean dabil erantzun oro
Haizean erantzun oro.

Zenbat itzuli emanen du bonbak,
Hondarrean dadin hondar?
Zenbat belaunek dio iritziko
Armen etsaiari koldar?
Zenbat galbide behar dun iragan,
Uso zuri hego-baldar?
Haizean dabil erantzun oro
Haizean erantzun oro.

Zenbat herio behar da, hilkintza
Sobera-etsi dezagun?
Zenbat garrasi, intziri, hasperen,
Gorrek dezaten entzun?
Zenbat atetan eginen alferrik
Bihotz-taupek oihartzun?
Haizean dabil erantzun oro
Haizean erantzun oro.

.

“Ez naun ni, ez” (It Ain´t Me, Babe)

Aire, laztana, hortik
Habil heure hegalez
Ez naun behar dunana
Ez naun, ez naizenez.
Behar dun noski norbait
Beti jator, beti sendo
Hire haizera dantzan
Ipar eta hego…
Ate oro irekitzen trebe…
Ez naun ni, ez
Ez, ez, ez, ez naun ni, ez
Ez naun ni, ez naun, ez naizenez.

Hoa leiho hegitik
Hoa, hoa arin
Ez naun behar dunana
Ahul naun, badakin.
Behar dunanak hire
Itsu behar baitu
Begiak itxi eta
Bihotza zerratu…
Martiri bat hire kausa hutsaz…
Ez naun ni, ez
Ez, ez, ez, ez naun ni, ez
Ez naun ni, ez naun, ez naizenez.

Hoa, itzul gauera
Hemen oro dun harri
Isil-geldiagatik
Ez naun bakar-larri.
Behar dun noski norbait
Gerriz malgu, zintzoz lerden
Lore biltzaile fin bat
Zeina txistura datorren…
Maitale zoro bat hitaz ero…
Ez naun ni, ez
Ez, ez, ez, ez naun ni, ez
Ez naun ni, ez naun, ez naizenez.

.

“Libre naiz izango” (I Shall Be Released)

Oro ei da aldagarri
Baina urrun ez da hur
Hona nauen nor bakoitza
Gogoan dut hain segur.
Argizari bat horra
Diz-diz berri jario
Bihar-etzi, bihar-etzi,
Libre naiz izango.

Gizon orok behar ei du
Gaitzaldian babesa
Niri, baina, maiz doakit
Hormoz gora ametsa.
Argizari bat horra
Diz-diz berri jario
Bihar-etzi, bihar-etzi,
Libre naiz izango.

Gauez norbait garrasika
Ez duela errurik
Iruzurrez daukatela
Hemen kondenaturik.
Argizari bat horra
Diz-diz berri jario
Bihar-etzi, bihar-etzi,
Libre naiz izango.

.

“Beti gazte” (Forever Young)

Ez ahal zaitu Jainkoak eskutik utziko
Ez ahal duzu asmorik inoiz huts egingo
Ez ahal zaizu faltako hurkoentzat esku
Ezta haiena zuretzat berdin hurkoz hurko
Eskailera bat eraikiz izarretaraino
Zerura igan bidea asma dezazula
Dirauzula beti gazte
Beti gazte, beti gazte
Dirauzula beti gazte.

Zoazela gora haziz zuzentasunerantz
Zoazela gora heziz egiaren alde
Egia ezagutzeko gai zarela beti
Eta zeure inguruko argien ikusle
Zarela beti bihoztun, adoretsu, ausart
Bururik makurtu gabe, sendotasun irmoz
Dirauzula beti gazte
Beti gazte, beti gazte
Dirauzula beti gazte.

Beude beti esku biok egitekoz bete
Bira oinok hego bezain ibiltari arin
Beuzka zaren etxe horrek oinarri sendoak
Alda-haizeek aldiro lau hormetan jorik
Alaitasun habia biz zure bihotz hori
Zure kanta bedi kanta beti sekulako
Dirauzula beti gazte
Beti gazte, beti gazte
Dirauzula beti gazte.

.

“Ekaitzetik babes” (Shelter From The Storm)

(Garaia aspaldi zen, tenorea hitsa
Mututzear zegoen haragizko hitza
Andre batek orduan jendetzatik artez:
“Hator, emanen diat ekaitzetik babes.”)

Bizialdi hura zen odolgiro, garratz
Belzkeria bertute, bide oro lokatz
Basamortutik nintzen heldu eite dorpez
“Hator, emanen diat ekaitzetik babes.”

Berriz itzultzen banaiz, bertatik dagit zin
Ordaintzen saiatuko natzaiola berdin
Lurreon non gizonak dabiltzan dandarrez
“Hator, emanen diat ekaitzetik babes.”

Hitzik gabeko itun galbide gutxiko
Horraino baitzegoen guztia lotzeko
Egin kontu leku bat goxo huts den bakez
“Hator, emanen diat ekaitzetik babes.”

Akidurak errerik, jasak lurpetua
Sasitzan pozoiturik, xendrak urratua
Lazki esetsi naute, krokodilo bat lez
“Hator, emanen diat ekaitzetik babes.”

Bat-batean jiratu, eta han zen bera
Eskumuturrak zilar, buruan lorea
Arantzazko koroa kendu zidan maitez
“Hator, emanen diat ekaitzetik babes.”

Iltze latzez lur zola, mendiak zaldizka
Zeinu oro alferrik, akabuan koska
Zulogile ezkelak turutotsa markets
“Hator, emanen diat ekaitzetik babes.”

Horma bat bitartean, zerbait zaigu galdu
Ziur-itsu nengoen, seinaleok gandu
Hala esan baitzidan goiz atzendu batez
“Hator, emanen diat ekaitzetik babes.”

Uso-dolu gisako garrasiz haur berri
Agure hortz gabeok maitasun-zurtz larri
Zer duk galdetzen, gizon, lur joa saminez?
“Hator, emanen diat ekaitzetik babes.”

Nire jantziak zortez zituzten jokatu
Salbazio mendian Herio nik patu
Xalotasun ordainez burla besterik ez
“Hator, emanen diat ekaitzetik babes.”

Erbestaldian nago, baina aurki naiz hor
Labanaho gaineko edertasunok zor
Ezin itzul orduak Jatorrira atzez
“Hator, emanen diat ekaitzetik babes.”

.

Anari “Iparraldeko neska” (Girl fron the North Country)

.

Audience “Hurricane”

.

Juan Luis Zabalak “Blonde On Blonde” (Kafe Aleak)

Bob Dylan Bob Dylan Bob Dylan Bob Dylan Bob Dylan Bob Dylan Bob Dylan Bob Dylan Bob Dylan Bob Dylan
bob dylan, juan garzia, kantagintza, literatura, musika, Nobel saria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude