Beti arte, Hasier

Beti arte, Hasier

Pena, doloriak oro gure gainean dira, hala da. Adiskide izan dugu, lankide, pasio eta amorruetan lagun. Hasier Etxeberria partitu da eta gu hemen, liburu, ordenagailu, programako eskaleta, prentsa ohar, email eta abarrekin. Libre den ordenagailuari begiratzen diogu eta imajinazio askorik gabe irudikatzen dugu hor, aurikularrekin (uztaia lepo aldean) hango edo hemengo programei so, auskalo nongo testuak leitzen, harik eta ideia brillante horietako bat bururatzen zaion arte. Luneten bi kristalak batu eta orrialde batean zerbait idatziko du; halako eta halako. Zenbat ideia bihurtu dituen ikus-entzunezko, ez jakin; zenbat idazle ekarri dituen Sautrelara, ezin konta.

Sautrela, Hasierren euskararen finezia —ekialdeko euskalkien kutsukoa— ondo adierazten duen hitz hori, ia inork ezagutzen ez zuena baina berak inork baino hobeki azaldua. Muskerren eta matxinsaltoen eremu, Lizardi, Etxepare eta beste guztiena. Hasierrena berarena. Orain liburu bat hartu eta irakurtzen hasi da erredakzioko zalaparta gora-behera. Tarteka egiten du azpimarra, ipintzen du oharra, aurkitu du errataren bat, egin du estilo iruzkinen bat. Deitu behar zioat editore horri… Ulises bera irakurritakoa baita Hasier telefono dei, teklen harrabots eta bestelako irri eta oihu artean.

Botila bete ur (gasduna) jaso eta liburuekin bildu ditu motxilan. Bihar grabazioa dugu eta azkeneko irakurketak egin behar. Nobedaderik bada deitzeko, gainontzean, bihar goizean Kur galerian, Juanmaren abaroan. Ez ahaztu zapatak txukun-txukun ekartzen, gogoratu dio Yolandak. Bizkar zabala ikusi dugu partitzen, motxila alde bakarretik heldua duela. Biharko saioko aurkezpenean zein irudi, zein hitz erabiliko dituen hausnarrean imajinatzen dugu esku batez adio egiten digula. A cascais. Pausaje luzez egin du kanporako bidea.

.

Sautrelako lantaldea

Beti arte, Hasier

Beti arte, Hasier

8 pentsamendu “Beti arte, Hasier”-ri buruz

  • hire gaixotasunaren berri izan arren, barrua mindu zaidak, Hasier.
    doluminak.

  • Hiltzen Hil 2017-03-29 16:34

    Bidai ona izan dezazula zoazen tokira eta agur bero bat

  • segi patxadaz

  • Zenbat iruzkin, zenbat istorio, zenbat opari. Zure hutsa sumatzen dut jada.

  • goian bego 🙁

  • anjeles iztueta 2017-03-29 23:45

    ze pena hasier!. Hau hutsunea!. 20 urterekin ezagutu zintudan…euskalzale, ausarta, ,,,berezia! aparta!..ze pena!!!

  • anjeles iztueta 2017-03-29 23:47

    agur hasier!, ze pena!, 20 urterekin ezagutu zintudan! euskalzalea! ausarta! berezia! aparta!
    eskerrik asko egin duzunagaitik!, betiarte!

  • nekane soraluze 2017-03-30 01:28

    aspaldiko ezagun, zure etxean gazte ginala makina bat ordu pasatakoak gara , euskal eta gainontzeko musika entzutnzen, zeu etxetik aldeta egon arren ikasketak egitera (valladolidera)?: Urteak pasa ondoren,herirko jaixetan ,txiki egunian inoiz ikusi garenian, beti goxo eta irripartsu hartu ninduzun, aski ezagun bihurtu zinenian ere. Nik ere bide-bidai on opa dizut Hasier. Hala izan daixela . Hemen gaudenok ahaleginak egingo dittugu ahalik eta goxoen joan zaitezan.Putz eta Putz izango gaituzu bide lagun.
    Zer Esan Felix eta Loliri…eta gainontzeko senideei.. Denbora existitzen ez dan eta amaitezina omen den unibertso horretan elkartuko garela? ba hala izan daixela, gusturasko hartuko dogu garagardotxo bat eta, ez al da?