Bertsolaritzaz musikari baten ikuspuntutik

ODM5

Inpresionatuta atzokoarekin. Belodromoan azken finalaurrekoa ta giro ezin hobea. Jende pilo bat -6.000 inguru esan dute. 

Bertsozale nahiko berria naizenez, ta gainera musikaria, ba egon dira ohiko bertsolaritza gaietaz aparte -denak oso ondo halere- bereziki jo nauten gauzak. 

Eta horien artean soinua ta ixiltasunaren kontrastea; eta ahots bakar batek nola betetzen zuen espazio guztia -ez nolanahikoa, handia zinez-. 

Soinua: bertsolarien ahotsak dira saioko funtsa. Bakoitzak berea du, baina denak oso ondo. Erabat kitzikagarria da zein zentraltasuna hartzen duen ahotsak horrelako saio batean. Ahots bakar bat, edo binaka ari direnean ere, beren anplifikazioaz noski, espazio guztia betez, dardarka jarriz belodromoko eraikuntza guztia. Ahots horren oihartzuna eraikuntzako zirrikitu guztietan. 

Ixiltasuna: ixiltasun hori, bertsolaria lanean hasi aurretik ematen dena. 6000 lagun ixiltasunean. Zaila litzateke beste ikuskizun edo arte mota batean horrelako zeozer sortzea. Ta ixiltasun horretan edozein zarata haundituta geratzen. Giro sonoro oso berezia, egia esan. 

Ahots bakartia: saioaren funtsa bertsolariaren ahotsa da. Paisai sonoro ugari entzun ditut belodromoan. Baina beste behin ere esango dut: bertsolarien ahotsa, horren anplifikazioa eta ondorengo oihartzuna, horrek utzi nau liluratuta. 

Edukinetan sartuta, Maialen Lujanbio. Aspaldi irakurri nuen liburu batean -Manuel de Lekuona, Euskal ahozko literatura- euskal poesia zaharrak (kopla zaharrak zehazki), asko jotzen zuela teknika fotografikora. Hau da, hitzen bitartez egoera bisualak planteatzen ziren. Begien poesia deitzen diot nik. Oteitzak asko azpimarratzen zuen hau, begien garrantzia, ikusten dugunaren garrantzia euskal lirika popularrean. Ta guzti horretaz oroitu naiz Maialen entzuten, izan ere holako planteamenduak erabiltzen dituela iruditu zait. Belodromoa zirkulua zela, ta bertsoa hortik zabaltzen zen kiribila edo espirala. Hori ulertu nion. 

Gero, doinuen aldetik erabat aberatsa izan da saioa, maila handikoa. Ahotsen aldetik Jon Maia eta Uxue Alberdi nabarmenduko nituzke. Jon Maiak oso ahots sakon eta poetikoa du, Uxuek bezela. Biek oso lirikoa eta sugerentea. 

Txapelketitisa pasatzean nik uste hori geratuko zaigula, bertsolaritza handitzen eta handitzen jarraitzeko aukera, bidea, inspirazioa, indarra.

Irudia | Bertsolariak 1960. urtean, Ermuan | Juan San Martin, Gure Gipuzkoa | Creative Commons By SA
ahotsa, belodromoa, bertsolari txapelketa, soinua

musika-poesia-bideoarteazura-n jotzen dut dj moduan dj ura aritzen naiz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude