Irlandako “beste” literatura hori


Klixéz gainezka daukagu burua; baita literaturaz hitz egiten dugunean ere. Esaterako, Irlanda aipatu eta zer datorkigu burura? James Joyce datorkigu, edo Oscar Wilde. Shaw eta Becketten izenak aipatzea ere ohiko kontua da. Baina jakina da, era berean, idazle ugari dagoela iritsi zaigun kanon ofizial horretatik aintzina. Flann O’Brien, Frank O’Connor, Edna O’Brien…

Guretzat beharbada izen ezezagunak dira; kanon ofizialetik kanpo daudelako, edo beste zenbaitzuren lana soilik iritsi zaigulako.
Irlandako literaturaz ariko gara aste honetan Sautrelako erreportajean, Igandean 15’15ak inguruan, ETB1eko pantalan. Irlandan zein izen nabarmen daitezkeen ikusiko dugu. Eta horretarako, irlandar euskaldun bat eta euskal irlandartu batengana jo dugu: Barry Manley eta Paddy Rekaldek erakutsiko digute Irlandako literatura zertan den.
Bestalde, aspaldiko asteetan Sautrelan ohikoa ez den zerbait izango dugu: bere lehen liburua argitaratu duen idazle berria. Des-egiten poema liburua idatzi du Ione Gorostarzuk. Eta amaitzeko, astero lez, irakurketa hautatua Arantxa Iturberen eskutik eta ahotik etorriko zaigu.