Begiz Begi taldea izan da Banden Lehiako 7. edizioko irabazlea

Ostiralean ospatu genuen euskarazko musika eta talde berriak sustatzen dituen Banden Lehia txapelketaren 7. edizioaren finala. Ostiralean ospatu genuen euskarazko musika eta talde berriak sustatzen dituen Banden Lehia txapelketaren 7. edizioaren finala. Ozhen, Begiz begi, Desore eta Yoko Out izan ziren talde finalistak eta Begiz Begi taldeak irabazi zuen, publikoaren eta epaimahaikideen botoei esker.

Lehiaketa

Banden Lehiak euskarazko rock musika era berritzailean sustatzea du helburu. Egitasmoak euskara, musika eta teknologia biltzen ditu.

Horrela, lehenengo fase batean taldeek internet bidez izena ematen dute lehiaketaren webgunean eta publikoak euren gogokoenak direnak bozkatzen du. Boto hauen arabera talde bat sailkatzen da; beste hiru talde finalistak epaimahai profesionalak aukeratzen ditu.

Aurtengo finalistak hauek izan dira: Ozhen, bermeotarrak; Baionatik heldutako Begiz begi taldea, aurten gainera lehenengoz izaten dugula iparraldeko talde bat finalean; Desore, Igorretik; eta Yoko Out Durangotik. Beraz, hiru talde bizkaitar eta iparraldeko bat.

Sailkatu izan diren lau talde horiek zuzeneko emanaldia eskaintzen dute publiko eta epaimahaiaren aurrean eta euren trebezia erakutsi behar dute batzuen eta besteen botoak eskuratzeko.

Bozkatzeko sistema ere teknologiari estuki lotuta dago eta aurtengo edizioan berrikuntza nabarmena ezarri dugu, finaleko bozketa Twitter bidez bideratu dugu eta.

 

Ekitaldia

Begiz Begi taldea izan da Banden Lehiako 7. edizioko irabazlea

Bilborocken ospatutako ekitaldian lau talde finalistak aritu ziren lehian oholtza gainean. Oihan Vega esatariak aurkeztutako ekitaldia izan zen eta lau musika banda finalisten kontzertuez gain, Urtz taldearen kontzertua izan genuen.

Giro aparta izan genuen gau osoan zehar eta lau talde finalisten arteko giroa oso ona izan zen baita ere, batzuen artean laguntasuna jaio da eta ekitaldia bukatu ondoren ere jaia jarraitu zuten elkarrekin.

Bermeotar Ozhen taldea izan zen lehenengoa, ekitaldia hasi baino lehen egin genuen jotzeko hurrenkera ezarriko zuen zozketan erabaki bezala. Yoko Outek jo zuen bigarren eta ondoren Desorek; eta talde finalisten emanaldiak Begiz Begik itxi zituen.

Bilborock beteta egon zen gau osoan zehar, bai finaleko kontzertuak jarraitzeko hurbildu ziren jarraitzaile eta musika zale eta baita Urtzen kontzertua ikustera etorri zirenak ere.
Urtzek kontzertu zoragarria eskaini zuen eta hasieratik publikoa bereganatu zuen betiko kantekin. Oholtza gainean zeudenek kantatu eta jo zuten, baina publikoak etengabe kantatu zituen abestiak ere.

 

Botoak

Hasieratik botoen zenbaketa sutsua izan zen. Edizio honetan publikoaren bozketa sisteman berrikuntza ezarri dugu eta Twitter erabili dugu. Taldeek txio kopuru bat argitaratu behar zuten eta publikoak txio horiek birtxiokatzen eman zien botoa. Erabiltzaile bakoitzak behin baino ezin zuen txio bakoitza birtxiokatu.

Guztira ia 5.500 txio bidali ziren gauan zehar, ekitaldia irauten zuen bitartean.

Publikoaren botoek erabakiaren %40a suposatzen zuen; epaimahaiaren erabakiak beste %60a. Eta lan handia izan du epaimahaiak edizio honetan, lau taldeak maila haindikoak bai ziren. Aurtengo epaimahaia kide hauek osatu dute: Baga Biga musika ideiak diskoetxeko Ritxi Aizpurua; Last Toureko Aritz Gonzalez; Leire Palacios musika kazetaria; eta Zuriñe Hidalgo, Hesian taldeko musikaria eta aurkezlea.

Publikoaren botoei esker Ozhen taldeak lortu zituen birtxio kopuru gehien, 2.224 birtxioketarekin. Desore taldea atzetik 1.784rekin; eta ondoren Yoko Out, 985 birtxio izan zituen eta 420 Begiz begik.

Epaimahaiak, bestalde, aho batez erabaki zuen Begiz Begik lehen postuan egon behar zuela.

Eta horrela, boto guztien %63 pasatarekin, Begiz begi taldea suertatu zen irabazle. Ondoren, Ozhen taldea, %16,43a eta Desore hurbil, %13,18rekin; Yoko Outek %7,28ª lortu zuen.

Beraz, Begiz begi atera zen Banden Lehiako 7. Edizioko irabazle eta datorren urtean iparraldetik etorriko zaigu uzta, disko formatoan.

Sariak

Lau taldek Banden Lehiako antolatzaileok ekoizten dugun lehiaketako disko bildumaren zenbait ale jaso zituzten.

Eta Baionako Begiz begi talde irabazleak aparteko sariak eskuratu ditu honetaz gain. Banden Lehiari esker 2016ko Bilbao BBKLive eta Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdietan joko du; eta Baga Biga musika ideiak diskoetxearekin disko bat ekoiztuko du. Lan berri hau datorren urteko udazkenean aurkeztuko dugu.

Begiz Begi taldea izan da Banden Lehiako 7. edizioko irabazlea