Asteko zinema estreinaldien errepasoa

Asteko zinema estreinaldien errepasoa

Estreinaldiak: Apirilak 7

Asteko zinema estreinaldien errepasoa

Egilea: Maialen Goñi

 

I Am Not Your Negro

Torontoko jaialdian ikusleen saria eta dokumental onenaren Oskarra eskuratu ditu Raoul Peck zinegile haitiarraren dokumentalak. Afroamerikarren eskubide zibilen alde lan egin zuen James Baldwin idazle eta aktibistaren Remember This House amaitu gabeko eskuizkribuan oinarrituta dago, eta Martin Luther King, Malcom X eta Medgar Evers liderren zuzeneko testigantzak, bizipenak eta heriotzak kontatuko ditu, AEBtako arrazakeriaren gatazkari ikuspegi berri bat emateko.

.

Your Name

Japoniatik, ostera, Makoto Shinkai zuzendari eta ekoizlearen animaziozko film erromantikoa helduko zaigu. Japoniaren historiako laugarren film ikusiena bilakatu zen iaz, eta Taki eta Mitsuha gazteen istorioa kontatuko digu. Lehena Tokion bizi den unibertsitateko ikaslea da; ikasketak eta lana uztartzen ditu, eta lasaitasuna du amets. Mitsuha, ostera, herri txiki batean bizi da, eta hirigunera bizitzera joatea gustatuko litzaioke. Gau izartsu batean, haiek jakin gabe, gorputzak trukatuko dituzte, eta bizimodu berrira ohitu beharko dute. Irudi ikusgarri eta landuek animazioa gustuko duten ikusleak txundituko ditu.

.

Toivon tuolla puolen (El otro lado de la esperanza)

Aki Kaurismäki zinegile finlandiarrak Berlingo zinema jaialdian zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi berri du komedia eta drama uztartzen dituen gaurkotasun handiko filmarekin. Wikhström 50 urte inguruko gizona da; banandu egin da, eta bizimoduz aldatzeko, jatetxe berezi bat zabalduko du. Egun batean Khaled izeneko etorkin siriarra topatuko du garajean. Finlandian asiloa eskatu du, eta berak bezala Siriatik Europara ihes egin duen ahizpa aurkitu nahiko du. Bi gizonen artean harreman berezia sortuko da, baita egoera surrealista eta xelebre ugari ere, zinegilearen filmetan ohikoa den bezala.

.

Igelen Erresuma

Zineuskadiren bidez, ostera, etxeko txikienentzako proposamen interesgarria estreinatuko dute zinemetan: Igelen Erresuma animaziozko filma. Nelson Shin eta Melanie Simkak zuzendu dute igelen erreinuko Olinpiar Jokoetan, Igelinpiadetan, girotutako lana. Igel Erreginak probak irabazi nahiko ditu irabazlearekin ezkondu behar ez izateko, eta Freddie lagunarekin entrenatzen hasiko da. Baina suge gaizto batek Igelinpiadak baliatuko ditu igelak akabatzeko, eta Erreginak hari aurre egingo dio. Filma Bilboko Multicines zinemetan, Amorebieta-Etxanoko zinema aretoan, Getxoko zineman, Portugaleteko Dock zinemetan, Errenteriako Niessen zinemetan eta Donostiako Antiguo Berrin izango da ikusgai asteburuan.

.

Últimos días en La Habana

Fernando Pérez zinegilearen film berriko protagonistak antzeztu dituzte Jorge Martínez eta Patricio Wood aktoreek. Lehena Miguel izango da, New Yorkera ihes egitearekin amets egiten duen gizonezko kubatarra. Woodek, ordea, HIES  gaitza du, eta ohean igaroko ditu egunak, bizirautea helburu. Pertsonaia interesgarri multzo batek hartuko du parte bi gizonen egunerokoan, eta espero gabeko bisa helduko denean, erabaki bat hartu beharko dute.

.

Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!

Asteko zinema estreinaldien errepasoa

Euskal pantailaren gunea