Artzainik gabeko ardiak bezala

cc-by:horrapics
cc-by:horrapics

Jesusek bere ebanjelioa hots egitera bidali dituen ikasleak gogobero itzuli dira. Presa bizia dute egin eta irakatsi dutenaren berri beren Maisuari emateko. Ematen du, Jesusek patxadan entzun nahi diela, eta « leku baketsu batera joatera gonbidatu ditu berak bakarrik, apur bat atsedetera».

Jendeak, ordea, hankaz gora jarri ditu haien asmoak. Herrixka guztietatik jo du jendeak haien bila. Ezin dute egin bilera baketsu hura, Jesusek bere ikasle hurbilekoenekin egin nahi zuen hura. Izan ere, ikasleak iritsi baino lehen, jendetzak hartua du leku hura guztia. Zer egingo du orduan Jesusek?

Xeheki deskribatu du ebanjelariak Jesusen jarrera. Jesusentzat jendea ez da sekula neke. Arretaz erreparatu dio jendetzari. Badaki, izan ere, Jesusek erreparatzen, ez soilik lagun jakin eta hurbilekoei, baita jendetzari ere, ahotsik, aurpegirik eta inportantzia berezirik ez duten gizon-emakumeek moldaturiko jendetzari ere. Berehala harrapatu du Jesusen bihotza errukiak. Ezin izan du saihestu. «Erruki izan zituen». Bihotz barnean ditu guztiak.

Ez ditu bazter utziko sekula. «Artzainik gabeko ardiak bezala» ikusi ditu: bidean gidatuko dituen gidaririk gabeko jendea, Jainkoaren ahotsa entzutera emango dion profetarik gabeko jendea. Hargatik, «haiei patxadaz irakasteari ekin zion», bere denbora eta arreta eskainiz, bere Hitz sendatzailea janaritzat emateko.

Egunen batean aztertu beharra izango dugu Jesusen, geure Jaun bakar horren aurrean, nola ari garen begiratzen jendetza horri, nolako tratua ematen diogun Elizatik pixkana ihesi doakigun jendetza horri, hain zuzen eta agian, gure artean Jesusen Ebanjelioa entzuteko aukerarik ez duelako, gure hitzaldiek, agiriek eta agerpenek ezer gutxi adierazten diotelako.

Jende xumea eta ona: huts egiten ari gatzaizkio gugan Jesusen errukirik ikusten ez duelako. Jende fededuna: ez daki ez zeinengana jo ez zein bide hartu, gure artean sumatzen dutena baino Jainko gizatarrago batekin topo egin ahal izateko. Kristauak: isilik gelditu dira, ondo dakitelako beren hitza ez duela kontuan hartuko Elizan «nor» den inork.

Egunen batean aldatuko da, ordea, Eliza honen aurpegiera. Ikasiko du erruki handiagoz jokatzen; alde batera utziko ditu bere jardunak eta jendearen sufrimena entzuten hasiko da. Jesusek ahalmena du gure bihotza eraldatzeko eta gure elkarteak eraberritzeko.

Jose Antonio Pagola

BERRI ONAK Sare Ebanjelizatzailea
Izan gogoan artzainik gabe bizi direnak. Bidali hau

2009ko uztailaren 19a
Urteko 16. Igandea (B)
Markos 6,30-34

Aita nuen Pagola; ama, berriz, Elorza. Nere izena, Jose Antonio. Añorgatarra naiz sortzez. Nazareteko Jesusen Berri Onaren muina eskeini nahi dut astean behin. Hau katalanez, gazteleraz, frantsesez, ingelesez, italieraz eta portugesez zabaltzen da munduko plazara. Zuk zeuk har dezakezu orain euskaraz.