Ahotsenea, sortzaileen gunea

AHOTSENEA, egungo Azoka aterpetzen duen Landako eraikinaren alboan finkatuko da. Bi espazio izango ditu: bata musikarentzat eta bestea literaturarentzat.

Programazioa bi kazetariek, koordinatzaileak eta produkzio arduradunek diseinatu dute idazle, musikari, editore eta disketxe zein argitaratzaileen adostasun eta oneritziarekin.

Durangoko Azokara bertara etorriko diren sortzaileekin izango ditugun elkarrizketa, mahai-inguru, solasaldi eta zuzeneko musika emanaldiek osatuko dute programazioa, baina batez ere, literaturazale/musikazale/ ikusle/entzuleen parte hartzea bermatuko da.

Patxadaz eta zuzenean

Elkarrizketak luzeak, irakurriaren gainean eta zuzenean irakurriz, patxadatsuak eta nahikoa zuzenak edo barrukoiak izango dira, datozkeenei normalean ematen ez zaien horixe emateko; sortzailearekin harreman beroa, bizia, galderak egiteko aukera eta guzti. Zein giro sortu nahi dugun eta, berba bat datorkigu gogora: mendebaldean sasoi onari, epelari, gozoari esateko erabiltzen dana: aroa.

Gainera aurten, bertan gertatzen den guztia zuzenean aditzeko aukera landuko dute, Interneten bidez Euskal Herri osora zein mundura hedatuko da. Egun horietan Azokara hurbiltzeko aukera ez dutenek eta Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunek Ahotseneak zabalik dirauen artean euskal sortzaileon jardunaren berri izateko aukera izango dute.

AHOTSENEA ekimen independente, profesional eta autonomoa da. Eta euskalduna, jakina. Gerediaga elkartearen babesa jaso du.

Ahotsenearen aurkezpena, Bilboko Kafe Antzokian

Partehartzailleen zerrenda: luze eta anitza

Antzerkia, musika, literatura…sortzaileen gunera partehartzaile mota ezberdinak hurbilduko dira, ta haien lana gertu-gertutik ezagutzeko aukera egongo da. Partehartzaileak: Karmele Igartua, Igor Estankona, Pirritx eta Porrotx, Yolanda Arrieta, Aitziber Alonso, Leire Urbeltz, Iker Goenaga, Karmele Jaio, Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutia, Bide Ertzean, Unai Elorriaga, Kemen Lertxundi, Juan Kruz Igerabide, Fermin Etxegoien, Iñaki Friera, Edorta Jimenez, Mikel Urdangarin, Juanra Madariaga, Rafa Rueda, Gose, Xabier Amuriza, Siroka, Zein da Zein?, ETXE, Iñaki Plaza eta Ion Garmendia, SKT, Juan Ramon Makuso, Anger, Esne Beltza, Euskal Poesia erotikoaren antologia, Ken Zazpi, Uxue Alberdi, Berri Txarrak, Oier Guillan, Josu Bergara, Xabi San Sebastian , bIDEhUTS diskak, Ortots diskak, Xabi Borda, Mamba Beat, Piztiak.

Irudia | Ahotsenearen aurkezpena, Bilboko Kafe Antzokian | Txelu Angoitia | LGPL

Ahotsenea, sortzaileen gunea