20 urte Hitzetik Hortzera

090527_Hitzetik_Hortzera

Bilboko Kafe Antzokian ospatu zuen Hitzetik Hortzerak 20. urteurrena, eta han elkartu ziren urte hauetan guztietan programa gauzatzea posible egin dutenak: bertsolariak, Hitzetik Hortzeran lanean aritu diren eta ari diren profesionalak, Bertsozale Elkartearen eta Euskal Telebistaren ordezkariak, eta Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako bertsozaleak; laurehunen bat lagun denera.

Hogei urteotan aurkezle izan direnek gidatu zuten jaialdia, eta kantuan adin nahiz mota askotariko bertsolariak aritu ziren. Hasieran, esate baterako, Joxe Agirre (Azpeitia, 1929) eta Arrate Illaro (Getxo 1989) oholtzaratu ziren ikusentzuleak agurtzera, baina ez ziren agurra egitearekin soilik konformatu, eta bertsoaldi polita osatu zuten bien artean.

Ikusi bertso saioa 360ºtan

Atzera begirako une gogoangarriak bizi izan ziren, eta halako egunetan mitiko bihurturiko goierritarren taldea bertatik bertara ikusteak irribarre eta algara ugari sorrarazi zituen. Aitor Furundarena soinuarekin lagun zutela taularatu ziren Ordiziako zortzi ferianteak beren produktuak saltzera.

Lege zaharrean- aulkiari buelta emanda eta batere mikrorik gabe- baina euren ahotik kantatuta txaloaldi beroak jaso zituzten Jone Uria eta Arrate Illaro algortarrek. Aktualitateak ere izan zuen lekua, noski, eta Onintza Enbeita etorkizuna igartzen aritu zen, bertsozaleen galderei erantzunez; udazkenean jokatu den Euskale Herriko txapel nagusia zein lurraldetara joango den iragarri zuen, besteak beste. Eta beste hainbat bertsoren artean Hitzetik Hortzeraren I. Txapelketako irabazleek sariak jaso zituzten, eta bertsotan erronka jo zioten elkarri.

[audioa title=”Jon Artano, HHko zuzendariari elkarrizketa.”]http://www.eitb.com/multimedia/audios/2009/05/22/106806/P42207_20090522_121405.mp3[/audioa]


Hori guztia eta gehiago ikusteko aukera daukazue aste honetan, Hitzetik Hortzeran.

bertsoak, Bilbo, Hitzetik Hotzera, Kafe Antzokia
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude