“Kanpora zoazenean ohartzen zara mila bide eta modu daudela bizitzeko eta sentitzeko“

Argazkia: Gerediaga elkartea
Argazkia: Gerediaga elkartea

Gora begira ez omen dago mugarik, halaxe dio zure interneteko atariak.
Eskalatzeko bide baten izena da hori. Beti izan dut gustuko esaldiak berak sortzen didan sentsazioa. Aurrera begira mugarik ez dagoela esan nahi du. Edonoren ametsen bidean, benetan zerbait lortu nahi baduzu, ez dago mugarik. Bizi izan dudan esperientziak hori irakatsi dit behintzat.

…eta Liburu eta Disko Azokak badu mugarik?
Urtero ikusi ahal dugun bezala, argi dago ez duela mugarik. Euskal Liburu eta Disko Azokak urtero ekartzen dizkigu gauza berriak. Urtero dugu berrikuntza horiek gozatzeko aukera, eta hor ikusten da ez dagoela mugarik. Mugak topa ditzakegu, bilatzen hasiz gero, baina euskal kultura ez dago horretarako.

Eskalatzaile profesional batek zenbat denbora eskaintzen dizkio literatura eta musikari?
Nire kasuan, behintzat, musikari literaturari baino denbora gehiago. Niretzako musika sentimendua adierazteko bide bat da, eta izugarri laguntzen dit. Batzuetan hard rocka, bestetan bakarlariak, Mikel Laboa edo Benito Lertxundi… Denek adierazten didate zer edo zer, eta denei esker adierazten dut nik ere.

Kranj, Paris, Sevilla, Txina, Japon… zenbat herrialdetako kulturak zeharkatu dituzu sokatik zintzilik?
Dezente, egia esan behar badut. Hori da bizitza honetan gehien gustatzen zaidan gauzetako bat: mundua ezagutu ahal izatea, mundua bizitzeko modu ezberdinak… Askotan pentsatzen dugu guk bizi duguna dela bizitzeko modu bakarra, eta kanpora zoazenean ohartzen zara mila bide eta mila modu daudela bizitzeko eta sentitzeko. Niretzako hori oso aberasgarria izan da.

Zerk bultzatzen du Irati Anda Landakoko pareta artera?
Aurten, Berri Txarrak taldearen azkeneko diskoak. Beraien letrak, musikak eta sorkuntzak bizirik sentiarazten nau. Eta, tira,  azken diskoa atera dutenez, aitzakia ederra daukat bertaratzeko.

Zein da egun horietan sortzen diren paisaiatik gehien liluratzen zaituena?
Atxarteko paretak dira gehien atsegin ditudan paisaiak Durangaldean. Egun horietako paisaian ere bai (barrez). Aitortu behar dut ez naizela gehiegi ibili, baina gaztetan bertan hasi nintzen eskalatzen; bertan ezagutu nuen eskalada eta asko disfrutatu dut. Aspaldi honetan bertako paisaia eta lasaitasuna berreskuratzen hasi naiz.

Hala ere, Azokak berak izango ditu koska batzuk oraindik gailurrera iristeko…
Seguru aski, bai, eta oso positiboa da hori. Azkenean, igotzeko koskarik ez badago, zeure horretan gera zaitezke. Emoziorik gabe. Nik uste dut positiboa dela urterik urte koska berriak aurreikusi eta ezartzea. Aurrera egiteko grina elikatu eta gogo bizia mantentzea oso garrantzitsua da.

Topatuko al zaitugu standen batean?
Aurten agian ez, baina iaz bertan izan nintzen, Bideografiken izenean Mallorcan egindako bideo dokumentala aurkezten. Egun ere baditut proiektutxo batzuk buruan. Pixkanaka aurrera atera nahi nituzke… eta nork daki! urteren batean berriro ere bertan izango naiz akaso, standen batean lanean.

44 SEGUNDOTAN

Poltsan eramateko liburu bat.
’El guerrero pacífico’, Dann Millman.
Kotxean entzun duzun azken diskoa.
Berri Txarrak-en ‘Payola’.
Zapaltzeko gailur bat.
Kirol Zientzien goi mailako ikasketak bukatzea: eskalada luzea
Garaikur bereziena.
– Euskal Herriko Txapela, 2007an.
Beti oroituko duzun momentua.
Lehenengo muxua… kar kar kar
Amets bat.
Mafaldarekin bazkaltzea.

Durangaldeari buruz gehiago jakiteko: www.anboto.org

44. Euskal Liburu eta Disko Azoka, Gerediaga elkartea, Irati Anda

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetari legez dihardut Durangaldeko ANBOTO astekarian. Musika dut afizio eta bizio; blues-rocka, batez ere. Hortik aurrerakoak, nikneuk zuzeuri aurrez aurre esatekoak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude