Miren Amuriza: “Galtzeko ez dugu ezer, eta irabazteko, aldiz, asko”

Argazkia: Galder Izagirre
Argazkia: Galder Izagirre

Bertsolari legez ezagutzen zaitugu gehienok Euskal Herrian, baina, nolakoa da Miren Amuriza?
Nire adineko edozein gazteren antzekoa naizela esango nuke; parrandazalea, ikaslea… Bizitzari ilusio handiz begiratzen diona.

Eskolartekoan urte batzuetako esperientzia baduzu, eta lehen aldia da Txapelketa Nagusian parte hartzen duzuna. Badirudi, gazteok goia jotzeko prest zatoztela.
Txapelketa Nagusian kantatu ahal izatea aukera itzela da guretzat, galtzeko ez baitaukagu ezer eta irabazteko, berriz, asko. Lehenengoz parte hartu dugun guztioi nabaritu zaigu lasaitasun hori, eta saioetan izandako emaitzek argi erakutsi dute, gainera.

Durangaldeak, txapelketako pankarta eta animoez gain,  zer ematen dio 19 urteko neska gazte bati?
Gasteizen bizi naizenetik Durangaldea faltan botatzen dudala konturatu izan naiz sarritan. Eta ni bezalako bati zer eskaintzen dion?  Anboto, Durangoko Azoka bera, herri txikietako jaiak… Bizitasun handia dauka gure inguruak.

Zuk ere hurbiletik bizi dituzu abenduko Azoka egunak…
Umetan ia urte osoa pasatzen genuen Azoka noiz etorriko zain; desiatzen egoten ginen bertara joan, musikari eta idazleak ikusi, edo zerbait erosteko. Gainera, Azoka zuzenean lotzen genuen Olentzerorekin, eta horrek halako magia berezi bat ematen zion. Gaur egun, oso ezberdin ikusten ditut kontuak, baina, hala ere ilusioz egoten naiz Azokari begira. Gero igarri orduko bukatzen zaigu, baina…

Egunerokoan, nola entzuten duzu musika, mp3-an ala CD-an?
Eta kasetteak zer? Nik, behintzat, etxean kutxa bat bete-beterik daukat, eta sarritan entzuten ditut. Autoan noanean ere, beti behar izaten dut musika –suabe-suabe jarrita egon arren–, beraz, guantera ere CD-z gainezka daukat beti.

Eta liburua zein egunkaria, paperean ala digitalean?
Paperean, dudarik gabe.

Baduzu Azokan bertan erositako liburu edo disko kuttunik?
Makina bat liburu eta disko erosi ditut Azokan, eta ez nuke jakingo bakarra aukeratzen. Adinaren arabera, gustuak ere aldatuz doazkit, eta lehen Euskaraokea-ren kasettea edo Harry Potterren liburuak erosten nituen bezain gogotsu erosiko ditut aurten poema libururen batzuk edo bakarlariren baten diskoa.

Baina bertsotan aritzeaz gain, Miren Amurizak zer proiektu ditu eskuartean?
Azken boladan Txapelketan murgilduta ibili naiz, eta, egia esan, ez dut asti handirik izan beste ezertan pentsatzeko. Beraz, esku artean, oraingoz, proiektu berririk ez dut. Baina buruan… Erdiak beteko banitu pozik!

Durangoko Azokan lan berri bat sinatzen aurkituko al zaitugu inoiz?
Batek daki! Ilusio handia egingo lidake, baina, aurtengoz behintzat, gustura egongo naiz ilaran liburu edo diskaren bat sinatu diezadaten.

44.SEGUNDOTAN

Zer eskainiko zenioke?
Mosu handi-handi bat.
Nori eskainiko zenioke?
Aurten Txapelketako saioetara beste zereginik barik ni entzutera etorri diren ezagun eta lagun guztiei.
Noiz eskainiko zenioke?
Mikrofonoaren aurrean jarri eta bertan daudela ikusten dudan bakoitzean.
Non eskainiko zenioke?
BEC-en, agian? Ez; aurtengoz konforme nago Anbotoko orri hauetan aipamentxo bat eginda ere.
Zertarako eskainiko zenioke?
Niri, behintzat, indar handia ematen dit ingurukoen babesak, eta errekonozimendu hori merezi dutela uste dut.
Zergatik eskainiko zenioke?
Eskerrak behar baino gutxiagotan ematen ditugulako.

Durangaldeari buruz gehiago jakiteko: www.anboto.org

44. Euskal Liburu eta Disko Azoka, Miren Amuriza

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetari legez dihardut Durangaldeko ANBOTO astekarian. Musika dut afizio eta bizio; blues-rocka, batez ere. Hortik aurrerakoak, nikneuk zuzeuri aurrez aurre esatekoak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude